Borrar
Ana Urkiza, Jon Kortazar eta Juan Mari Aburto, Joxerramon Bengoetxea eta Idurre Eskisabel.

Unibertsitateek, udalek eta hainbat erakundek bat egin dute Euskararen Egunarekin

Testu honetan bildu ditugu horietako batzuk prestatu dituzten ekimenetako batzuk eta haien adierazpen instituzionalak

Jan Echevarría

Asteazkena, 3 abendua 2025, 10:29

Comenta

Eusko Ikaskuntzak 1949an ezarri zuen Euskararen Nazioarteko Eguna, baina 1995ean Eusko Jaurlaritzaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzara arte ez zen instituzionalizatu. Bada, gaur egun erakunde eta eragile askok bat egiten dute abenduaren 3arekin, eta hemen bildu ditugu horietako batzuk prestatu dituzten ekimenetako batzuk eta haien adierazpen instituzionalak.

Eusko Ikaskuntza

«Lehen, orain eta gero, elkartzen gaituena gara»

Euskara euskal lurraldeetako tokiko eta berezko hizkuntza da. Euskal herritarrek, belaunaldiz belaunaldi, jaso eta eman dutena: etxetik plazara. Bidean, hala ere, euskara esparru publikotik debekatzeko arau eta erabakiak aspaldikoak dira estatu espainiarrean zein frantziarrean. Euskara baztertua eta debekatua izan da; jazarria eta errespetu gabe tratatua. Eta horrek, ezinbestean, euskararen atzeraldia ekarri du: 1866. urtean, Euskal Herriko biztanleen %57 zen euskaraz hitz egiteko gai, eta gaur egun, %30 da euskalduna.

Estatu espainiarrean, 1937ko maiatzaren 29an, agintari frankistek euskarak bizi izan duen jazarpen garai gogorrenetariko bati eman zioten hasiera. Gerra osteko lehen urteetan, eskoletan, euskaraz egiten zuten umeei zigor gogorrak ezartzen zitzaizkien, eta kalean euskaraz hitz egiten zutenei, isunak. Horrek guztiak, kasu askotan, transmisioaren etetea eta etxe barneko euskararen erabilera zeharo murriztea ekarri zuen. Hitz bitan esanda, beldurra eta lotsa, euskaraz mintzatzeko eta euskaldun agertzeko.

Euskarekiko atxikimendua ahuldua zegoen XX. mendearen erdi inguruan, baina ez guztiz galdua, inondik ere. Gerra Zibila bukatu eta hamarkada batera, euskarak bizi zuen egoerari aurre egingo zion urrats garrantzitsu bat eman zen: Eusko Ikaskuntzak, 1948an, Biarritzen antolatu zuen VII. Kongresuan, Euskararen Nazioarteko Eguna aldarrikatu zuen, euskararen unibertsaltasuna munduari ezagutzera emateko.

Aldarrikapenean jasotzen zen, abenduaren 3a izanen zela Euskararen Nazioarteko eguna, Xabier Deunaren egunean. Eta 1949an ospatu zen, lehenbizikoz, Euskararen Nazioarteko Eguna.

Hitzez hitz, hau aldarrikatu zen adierazpenean: «Eginen da ez bakarrik Eskual herriko hiri, herri ta herrixketan, bainan ere, Eskual herritik kanpo, hurbil edo urrun, eskualdun multxoak aurkitzen diren bazter guztietan».

Aldarrikapen haren xedeak hiru izan ziren:

1. Beren mintzairaren amodioa piztea Eskualdunen bihotzetan, berek mintza dezaten eta beren haurreri helaraz.

2. Egun horren ohoretan, Eskuararen hedatzeko ta goraipatzeko bilkura zerbait muntatzea: hitzaldi, agerkari, edo kantari, pertsulari, eleketari…

3. Eske bat egitea, eskualdun bakotxak eman dezan hunenbertzeko bat, Eskuararen laguntzeko diru puxka bat bil dadin, haurren liburuak edo eskual ikasbideak agertarazteko.

Euskaraz eta euskararen alde egiteko eguna izendatu zen abenduaren 3a, euskaldun gisa autoafirmatzeko; euskaraz aritzen zen komunitate bat zegoela munduari esateko; eta euskara maite zutenei euskararen biziberritzearen alde lan egiteko eskatzeko.

