Haurrek ederki pasa zuten jolasean haien egunean
Herriko txikienen egunaren ondoren, koadrillen txanda izango da gaur
YARZA
Osteguna, 25 abuztua 2022, 23:57
Haurrek beren eguna izan zuten atzo Amezketan. Goizez zein arratsaldez puzgarriak egon ziren Altuna anaiak pilotalekuan eta gaztetxoak gustura aritu ziren guztietan jolasean. Gainera, bukaeran, guztientzako merienda banatu zen eta Odei magoaren emanaldia izan zen.
Gainera, Iker Laurobak ere kontzertua eskaini zuen San Bartolome jaietan. Plazako frontoi zaharrera ikusle ugari gerturatu ziren emanaldi akustikoa entzutera.
Gaur koadrillen eguna
Amezketako sanbartolomeek gaur ostiralean koadrillen eguna ospatuko dute. Goizeko 11:00etatik aurrera herriko gazteen arteko pilota txapelketako finalak jokatuko dira. Eguerdian, berriz, Frontoi Zaharreko XIX. Pilota Txapelketako finala jokatuko da. Jarraian, 13:30ean koadrillen eguneko txupinazoa botako da eta 14:30ean koadrillen bazkaria eta photocall-a egingo da.
Bazkaldu ondoren, arratsalde guztian herrian zehar poteoa eta koadrillen arteko jolasak antolatuko dira. Iluntzeko 21:00etan zahagi-ardoa egingo da plazan, sagardoa udalak jarriko du. Ondoren, bideo-emanaldia egingo da, eta gauean, 23:00etatik aurrera, Bide Batez taldearekin dantzaldia. Atsedenaldian bingoa antolatuko da eta egunari amaiera emateko DJ Antxon Saezen emanaldia.
Gaur gauean jaiak direla eta autobus zerbitzu berezia egongo da Amezketatik Tolosara. Goizeko 1:00etan, 3:00etan eta 5:00etan aterako dira autobusak Tolosaraino.