Orexa
Ekitaldiz betetako Kultur Hamabostaldia hasiko dute astearteanNekazaritza eta herriko historia izango dira nagusi bi asteetan zehar antolatuko diren ekitaldietan
Datozen bi asteetan kultur ekitaldi ugariz gozatzeko aukera egongo da Orexan. Aurtengo Kultur Hamabostaldia asteartean hasiko da, urriaren 21ean Telmo Gartzia Trebatu programako koordinatzaileak eskainiko duen hitzaldiarekin, 19:00etan. Bertan, nekazaritzan trebatzeko guneen inguruan hitz egingo du.
Datorren ostegunean, berriz, bertako inguruko produktuen hitzaldia eta dastaketa egingo da Ama jatetxeko Javi Riveroren eskutik, 19.00etan. Larunbatean, hilaren 25ean, haur-jolasak, puzgarriak eta txokolatada egongo dira 17:00etatik aurrera. Gainera, herri-afaria egingo da Ganbaran eta, gauerdian, Itzal taldearen erromeria hasiko da. Goizaldera, gosaria eskainiko da bertaratu guztientzat.
Hurrengo asteartean, urriaren 28an, Josu Chueca historialariak Gurs eko kontzentrazio esparruaren inguruko hitzaldia emango du 19:00etan. Bertan pasa zituen Nikolas Ormaetxea 'Orixe'k lau hilabete 1940an.
Urriaren 30ean, aldiz, Pio Barojak Gipuzkoa dokumentaleko nekazaritzaren atala proiektatuko da 19:00etan. 1979an ekoiztu zuen dokumentala eta Gipuzkoako garaiko bizimodua azaltzen duen hainbat atalez osatzen da. Hurrengo egunean, Ostatuko pintxo potearen ondoren, Tolosako Isidro Larrañaga Musika Eskolako Garena, Garibeak, The Konbix eta Diversity taldeen kontzertuak egongo dira Ganbaran 22:00etatik aurrera.
Kultur Hamabostaldia azaroaren 2an, igandearekin. amaituko da, Orexa eta Uitzi arteko mendi ibilaldiarekin. Taldea 8:30ean abiatuko da Orexatik. Itzuleran, herri-bazkaria egingo dute Ganbaran eta, bazkalondoren, Imanol eta Iñaki trikitilariekin erromeria hasiko da.