Tolosaldea
Gau beltza ospatuko dute ostiral honetan TolosaldeanUrtetik urtera gehiago dira Arimen Egunerako egitarau berezia antolatzen duten herriak
Azken urteen antzera, Santu Guztien egunaren bezperan Gau Beltza edo Arimen eguna ospatuko dute eskualdeko hainbat herritan. Haur zein helduentzako ekitaldiak egongo dira ostiralean, beldurrezko ibilbide, ipuin kontaketa, eskulan eta abarrekin.
Adunan, iluntzean txokolate beroa eskainiko dute eta, aldi berean, 'beldurrak erreko' dituzte plazan. Ondoren, Beldurrezko ibilbidea egingo dute hilerriraino 19:30ean. Jarraian, afari-merienda egingo dute plazan. Udalak mahaiak eta aulkiak jarriko ditu, bertan afaldu nahi duten herritarrentzat. Amaitzeko, disko festa egongo da 21:00etatik aurrera.
Alegian arratsaldean haurrentzat zein gazteentzako ekintzak egingo dira, Txintxarri gaztelekuak eta Udalak antolatuta. 18:00etan haurrei auregia margotuko diete Gaztelekuan. Jarraian, Arimen ibilbidea egingo dute herrian zehar. Eguna amaitzeko, zahagiardoa egingo da plazan.
Amasa-Villabonan Zunbeltz Kale Antzerkiak antolatu ditu Gau Beltzeko ekintzan. 18:00etatik aurrera haurrak margotzeko aukera izango dute eta, aldi berean, 'Arimen pasabidea' egongo da Gaztelekuan. Pasabidean sartzeko adinaren araberako txandak egingo dituzte. 19:30ean, Beldurrezko kalejira abiatuko da Gaztelekutik Loatzo Musika eskolako batukadarekin. Ondoren, suzko zezena eta gaztaina jatea Errebote plazan.
Amezketan Arimen Gaua ohitura biziberrituko dute. Herriko haurrek aurpegia margotzeko aukera edukiko dute 17:30etik aurrera Gaztelekuan eta, ondoren, etxez etxe ibiliko dira eskean. Horregatik, etxean haurrei emateko gozokiak, intxaurrak, gaztainak, sagarrak eta abar eduki eta egitasmoan parte hartzera animatzen dituzte herritarrak.
Anoetan, aste honetan hainbat tailer egingo dituzte Gau Beltza prestatzeko eta kalera aterako dira. Plazako estalpean egingo da jaia, 18:30etik aurrera. Ipuin kontaketa saioa egongo da lehenengo eta, segidan, gaztaina erreak banatuko dituzte.
Berastegin, Kultur Astearen baitan, Gau Beltzaren inguruko lanketa egingo dute ostiralean. 16:00etan merienda eskainiko du Guraso elkarteak eta, jarraian, Gau Beltzaren inguruan gehiago ezagutzeko tailerra emango dute. 17:00etan sukaldaritza senegaldarra ezagutzeko tailerra emango dute Kellesensa GKEko kideek gazteentzat Urepele elkartean, eta 19:15etan ardo dastaketa egingo da Ernesto Arrarasen eskutik udaletxeko erabilera anitzeko gelan.
Berrobin, ipuin kontaketa eta eskulanak izango dituzte 18:30ean. Ondoren, gaztaina jana egingo dute.
Ibarran, urriko azken egunean Gau Beltza ospatuko da eta haurrentzako hainbat ekimen egingo dira arratsaldean. Lehenengo eskulan tailerrak egingo dituzte 17:00etatik aurrera. Bertan, aurpegi margoketa, mozorro tailerra, eskulanak egiteko eta beldurrak idazteko txokoa egongo dira. Ibilbideari 18:00etan emango zaio hasiera eta, amaieran, beldurrak erretzeko aukera egongo da. Ondoren, DBH4-ko ikasleek prestatutako talo-jana egongo da. Arima Gauean parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute. Haur Hezkuntzatik LH4 mailara bitarteko ikasleek gurasoekin parte hartu beharko dute.
Iruran, San Miguel plazan ospatuko dute Arimen Gaua ostegunean Irura Bizi eta Kultur mahaiak antolatuta. 18:00etan photocall-a egongo da portikoan nahi dutenek argazkiak ateratzeko. 18:30ean gaztaina erreak banatuko dira eta 19:00etatik 20:00etara 'Xanduli Manduli eman goxokiak guri' goxoki bilketa egingo da herrian zehar. Ondoren, Zezen suzkoa egongo da San Migel plazan. 21:00etan 'Geure(r)a' dantza ikuskizuna eskainiko du frontoian Harrobi Dantza Bertikala taldeak. 21:45etan, barrikotea egongo da plazan eta, ondoren, Aidüru musika taldearen zuzeneko kontzertua Ostatuaren eskutik.
Larraulen ere, Gau Beltza ospatzeko egitaraua antolatu dute. 16:15ean, eskolatik margotuta eta mozorrotuta aterako dira eta, 17:00etan, haur eta nerabeentzako txokolatada eskainiko da Katillu-Txulo elkartean. Ondoren, Gau Beltzeko ibilbidea egingo dute herrian zehar, plazatik abiatuta eta amaieran, Beldurrak sutara botako dituzte, plazan.
Lizartzan, Gau Beltza ospatzeko haurrentzako ekintzak antolatu dituzte Guraso elkarteak, Lizartzako Udalak eta Gure Plaza Txo! ekimenak. Ostiral goizean Itziar Saenz de Ojerrek ipui-kontaketa eskainiko du eskolan. Arratsaldean, aldiz, 17:15etan haurrentzako eskulan tailerrak egingo dituzte udaletxeko arkupean. Aurten beldurrezko bi ibilbide antolatu dira adinaren arabera. 18:30ean ibilaldi laburra egingo dute txikienek, plazatik hasita, eta 19:00etan LH4tik gorakoak Arantzabenerainoko bidea osatuko dute. 20:30ean afaria izango da Ostatu aurrean, eta gaztaina jatea. Ostatuak prestatutako afaria nahi dutenek, paella eta natilla menuarekin, tabernaren aurrean dagoen zerrendan izena eman beharko dute. Gaueko 22:00etan, beldurrezko pelikula proiektatuko da udaletxeko aretoan.
Zizurkilen, hainbat ekintza antolatu dituzte haur zein helduentzako herrigunean zein Elbarrenan. Ostegunean kalabaza eta mozorroen prestaketa egingo dute 17:00etan Gaztezulon eta, Otaño eskolan gaztainak prestatuko dituzte. Ostiralean, berriz, Otaño eskolatik kalejiran abiatuko dira 19:00etan Joxe Arregi plazara eta, bertan, gaztain-jana eta txokolatada eskainiko dituzte. Kalejiran parte hartu nahi dutenek mozorrotuta joan beharko dute, baserritar edo etxeko arropa zaharrekin: baserritar gona edo galtzak, gonazpikoa, abarkak, txapela, lastozko txapela, koadrodun edo loredun alkandora, eta, nola ez, aurpegirako zapia. Gainera, kalabaza, kriseilu eta kandelak eramatera animatzen dituzte parte hartzaileak.
Zizurkilgo herrigunean 18:00etan elkartuko dira, Pedro Mari Otaño plazan elkarrekin mozorrotzeko. Kanpaikadekin batera egingo da gaua eta, ondoren, ipuin kontaketak, mokadutxoa, gaztainak eta txokolate beroa egongo dira. Parte-hartzaileek kalabaza hustuak eraman beharko dituzte bertan kandelak jartzeko.