Minbiziaren aurkako estrategia berriak ikertzeko proiektua
Ana Beloqui Ikerbasque ikertzaileak koordinatutako proiektuak 2,3 milioi euroko finantzaketa jaso du Europako Batzordearen eskutik Marie Sklodowska Curie programaren bidez
DV
Asteartea, 21 ekaina 2022, 17:18
Ana Beloqui ikertzaileak koordinatutako TheraTools proiektuak 2,3 milioi euroko finantzaketa jaso du minbiziaren aurkako estrategia berriak ikertzeko. Beloqui Kimikako doktorea da, POLYMAT – UPV/EHUko taldeko ikertzaile nagusia Ikerbasque Fundazioari esker.
TheraTools proiektuaren helburu nagusia glioblastoma, hau da, pronostiko okerrena duen minbizietako bat ikertzeko tresna berriak garatzea da. Beloquik azaldu duenez aurreko proiektu batetik sortu da ideia. «Gure ezagutzak eta esperientziak batu genituen eta TheraToolsen hazia erein».
Ikerketari buruz, «bi funtsezko helburu» izango dituela aurreratu du ikertzaileak. «Ikerketa diziplina anitza egingo dugu. Batetik, eragile polimeriko berrien garapena ikertuko da, garunera antigorputz terapeutikoak garraiatzeko gai direnak, hesi hematoentzefalikoa zeharkatuz. Tumorearen inguruan, material polimerikoak antigorputza 'askatuko' du dagokion jardun terapeutikoa egin dezan. Bestalde, TheraToolsek animaliekin gutxiago esperimentatzeko apustua egin du. Hala, gliobastoma ereduak diseinatuko eta fabrikatuko ditu 3D eta mikrofluidoen inprimaketari esker. Proiektuak planteatzen du eredu horiek erabiltzea efektu terapeutikoko potentziala duten eragileak miatzeko plataforma moduan».
«TheraTools proiektu zientifiko bat baino gehiago dela, prestakuntza-sarea ere badela: doktoregoko bederatzi ikaslek bat egingo dute gure sarearekin TheraToolsen markoan ikerketa-proiektuak egiteko. Gainera, herritar orori irekitako informazio-saioak ere antolatuko ditugu», esan du.
Goi-mailako ikerketa honetarako 2,3 milioi euroko finantzaketa jasoko du TheraTools proiektuak Europako Batzordearen eskutik. Zehazki, Horizon Europe programaren Marie Sklodowska Curie bigarren deialdiaren babesa jaso du. Berau mundu osoko doktoratu aurreko ikertzaileen prestakuntza eta garapen profesionala laguntzen duen sare bat da, gizartearen egungo eta etorkizuneko erronkei heltzeko lankidetza proiektuetako partaidetzaren bidez.
2021. urtean Kimikako Espainiako Errege Elkarteak Kimika Biologikoko Taldearen Ikertaldeetako Lider Gazteen saria eman zion Beloquiri.