76 urte pasatu dira aldarrikapen hartatik. Urte hauetan guztietan euskaraz dakitenen kopurua handitzen joan da eta euskarak esparru berriak irabazi ditu, besteak beste, hezkuntza sisteman, esparru publikoan edota arlo sozioekonomikoan. Bide luzea eta malkartsua izan da, baina baita emankorra ere.

76 urte hauetan ikasi dugu, euskarak, herritarron arteko saretze-lana egiten duela; partekatzen dugun hizkuntzak, muga geopolitikoak dituela ezabatzen, eta herritarrok gaituela biltzen, hurbilekoak eta urrunekoak. Hizkuntzak duela gure herri izaera dimentsio unibertsalez janzten.

Ikasi dugu, baita ere, euskal gizartearen nortasun ikurra dela euskara, herriaren berezko izanaren berezitasun behinena, euskaldun oro ukitzen eta zipriztintzen gaituena. Euskaldun guztiok biltzen gaituen haritza.

Ez gaude 1949an. Hobeto gaude. Baina 1949ko izpiritu hura baliokoa da gaur egun ere. Euskara biziberritzeko nahi eta behar hark bizirik jarraitzen du. Horregatik, 76 urte ondoren, ozen diogu, harro gaudela gure hizkuntzaz eta egindako bideaz. Kontziente gara, aldi berean, urrats esanguratsuak eman behar ditugula gure hizkuntzaren benetako normalizazioa lortzeko. Hori horrela, etorkizunean ere euskarak plazan, kalean eta munduan dagokion lekua izan dezan, zera nahi dugu:

1. Euskararen Eguna izan dadin euskal herritarren ospakizunerako eguna.

2. Euskararen Egunak ager dezan euskaldun izateko eta bizitzeko nahia.

3. Euskara izan dadin gure gizartearen kohesiorako elementua,

4. eta, bereziki, komunitate honen parte izango diren kide berri guztien harrera hizkuntza.

Eta helburu horiek guztiak lortzeko, pauso erabakigarriak eman behar direla aldarrikatzen dugu:

1. Euskal hizkuntza-komunitatea trinkotzeko eta saretzeko jauzi berria behar da.

2. Globalizazioak, digitalizazioak eta errealitate soziodemografiko berriek dakartzaten erronkei aurre egiteko erakunde publiko-pribatuen eta herritarren arteko elkarlan aktiboa sustatu eta indartu behar da.

3. Euskal lurralde guztietan euskaraz hitz egiteko eta euskaraz bizitzeko aukerak suspertu eta bermatu behar dira.

4. Etorkizunean funtzio guztiak euskaraz betetzeko aukera emango duen berdintasunezko gizarte bat eraiki nahi bada, euskarari arnasa emango dioten politika sendoak behar dira.

Duela 76 urte bezala, badakigu, munduko euskaldun guztiek entzunen dutela gure deia eta guztiek zerbait egin nahiko dutela gure mintzairaren alde, gurekin batera.

Eraiki ditzagun, bada, hau guztia lortzeko bide berriak; egin dezagun bidea elkarrekin. Izan ere, lehen, orain eta gero, elkartzen gaituena gara.

Bilboko udala

Zea Mays taldeari omenaldia eta beste ekimen batzuk, ospakizunari hasiera emateko

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Eider Inunciaga Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak, eta Udalbatzako ordezkariek hasiera eman zieten atzo Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizunei egun horren bezperan, Udaletxeko Arabiar aretoan. Zea Mays talde bilbotarraren omenaldia izan zen ekitaldi nagusia, musikaren bidez euskarari egiten dioten ekarpena saritzeko. Ekitaldian, gainera, ezagutzera eman ziren Jon Kortazarrek idatzi eta Bilboko Udalak argitaratu duen 'Gabriel Aresti. Poesia eta gizartea' liburua, Bilboko poeta handiaren heriotzaren 50 urte betetzen direnean, eta Udalarekin Euskaraz kanpaina, hiri osoan zenbait euskarritan ikus daitekeena.

Esan bezala, Zea Mays taldeak –Aiora Renteria (taldeko ahotsa, Aste Nagusiko pregoilaria 2023an), Asier Basabe (bateria), Ruben González (baxua) eta Iñaki Imaz (gitarra)– Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen omenaldia jaso zuen, Bilboko Txistularien Udal Bandak taldearen hainbat pieza interpretatu dituen une berezi batean.

