«Gure lana egiten jarraitu nahi dugu»
«Gure lana egin nahi dugu. Beti egin duguna egiten uztea eskatzen dugu, besterik ez eta atzetik datoztenek ere aukera izan dutela», Iñaki Goenaga, ENBA sindikatuaren lehendakaria, larunbatean Larraizko langaren ondoan artzain eta ganaduzaleek egindako agerraldian izan zen eta bertan esandako gauzen artean, «guk nahi duguna da Aralar orain dagoen ekosistema mantentzea eta beste alde batetik ikusten dena da ganadu eta larren murrizketa bat nahi dutela, beste ikuspuntu batzuk bultzatuz, basoa eta beste eremu batzuk sortu nahi dituztelako».
Goenagak ganaduzale eta artzainek Enirio-Aralar mankomunitatearekin euren harreman eteten zutela iragarri eta gero esan zuen «oso ikuspuntu desberdinak ditugu. Dena den ikusten duguna da gure arrazaoiak azaltzen ditugunean inork ez digu esaten ez ezetz, ez baietz, baina gero ez dira kontuan hartzen gure proposamenak eta betiko lekura bueltatzen gara. Pentsatzen dugu alferrik ari garela hizketan horretarako».
Adibide modura duela gutxi gertatutakoa gogoratu zuen Goeneak «ordenantzak berriztatu behar ditugu, beharra ikusten zuelako mankomunitateak eta guk zalantzak izan arren, baietz edan genuen. XXI. mendean lanean segitu behar genuelako eta ordenantza horiek eguneratu, baina mahai gainean ordenantza aldaketa horrek murrizketa batzuk ekarri ditu. Aldaketak eta murrizketak legitimoak izan daitezke eta hitz eginbeharrekoak, baina formak ez dira izaten egokiak ordenantza horiek aldatzeko unean».
Euren helburu nagusietakoa «abeltzantza orain egiten dugun bezala egiten jarraitu nahi dugu. Alde batetik ikusten dugu gainkarga akusazio hori erabili izan da, guk ikusten dugu udazkenean ganadua ekartzen dugula eta praktikotasunean gainkarga hori ez da existitzen. Horren inguruan hitz egin behar da, baina ez bihurtu losa bat. Beste alde batetik ikusten dugu, mendia zikintzen ari dela gune batzutan, egin dira garbiketa batzuk baina orain, pandemia dela eta diru gutxiago dagoeal, iaz ez zen ezer egin eta aurrera begira ere egiteko gogoa baino gehiago mugak ikusten ditugu, atzerapausoak ».
Harreman etenda
Gauzak horrela, EHNEk, ENBAk eta Aralarko baserritarren elkarteko lagun ugarik bat egin zuten larunbatean Larraizko langaren ondoan euren egoera eta kexak azaltzeko. Josu Oiartzabalek, Aralarko baserritar elkarteko lehendakariak, denen izenean aldarrikatu zuen «Aralarko naturgunea gure abereekin kudeatu eta zaintzen dugun abeltzainentzat errespetua eta zor zaigun begirunea».
Oiartzabalek Aralarko mendian lana egiten duten 134 abeltzainetatik 109 sinadurek jaso zituen dokumentua irakurri zuen. Honek jasotzen duenaren arabera, «Aralarko mendia bizitzen dugun baserritarrok mendia zaintzen dugu gure aziendaren bitartez baina ezin uka ere, mendiak gure azienda zaintzen duela, beharrezko dugun elikadura, sanidadea eta arnasa emanaz. Alde guztiek irabazten duten estrategia bateratuan hartzen dugu parte, bai mendiak berak bai abeltzainok baina baita ere, gure azienda bitartez zaindutako mendiaz gozatzen duten herritar guztiek. Gizarte osoak jasotzen du gure lanaren onura eta geuk, beste behin, herri mendietako ondarea kudeatu eta zaintzeko konpromezuari irmo eusten diogu», esan zuen
«Mendia zaintzeko eta kudeatzeko, baserritarrok baldintza duinak behar ditugu bai larretokietan bai txabola eta bordetan. Aziendaren manejua eta lan sistemak aldatzen doaz eta honek etengabeko hobekuntza eskatzen du lanerako baldintzetan eta, hobetu eta bultzatu beharreko azpiegituren artean, ezin ditugu alboan utzi, txaboletara heltzeko bideak».
«Interlokuzio leiala eta errespetuzkoa aldarrikatzen dugu eta honenbestez, mendia zaindu eta kudeatzen dugunontzat interlokuzio zuzena, gardena eta erabakiorra eskatzen dugu».
Azken urteotan Enirio-Aralar Mankomunitateko arduradun eta abeltzainon arteko interlokuzioa asko zaildu da, etengabeko gorabeherekin eta norabide partekaturik gabea. Enirio-Aralar Mankomunitatean gehiengoa duten udaletxeek ildo politikoa bera dute. «EHBildu, eta beren hitzetatik haratago, beren ekintzei begiratuz gero, argi eta garbi geratzen zaigu, abeltzainok ez gaudela beren estrategiako lehentasunen artean, soberan gaudela, oztopoan ez denean, eta hori begibistakoa da, behin eta berriro, izen eta titulu ezberdinekin aurkezten zaizkigun programa eta egitarauetan. 20 urte atzera egin dugu kudeaketa moduetan eta horren erantzule diren pertsonak, baztertu partez, indartu egin dituzte alderdi barruan».
«Abeltzainok oso kezkatuta gaude EH Bilduko udaletxek eta alderdiak berak orain arte ezagutu dugun Aralarko kudeaketa zalantzan jartzen duela ikustean, mendia eta ingurumena zaindu eta kudeatzeko helburuan, ganadua eta baserritarrak tresna baliogarriak izatetik, jasan beharreko elementuak izatera pasatu bait gara eta hartzen diren neurriak abeltzaintza estentsiboa egiten dugunoi bizkarra emanda egiten direnez».