Gazta sarituak Berastegin
Jose Ignazio Ugartemendiak fabrika batean 19 urte lan egin ondoren gaztaren aldeko apustua egin zuen
YARZA
BERASTEGI.
Asteazkena, 28 abuztua 2019, 00:51
Gaztetatik izan nahi zuen artzain Jose Ignazio Ugartemendiak eta aurten sei urte beteko ditu gazta egiten hasi zela Gazpio izenarekin. Fabrika batean hemeretzi urtez lan egin ondoren, «artegiko jabea jubilatu egin zen eta hutsik geratu zen. Berarekin hitz egin eta bertan hasi nintzen ardiekin», gogoratzen du. Hala ere, oraindik ia bi urtez egon zen fabrikan eta artegian batera lanean, gaztaren aldeko apustua egin zuen arte.
Etxean betidanik ezagutu izan ditu ardiak. «Aitona Agedo Ugartemendiak ardiak zituen eta berarekin mendira joaten nintzen ume nintzela, eta etxean amari ikusia nion gazta egiten, modu zaharrean, baina ez nuen inoiz egin», dio, eta artegia erosi eta gaztandegia jarri zuenean, Andres Etxeberria artegiko jabeak erakutsi zion gazta egiten. «Gero, urtero egiten ditugu ikastaroak», azaltzen du.
Gaur egun 300 ardi inguru ditu eta 4.800 kilo gazta inguru egiten ditu urtero. «Ia gazta guztiak salduta dauzkat. Hala ere, batzuek ahalik eta lasterren saldu behar direla dioten arren, niri hurrengo denboraldia hasi arte irautea gustatzen zait, betiko bezeroei falta ez izateko», dio. Arkumeak otsailean jaio eta lehenengo gaztak otsailetik aurrera izaten ditu Ugartemendiak. Eta oraindik ere, ardiak jezten aritu da abuztura arte. «Ardiek esnea zuten eta luzatu egin dut, egunean behin jezten diet», azaltzen du. Hemendik aurrera ardiak lasai egongo dira, azaroan berriro arkumeak jaiotzen hasten diren arte.
Aurten bero handiko egunak artegian igaro dituzte Gazpioko ardiek eta arkumeek, «aspaldian neukan buruan hori egitea, eta ELE elkartekoekin hitz eginez esan zidaten Gomiztegin urte batzuk badirela hori egiten dutela eta hobeto egoten direla ardiak. Ateak irekita, nahi adina janari eta ura daukate eta ez dira pilatzen. Mendian orain 'lehorrak' dauzkagu bakarrik, jezten ez ditugunak».
«Esnea orain saldu egiten dut zentralera. Nahi izanez gero gazta egin nezakeen, baina gehiegi izango lirateke», dio. Idiazabal gazta egiten du Jose Ignazio Ugartemendiak, ondua zein ketua. «Ketua egiteko 60 egun eduki behar dugu gazta ontzen».
Azoketan
Urte gutxi daramatzan arren, hasieratik egin zuen lehiaketen aldeko apustua, eta lehenengo urtetik bertatik jaso zituen aipamenak eta sariak. «World Cheese munduko gazta txapelketara aurkeztu ginen lehenengo urtean Donostian egin zen eta bi urrezko domina eta zilarra lortu genituen, eta hurrengo urteetan ere dominak jaso ditugu. Aurten Italian egingo da, Bergamon.
Eibarren ere San Andresen egiten den lehiaketan irabazi genuen, Espainiako Osasun Ministerioak antolatutako lehiaketan hirugarren gazta onenaren saria eman ziguten, eta Berastegin egiten den txapelketan ere azken bi urtetan irabazi dugu», dio.
Lehiaketez gain, azoketara joatea ere gustuko du Jose Ignaziok. «Dendetan saltzeaz gain garrantzitsua da. Bezeroak ezagutzen dituzu eta zu ere ezagutzen zaituzte», azpimarratzen du.