Arrakastatsua udazkeneko azoka berezia
Garaiko produktu ugari jarri zituzten salgai pilotalekuan Artubi elkarteko kideek prestatutako hemezortzi postuetan
E. ARRAIAGO
Igandea, 13 azaroa 2022, 19:09
Bedaioarrek euren baratza, soro eta baserrietako larretan jasotako fruituak auzogunera hurbildu zituzten atzo antola-tzen duten azokara. Aukera zabala zegoen pilotalekuan jarritako postu desberdinetan, eta nahi izan zutenek bertan erosi eta dastatu ahal izan zuten, primerako produktuak etxera eramanez.
Garaikoak noski: barazki ugari jarri zituzten bedaioarrek euren frontoian montatutako hemezortzi postuetan; intxaurrak, urrak eta sagarrak ez ziren faltatu, arrautzak, ezti, ogia, mondeju eta babarrunak bezala. Hauetako asko bukatu egin ziren, inguruko herrietatik eta Tolosatik etorritako bi autobusak beteta etorri baitziren goiza Bedaion pasatzeko asmoz. Taloegileek ere lan ugari egin zuten atzokoan, eramandako arto-irina guztia bukatu arte taloak eginez.
Artubi elkarteko kideek aitor-tzen zutenez, «oso pozik gaude parte hartze handia izan delako ekoizleen aldetik eta ikusle aldetik ere. Esan dezakegu arrakasta-tsua izan dela beste behin urtean antolatzen dugun ekitaldi nagusietakoa eta eskerrak eman nahi dizkiegu saltzaileei eta Bedaiora hurbildu den jende guztiari».
Produktu guzti horiekin osatutako saskia ere zozketatzen dute antolatzaileek eta aurtengoa, Isabel Mujikari egokitu zaio.
Gonbidatu desberdinak
Bestalde, aipatzekoa da jendearen parte hartzeak azokako gune garrantzitsua bilakatu dela aurtengoan ere Bedaioko Erakustoki Txokoa. Edizio honetako gaia, 'Eskola' izan da. Bertan, 70 hamarkadan eskolak zituen zenbait elementu (mahai eta aulkiak, testu liburuak,... argazkiak) ikusteko aukera izan da. Eskulan txoko honetara, urtez urte, huts egin gabe Bedaioraino hurbildu izan den Matxinbentako artisau zestogilea ere bertan izan da. Inguruan izan zituen ere bitxiak eta jantzi eta osagarriez osatutako zenbait postu.
Gainera, aurten ere, landare eta loreetan aditua den Jakoba Errekondo izan da pilotalekuan. 'Ilargia eta Landareak 2023 agenda', 'Bizi Baratzea' eta 'Etxeko landareak eta Sendabelarrek dakitena' liburu sorta salgai izan ditu eta jendearen kezka eta jakinminak asetzeko eta ezagutzak elkarbanatzeko aukera paregabea izan dute bertara hurbidlu direnek. Aurten, Balerdipeko Erleak enpresakoek, euren proiektua erakutsi dute eta eztia eta ezti fermentuarekin egin berri duten ezti ozpina erosteko aukera izan da.