Tolosa Goierri
Hainbat ekitaldi antolatu dituzte Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko egunaren baitanOstiralean ipuin kontaketa, ihes-gela eta antzezlana egingo dituzte, eta asteartean horma-irudi bat
Amaia Núñez
IKAZTEGIETA.
Asteartea, 18 azaroa 2025, 20:08
Emakumeen Aurkako Indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna izango da datorren asteartean, azaroaren 25ean eta, horren inguruan, hainbat ekitaldi antolatu ditu Udalak, herriko eragileekin elkarlanean. Gehienak ostiralean, hilaren 21ean, egingo dira, adin guztietako herritarrei zuzenduta.
Arratsaldeko 17:30ean, ipuin kontaketa eskainiko du Kontalari taldeak zazpi urtera bitarteko haurrentzat udal liburutegian. Ondoren, 'Berdintasunaren altxorraren bila' ihes-gela antolatuko da udal frontoian 18:00tan hasita 7 eta 12 urte bitarteko haurrentzat. Gaztetxoek hainbat erronka gainditu beharko dituzten, bidean berdintasuna eta errespetua zer diren ikasiko dute.
Iluntzeko 19:00etan, 'Cromlech' antzezlana aurkeztuko du Evaren Alabak taldeak erabilera anitzeko aretoan. Antzerkian familia bereko bi emakume belaunaldien arteko harremana taularatuko dute hiru emakume aktoreek. Aita hil ondoren, emaztea eta bi alabak berriro elkartzen dira, eta bilerak itxi gabeko hainbat gai agerian utziko ditu, familia sekretuak agertaraziz eta gaizki ulertuak, harridura eta errua eraginez.
Bestalde, datorren asteartean horma-irudi kolektiboa marraztuko da udaletxeko erabilera ani-tzeko gelan 15:00etatik aurrera Ikaztegietako Emakume taldeak antolatuta. Egitasmoa parte hartu nahi duten herritar guztientzako egongo da zuzendua eta irekia.
EPAK lantegia eraistea
Kiroldegiko eta EPAK lantegiaren eremuan hainbat lan egingo ditu Udalak datozen asteetan. Batetik zebrabide berriak egingo dira eta, bestetik, abandonatua dagoen lantegia eraitsi egingo da. Beraz, lanek irauten duten bitartean inguru horretan arretaz gidatzea eta ibiltzea eskatzen du Udalak.
Iaz erosi zuen Udalak EPAK enpresako lursaila eta eraisketa lanekin eremua ahalik eta garbien utziko dute. Horrekin batera, kiroldegiko biribilgunearen alde banatan zebrabide berriak egingo dira. Zebrabide goratuak eta argiztatuak izango dira.
Lan horiekin kiroldegiko berdegunerako irisgarritasuna bermatu nahi dute eta, aldi berean, ibilgailuen abiadura geldotzea. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin herrigunean ibilgailuen abiadura murrizteko proiektua lantzen ari dira.