Ataun
Euskarazko lehen misterio jolasak aurkeztu zituzten asteartean AtaunenBi proposamen berritzaile plazaratu ziren: haur eta helduentzat sortuak, jolasa, irakurketa eta euskal kultura uztartuz
Berriak eta Txintxa Jolasak elkarteak euskaraz sortutako lehen misterio jolasak plazaratu zituzten atzo, Ataungo Udaleko batzar aretoan egin zuten aurkezpenean. Proiektuak bi produktu berri bildu zituen: 'Misterio kasu laburrak', 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat egina, eta 'Aralarko Ttantta', helduentzako jolas narratibo eta kooperatiboa. Biak ala biak jolasaren, irakurketaren eta euskal kulturaren uztarketan oinarritutako proposamenak dira, eta haien garapenean Laboral Kutxa, Goitur eta Amezketako zein Legorretako udalak izan dira bidelagun.
Aurkezpenean, hizlariek behin eta berriz nabarmendu zuten euskarazko aisialdia sortzearen garrantzia. Ainara Lasa Perezek, Berriako Marketin eta Publizitate arduradunak, gogorarazi zuen azken urteetan aisialdiaren digitalizazioak erronka berriak ekarri dituela. «Euskarak presentzia handiagoa behar du haurren eta gazteen jolasean. Horregatik sortu dugu, hain zuzen ere, hutsune bat betetzeko aukera benetakoa», adierazi zuen. Lasaren esanetan, helburua ez da produktu ludiko bat eskaintzea soilik. «Jolas horietan, irakurtzea, pentsatzea eta konfiantza lantzea uztartzen dira. Partaideek ez dute konturatu ere egiten zenbat barneratzen duten», nabarmendu zuen.
Txintxa Jolasetako kide Aiora Etxeberria Lekuonak prozesu sortzailea azaldu zuen xehekiago. «Hasieratik izan genuen argi euskarazko misterio joko bat behar zela, baina ez genuen kopia hutsa egin nahi. Gure istorioak Euskal Herriko testuinguruan kokatu ditugu, gure paisaiak, gure ohiturak eta gure izaera kontuan hartuta», esan zuen. Etxeberriak gaztetxoentzako jokoari buruz ere hitz egin zuen «Haurrak harrapatu egiten ditu erronken dinamikak. Esaten digute galderak eta pistak ebazten ematen dutela denbora gehien, eta hori da nahi duguna: mugimendu, jakin-min eta euskarazko jarduera aktiboa».
Laboral Kutxako gazteentzako zerbitzuen arduradun Egoitz Bergarak nabarmendu zuen proiektua 'oso lotuta' dagoela haiek bultzatu nahi duten eredura. «Aisialdia gero eta zabalagoa da, baina hizkuntzaren transmisioak ez du beti toki nahikorik. Horregatik gustatu zitzaigun hasieratik egitasmo hau. Gazteak taldean aritzeko eta pentsamendu kritikoa lantzeko modua eskaintzen du», azaldu zuen. Bere esanetan, «euskaraz gozatzeko espazioak sortzea ezinbestekoa da, eta hemen pauso handia eman da».
Bailarako ondarea zabaltzen
Bestalde, Goiturreko presidente Adur Ezenarrok nabarmendu zuen 'Aralarko Ttantta' ez dela jolas hutsa. «Aralarren gertatzen den istorio batek gidatzen du jokoa. Horrek gure lurraldearen historia eta ondarea ukitzeko aukera ematen du, modu oso erakargarrian. Askori, jokatu ondoren, gure ingurua ezagutzeko gogoa piztuko zaie», adierazi zuen. Ezenarrok argi utzi zuen jolasak turismo kulturalerako ere balio dezakeela «Narratibak lotura berezia sortzen du jendearekin».
Ondoren, protagonistek bi jokoen edukiak azaldu zituzten. Haurrentzako 'Misterio kasu laburrak bildumak' hamar dossier biltzen ditu, bakoitza erronka batekin. Helduentzako 'Aralarko Ttantt'a jokoak berriz, beste erritmo bat du. Jokalariak Aralarren gertatutako gertaera bat argitzeko lanean arituko dira, hainbat argibideren bidez. Argazkiak, tiketak eta bestelako pistak erabiliz beharko dituzte misterioa argitzeko.