Guztientzako festak Tolosaldean
Alkizan, Lizartzan eta Elduainen, besteak beste, Ama Birjinaren egunaren inguruan jai-giroan murgildu dira adin guztietarako ekitaldiekin
Uda amaitzear badago ere, herri batzuetan festetan murgilduta daude oraindik. Asteburuan Tolosaldeko hainbat herrietan izan dira jaiak, Andre Mariaren egunaren bueltan. Alkizan, Elduainen eta Lizartzan haur zein helduentzako nahi adina ekitaldi izan ziren eta, iraileko bigarren igandean gertatzen den bezala, batzuk ikuskizunaz gozatzen zuten bitartean, besteek Donostiako estropadak ikusteko aukerarik ez zuten galtzen tarteka-tarteka.
Alkizan, herriko haur eta gazteen arteko pelota txapelketako finalak jokatu ziren goiz guztian. Guraso eta lagunek harmailak bete zituzten herriko pelotari gaztetxoen partiduak ikusteko, eta gogoz txalotu zuten jokaldi bakoitza. Bitartean, plazan, artisau-tza azoka berezia antolatu zen lehen aldiz, bederatzi ekoizleen parte hartzearekin. Gehienak eskualdean ekoiztutako produktuak izan ziren, bai elikadura zein moda edota osagarrien aukera zabalarekin. Limoi Arroxak kosmetika naturala, Kimuri Haori eta Gyotakuak, Balerdipeko erleak eztia, propoleoa eta erlauntzatik ateratako bestelako produktuekin, Felix Munduan modako arropa, Sualma egurrezko jostailuak, Hazi eta Hezi eskuz egindako ehungintza-sorkuntza, Biak_bat pitxiak, Muri eta Paki pintura abstraktua eta Artesanías Bouchra marrokiar gozoak. Herritar eta bisitari ugari erakarri zituen azokak artisautza eskain-tza ikusi eta erosteko asmoz. Arratsaldean berriz, bertso-saioa izan zen Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Oihana Iguaran, Sebastian Lizaso, Nerea Ibarzabal eta Andoni Egaña bertsolariekin eta Amaia Agirre gai-jartzailearekin.
Dantza-soka Lizartzan
Lizartzan, berriz, Lizardi txistulari taldearen dianarekin hasi zuten eguna eta segidan, haurren arteko pelota partiduak jokatu ziren frontoian. Ondoren, usadioa jarraituz, dantza-soka eskaini zuten gazteek plazan, herriko txistularien laguntzarekin eta, jarraian, Otsolar dantza taldeko kideen emanaldia izan zen. Adin guztietako dantzariek parte hartu zuten ikuskizunean, haurretatik hasi eta helduetaraino. Dan-tza tradizional zein berritzaileagoak eskaini zituzten. Beroari aurre eginez, baina eguzkitik babestuta karpak eskaintzen zuen itzalpean, ikusleek gogoz txalotu herriko dantzari gazte zein helduen lana. Bazkalondoren, mus txapelketa antolatu zen eta hainbat bikote lehiatu ziren arratsalde guztian garaikurra eramateko. Gainera, haurrek ere nahi adina jolastu ahal izan zuten ohe-elastikoetan, aurpegia margotuz, eta, amaitzeko, apar-festa izan zuten, beroari aurre egiteko aproposa izan zena. Helduentzat, aldiz, bertso-saioa egin zen Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabal bertsolariekin eta Amaia Agirre gai-jartzailearekin.
Hamaiketakoa Elduainen
Elduainen, haurren eta gaztetxoen arteko pilota partiduak jokatu ziren frontoian goiz guztian zehar. Aldi berean, hamaiketako herrikoia eskaini zen plazan. Herritar zein bisitari asko elkartu ziren sardina eta txorizo erreak, pipar frijituak, sagardoa eta txakolina dastatzeko. Arratsaldean, berriz, haurrek ederki pasa zuten eurei zuzendutako ekitaldiekin. Orain-Bi Zirko-Teatro konpainiak 'Mute' zirko ikuskizuna eskaini zuten, ahozabalik utziz akrobaziak eta umorea uztartzen dituen ikuskizunarekin. Ondoren, bertaratutako guztientzako txokolate beroa banatu zen eta, jarraian, zetreria erakustaldia izan zen Basabere elkartearen eskutik. Arranoak, hontzak eta gabiraia, besteak beste, gertutik ikusi eta hegaztiez gehiago ezagutu ahal izan zuten.