Zea Mays taldea 1997ko ekainean sortu zen. Uda horretan bertan, gero Euskadi Gaztearen VII. Maketa Lehiaketan sarituko zen maketa grabatu zuten. Bere ibilbide arrakastatsua hasi besterik ez zen egin, ahalik eta modurik bilbotarrenean, berehala aldarrikatu baitzuten Euskal Bandarik Onena Bilbo Hiria Pop Rock X. Lehiaketan. Hortik aurrera, taldeak hainbat disko grabatu eta sariak irabazi ditu, gero eta publiko handiago eta leialaren babesean.

Jardunaldiko beste protagonista bat Jon Kortazar idazleak egin eta Bilboko Udalak argitaratutako 'Gabriel Aresti. Poesia eta gizartea' liburua izan zen, Bilboko poeta handiaren heriotzaren 50 urte bete direnean. Kortazar bera ospakizunean izan zen eta lan horrek Gabriel Arestirengana hurbiltzen gaitu, lehen poemetatik azken poemetara, bere garaiko historia haren eskutik zeharkatuz.

Azkenik, 'Udalarekin Euskaraz' kanpaina aurkeztuzena, hiri osoan hainbat euskarritan ikusgai dagoena. Kanpaina horrek bilbotarrak animatzen ditu udaletxera eta bertako zerbitzuetara jotzeko orduan erabiltzen duten lehen hitza euskaraz izan dadin, eta horren garrantzia azpimarratzen du.

Kontzientziazio-kanpaina bat da, helburu bi dauzkana: herritarrak udal-administrazioarekin euskaraz komunikatzera animatzea, eta udal-langileen artean euskararen erabilera sustatzea, lan- eta zerbitzu-hizkuntza izan dadin. Bilboko Udalak herritarrei jakinarazi nahi die hizkuntza-eskubide batzuk dauzkatela, eta Udalak euskaraz erantzun diezaiekeela, baina, eskubide horien erabilera administrazio-eremura hedatzeko, Udalak bilbotarren laguntza behar duela.

Azkenik, aurten ere, Bilboko Udalak bat egin du EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak proposatutako Euskararen Nazioarteko Egunaren Adierazpen Instituzionalarekin, 'Euskara zugan, nigan, gugan' lelopean.

Etxepare Euskal Institutua

«Munduko hainbat tokitan ospatuko dugu eguna»

Etxepare Euskal Institutuak bat egingo du ere abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunarekin, eta, askotariko ekitaldi, ikastaro eta hitzaldien bidez, diasporako lagunek eta euskara ikasleek aukera izango dute eguna ospatzeko. Hain zuzen, Europako eta Amerikako zenbait txokotara iritsiko da Euskararen Nazioarteko Eguna Etxepare Euskal Institutuaren nazioarteko irakurletza sarearen baitan antolatutako kultur programen bidez.

Bere arduradunek jakinarazi dutenez, aurten 13 hiritan burutuko dira jarduerak, eta batzuk jada egin dira. Horrela, Frankfurt, Bartzelona, Poznan, Los Angeles, Konstantza, Chicago, Berlin, Champaigne, La Plata, Edinburgo eta Brnon hitzaldiak, erakusketak, tailerrak, dastaketak, jolasak eta filmen proiekzioak antolatuko dituzte.

Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetan gradu edo graduondokoa ikasten ari diren ikasleei euskara eta euskal kultur ikastaroak eskaintzen dizkieten irakasleek irakurketak ere egingo dituzte. Etxepare Euskal Institututik abiatutako eta kudeatutako programa bat da, atzerriko unibertsitateekin elkarlanean, eta irakasle horiek guztiek eta euren ikasleek osatzen dute irakurletza sarea. Euskara eta euskal kultura klaseak emateaz harago doan lana egiten dute, euskal bizimodu eta tradizioen eredu eta sustatzaile baitira atzerrian.

Informatu dutenez, irakurleek, Etxepare Euskal Institutuaren sustapen eta laguntzarekin, euskal kulturarekin lotutako ekintzak antolatu ohi dituzte urtean zehar, Euskal Herrian garrantzitsuak diren efemerideak, pertsonaiak edota ohiturak ezagutarazteko helburuarekin.

Gaur egun Etxepare Euskal Institutuak 16 herrialdetako 32 unibertsitatetan sustatu eta kudeatzen ditu euskara eta euskal kultura irakurletzak. Guztira, 27 dira programa honetan lan egiten duten irakurleak.

