Gabino Muruaren eztia, onena
Eztigile gabiriarra nagusitu zen atzo Zegaman Gipuzkoako Eztien Txapelketan | Ezti lehiaketaz gain, gozoen erakusketa eta dastaketa egin zen eta kandelak ere egin zituzten jendaurrean
EDURNE ALZBIZU
ZEGAMA.
Astelehena, 11 martxoa 2019, 07:23
Hogeita batgarren Erlezain Eguna ospatu zen atzo Zegaman eta hogeita bat ezti iritsi ziren Gipuzkoako Ezti Lehiaketako finalera. Aurtengoan, onenen artean onena Gabino Muruarena izan da, epaimahaiaren iritziz. Gabiriara joan zen txapela. Bigarren saria Legazpiko Martin Mujikak lortu zuen. Herritarrek aukeratutako eztiaren saria, berriz, Mutiloako Bittor Murgiondorentzat izan zen.
Bestalde, ikusgarria izan zen Iruñeako Donezar txokoloategi eta argizaritegiak egindako erakustaldia. Joakin Donezar aita-semeen eskutik, Tolosako Rafa Gorrotxategirekin batera, erlezaintza eta konfiteria zertan uztartu diren ikusi ahal izan zen. Kandelak artisau eran egiten aritu ziren goizean zehar eta ikusle ugari bildu zituzten inguruan.
Zer esanik ez, Gipuzkoan zehar dauden pasteldegi entzutetsuenek bidalitako erakusketak ere arrakasta itzela izan zuen eta baita sari banaketaren ondoren egindako dohako banaketak ere. Gozatu ederra hartu zuten bertaratuek! Eztia Mahala etxeko produktuekin ere dastagai izan zen goizean zehar.
Foru Aldundiak Irunen duen Gordailutik ere Zegama eta inguruko herriko argizaiolak eta argi mutilak ere ikusgai egon ziren eta baita erlzaintzan historian zehar erabili izan diren lanabesak ere. Ohitura jarraituz, Aitxuri Herri Eskolako haurren marrazkien erakusketa eta sari banaketa ere burutu zen.