Borrar

Ganaduzaleek ez dute hutsik egin

Egun berezia izaten da maiatzaren 1ekoa, eta aurten ere larreen irekiera jaia egin dute Abaltzisketako Larraitz auzoan

Amaia eta Agurtzane Núñez Yarza

Abaltzisketa

Larunbata, 2 maiatza 2020, 11:53

Comenta

Abaltzisketako Larraitz auzoan egun berezia izaten da maiatzaren 1a. Larrialdi egoerak eraginda atzokoa ezohiko eguna izan zen ostiralekoa, ez baitzen Larreen Irekiera festarik egon. Hala ere, larreen irekiera egun ofiziala izanik, ganaduzaleek ez zuten hutsik egin.

Abaltzisketako eta Zaldibiako ganaduzaleek ardiak, behiak, behorrak eta zaldiak igo zituzten Aralarrera Zamaoko langa gurutzatuz. Goiz guztian luzatu zen igoera, bakoitzak ahal zuen orduan eta presarik gabe igo baitzituen abereak mendira.

Eguerdian, ganaduzaleak, auzoko bizilagun batzuk eta kazetariren bat edo beste besterik ez ziren arren, txupinazoa bota zuten, ohiturari eusteko. Javier Jauregi zaldibiarrak penaz gogoratzen zuen festa giroa. «Polita izaten da urtean ikusten ez duzun jendearekin elkartzen zarelako. Hala ere, gu baino okerrago daudenak badira, guk behintzat animaliak igo ditzakegu eta baserrira joan gaitezke jaten ematera».

Jauregik urriaren amaierara arte izango ditu behorrak mendian. «Alotzan izaten ditut, beste ganaduzale baten zaldiekin batera. Gero azaro hasiera aldera Zaldibiako Gaztelu aldera jaisten ditut. Lehengo urtean negu ona egin zuen eta ia otsailera arte eduki ditut bertan», zioen.

562 abeltzain eta 40.000 gora abere

Maiatzaren 1ean egiten du urtero Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko larreen irekiera. Aurten, 22 larre zabaldu dituzte, eta 562 abeltzainek eta 41.466 aberek igaroko dute uda goi mendietan, Foru Aldundiak azaldu duenez. Urriaren amaierara arte egongo dira mendian abereak, eta eguraldiak laguntzen badu, baliteke zenbait abelburuk negua ere igarotzea.

Tradizioari eustearekin batera, larreen irekieraren helburu nagusia «mendietako larreak txukun eta egoera onean mantentzea da. Hori dela eta, foru erakundeakganaduzaleen esku uzten ditu urtero larreak», zaindu eta kudeatu ditzaten. Koronabirusa dela eta, ekitaldi guztiak bertan behera dauden arren, adierazpen birtuala egin dute larreen irekierako giltzaren ematea irudikatzeko.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Ganaduzaleek ez dute hutsik egin