Europan, Espainia, Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Italia, Finlandia, Polonia, Txekiar Errepublika, Hungaria, Irlanda eta Georgiako hainbat unibertsitatetan daude irakurletza programak; Amerikan, aldiz, AEBn, Argentinan, Txilen, Uruguaien eta Kuban ematen dira eskolak; Asian ere irakurletza bat sustatzen du Etxepare Institutuak, Japonian, hain zuzen ere.

Euskara munduan

Mundu osoko euskal giza kolektibitateen artean euskararen ezagutza bultzatzea ere bada Etxepare Euskal Institutuaren eginkizunetako bat. Horretarako, Euskara Munduan programaren bitartez, mundu osoko euskal giza kolektibitateen artean euskararen ezagutza bultzatzeko egiten du lan. Horrela, gaur egun, munduko 70 euskal etxetan baino gehiagotan ematen dira euskara eskolak Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin.

EHU, Deusto, MU eta EUNEIZ

«Unibertsitateok euskararen indargune izan gaitezen»

Abenduaren 3a euskararen inguruko kontzientzia irabazteko eguna izan behar da. Non gauden eta norantz joan nahi dugun pentsatzeko, ezinbestekoa da nondik gatozen gogoratzea. Horregatik, euskal unibertsitate-sistemako unibertsitateok aitortu nahi dugu euskara gure ikasgela eta ikerguneetara iristea posible egin duten pertsonen lan nekaezina. Milaka gurasoren kontzientzia eta transmisio lana, euskaltegien eginkizun ezinbestekoa, eragile sozio-kulturalen ekarpena, eta erakundeek nahiz herri mugimenduek hezkuntza-sistema euskalduntzeko egindako lanak ahalbidetu du mende erdi batean euskaldunen komunitateak ehunka mila hiztun berri izatea.

Mendeetan zehar, askotariko erronkei erantzuten jakin dugu euskaldunok. Aurre egin diegu errepresioari eta zentsurari, gutxiespenari eta debekuei; lortu dugu industrializazioaren, migrazioaren zein digitalizazioaren desafioei erantzutea, gizartearen unean uneko testuingurura eta beharretara egokitzea; eta, garrantzitsuena, bizikidetzarako, heziketarako, lan mundurako, dibertsiorako, helburu komertzialetarako, munduko mapan kokatzeko, nahiz zientzia egiteko gaitasuna erakutsi du euskarak. Irabazi du lekua akademian eta zientzian.

Euskal Herriko unibertsitateok funtsezkoak gara euskararen garapenaren eta transmisioaren haria ez eteteko. Erantzukizun saihestezina dugu konpromiso hori indartzeko. Unibertsitateetako kolektibo guztietan (ikasleak, irakasle-ikertzaileak zein administrazio eta zerbitzuetako langileak) handiagoa da euskaldunen portzentajea gizarte osoan baino, eta baliatu behar dugu. Gainera, eremu soziolinguistiko desberdinetako euskaldunen elkarguneak dira unibertsitateak, euskara erabiltzeko aukera gutxiago dutenen egoerak konpentsatzeko lagundu dezaketenak. Edozein hizkuntzatan, unibertsitatean garatzen dira komunikazio-gaitasunak, bereziki, komunikazio formalerako eta komunikazio espezializaturako gaitasunak. Hortaz, unibertsitateok eragile aktibo izan behar dugu denetariko profesional euskaldunak prestatzeko, hizkuntza-gaitasun gorenak eta kontzientzia soziolinguistiko sendoa dutenak, lan-esparrura sartzen diren profesionalen hizkuntza euskara ere izan dadin.

Kanpotik datozen ikasle eta ikertzaileei ere, harrera linguistiko egokia egin behar diegu, hasieratik bertatik gure unibertsitatean eta gure gizartean euskarak duen garrantziaren berri emateko eta euskara ikasteko eta erabiltzeko aukera erosoak eskaintzeko. Euskara gurean errotzeko eta ikerketa egiteko tresna paregabea dela sentiarazi behar diegu bertan prestatzen diren profesional eta ikertzaileei eta bai kanpotik datozenei ere. Horrela lortuko dugu talentuari eustea. Ez hori bakarrik, euskara bera ikertzeko gunea da unibertsitatea: euskararen historia, gramatika, diskurtsoa, erregistroen garapena, bilakaera soziolinguistikoa, literatura. Areago, euskara hizkuntza-teknologieta;k kanpo ez geratzeko nahitaezko ikerketa egiteko gunea ere bada.

