Errezil sagar onena, Juan Muruarena
Kalitate «bikaineko» sagarrak aurkeztu ziren, eguraldiak asko lagundu ez bazuen ere | Xabier Arratibel izan zen lehen sailkatua, baina iaz saria irabazi zuenez aurten ezin izan du jaso. Arau hau aldatuko dute
ARANTZAZU BAZTARRIKA
GABIRIA.
Astelehena, 18 azaroa 2019, 06:49
Atzo azaroko hirugarren igandea izaki, Gabirian Erbie elkarteak antolatutako Errezil Sagar Lehiaketa eta baserriko produktuen azoka egin zen. Hiru epaile adituek aitortu zutenez, inoiz baino zailagoa izan zen hiru irabazleak hauta-tzea, aurkezturiko sagar guztien kalitatea «bikaina» bait zen. Azkenik, hiru sarituak Juan Murua, Iñaki Arratibel eta Jesús Sagaspe izan ziren. Azken hori izatez laugarren sailkatua zen, baina lehen sailkatuak, Xabier Arratibelek, iaz ere saria jaso zuenez aurten ezin izan du jaso arauek hori diotelako. Hala ere, antolatzaileek arau hau datorren urterako aldatuko denaren albistea eman zuten.
Sagargoxo lehiaketa Arantxa Agirrek irabazi zuen. Epaileen esanetan, Agirreren «testura eta itxura oso oneko» sagargoxoa izan zen sagar zapore handiena mantenduz gozotasunarekin hobekien uztartu zena. Goierri Beheko Ezti lehiaketan, aldiz, Igor Altuna, Ageda Zeberio eta Jesús Pérez gailendu ziren.
Bestalde, ekimen honen helburua Errezil sagarra bultzatu eta zabaltzea dela kontuan izanda, aurtengoan ere Josu Osa, txertaketa eta inausketan aditua, eta Gabino Murua, sagarrondoetan aditua, jendearen zalantzak argitzen ibili ziren. Ikastaro praktikoa ezin izan zuten egin, eguraldi txarra medio. Horrez gain, Lontxo Ormazabalek bi sagar konpota ezberdin egin zituen azokan bertan, bata ardoarekin eta bestea gurinarekin.