Ospatu eta baliatu dezagun euskarari eskainitako egun hau. Balioetsi eta eskertu ditzagun gure aurrekoek egindako ahaleginak eta lorpenak eta eutsi diezaiogun katea ez hausteko dugun erantzukizunari. Trinkotu eta saretu dezagun euskararen komunitatea. Har ditzagun besoak zabalik euskaldun etorri berriak, eta lagundu diezaiegun bertan errotzen, komunitatearen parte sen;arazten. Segi dezagun euskara alorrez alor lantzen eta garatzen. Segi dezagun euskara indartzen eta sendotzen gure unibertsitateetan zerbitzu- eta lan-hizkuntza modura eta, bereziki, instrukzio-hizkuntza eta jakintza garatzeko hizkuntza modura. Erabil dezagun euskara, eta bihur dezagun gure unibertsitateetako komunikazioaren ardatz, beste hizkuntzekiko elkarbizitza duina eta eleaniztasun harmonikoa jomugan. Ikasi, irakatsi, hitz egin, lan egin, eta bizi gaitezen euskaraz. Unibertsitateok euskararen indargune izan gaitezen.

Euskalgintzaren kontseilua

«Instituzioei eta gizarteari euskaltzaletasunera lerratzeko deia egiten diegu»

Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan, Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten euskararen aldeko gizarte eragileen ordezkariek adierazpen bateratua irakurri zuten. Idurre Eskisabel Larrañaga, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuak bizi duen «kinka larriaren irakurketa» eta hura gainditzeko bidearen proposamena azaldu zituen.

2024ko Euskararen Egunaren testuinguruan adierazitako «larrialdi linguistikoaren diagnosia berretsi» zuen Kontseiluak, eta euskararen biziberritzeko prozesuaren erronka nagusiak zerrendatu zituen. Helburua «larrialditik indarraldira igarotzeko bidea aktibatzea» da, bi norabidetan: «hizkuntza politiketan jauzi bat bultzatzea» eta «euskaltzaletasuna indartzea». Lehenengoari dagokionez, irailean aurkeztu zuten adostasun zabaleko Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza, hizkuntza-politiketan luzamendurik gabe eman beharreko jauzia edukiz betetzen duena. Euskaltzaletasunaren aktibazioari dagokionez, norbanakoei zuzenduta, euskaltzaletasuna eta euskararen aldeko ekimenak bultzatzeko deia egin zuen. Era berean, abenduaren 27an Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko gonbita luzatu zuen, Pizkunde berri baten «lehen txinparta» bihur dadin.

Orain urtebete, 2024ko Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, euskara eta euskal hiztun komunitatea «hizkuntza-larrialdian» geundela adierazi zuten Kontseiluko eragileek. Diagnostikoa datu soziolinguistikoetan, estatus arazoetan eta globalizazioaren egungo aldaeren ondorioz irekitako erronka handietan oinarritzen zen. Hala ere, orduko adierazpenaren muina ez zen soilik egoera larriaren baieztapena, baizik eta euskal gizartearekin hartutako konpromisoa: etsipenetik ihes egin eta larrialdia indarraldi bihurtzeko lanari ekitea.

Urtebete igaro ondoren, «zoritxarrez, euskarak eta euskal hiztun komunitateak larrialdian jarraitzen» dutela adierazi zuten. «Hel diezaiogun arazo honi bihartik. Hasteko, 2025eko Euskararen Eguna izan dadila euskararen Pizkunde berriari begira jarriko gaituen data. Eta ondoren, abenduaren 27an, bete dezagun Bilbao Arena: bihur dadila Pizkundearen lehen txinparta. Batu gaitezen bertan euskaltzaleok, hizkuntza berdintasunean, askatasunean eta justizia sozialean sinesten dugun herritarrok, eta euskarari etorkizun bizi eta oparo bat eman nahi diogun guztiok. Euskaltzaleon garaia da, badator Pizkundea!», esan zuten.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Unibertsitateek, udalek eta hainbat erakundek bat egin dute Euskararen Egunarekin

Unibertsitateek, udalek eta hainbat erakundek bat egin dute Euskararen Egunarekin