Eritasun zeliakoa eta hesteetako beste gaixotasun batzuk tratatzeko bide berrien bila
UPV/EHUko ikertzaile batzuek deskribatu dute glutenak RNAn aldaketak egin ditzakeela, eta horrek hestearen hantura areagotzen duela
Osteguna, 18 martxoa 2021, 08:43
Eritasun zeliakoa «asaldu autoimmune konplexu bat da», eta pertsona genetikoki sentikorrei eragiten die. Gaur egun, eritasun zeliakoa dutenek -hau da, glutenak erantzun inmunitarioa eragiten dietenek-, tratamendu bakarra dute gaixotasunari aurre egiteko: bizitza osorako glutenik gabeko dieta zorrotza. Hori ez da batere erraza pazienteentzat, asko mugatzen baitzaie bizi-kalitatea, eta ondorioak eta konplikazioak izan ditzake osasunaren aldetik.
Beharrezkoa da, hortaz, gaixotasun horri aurre egiteko bestelako tratamenduak lortzea, eta bide horretan urrats interesgarria egin dute UPV/EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Sailean.
Hain zuzen ere, eritasun zeliakoan gertatzen den hesteetako hantura edo inflamazioaren garapena ikertu dute, eta lehen aldiz deskribatu dute glutenak aldaketak eragiten dituela RNA molekuletan. Horrek proteina desberdinen kantitatean eragiten du, eta, hala, hestearen hantura areagotzen. Eta aurkikuntza horrek bidea eman die eritasun zeliakoa eta hesteetako beste hantura-gaixotasun batzuk tratatzeko aukera berriak proposatzeko.
Argitzeko asko oraindik
Eritasun zeliakoa, oso hedatuta egon arren, ez da behar bezain ondo ezagutzen. Egiaztatuta dago gene jakin batzuk lotuta daudela eritasun zeliakoarekiko sentikortasun genetikoarekin, oraindik ez dakite zer funtzio daukaten gaitzaren sorrera eta garapenean, eta horrek zaildu egiten du tratamenduak garatzea.
Esan bezala, UPV/EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko ikertzaileak eritasun zeliakoan eta glutenarekiko intolerantzian gertatzen den heste-hanturaren garapena ikertzea erabaki zuten. Ainara Castellanos-Rubio Ikerbasque ikertzaileak azaldu duenez, ikerketan emaitza garrantzitsuak lortu dituzte: «Alde batetik, lehen aldiz deskribatu dugu glutenak RNA molekuletan aldaketak eragiten dituela. RNAko aldaketa horiek zerikusia izan dezakete gaixotasunen garapenean. Zehazki, ikusi dugu bai zelulek, bai saguek eta bai gizakiek glutena kontsumitzean aldatu egiten dela XPO1 izeneko genearen mRNA (RNA mezularia); horren ondorioz, XPO1 proteina gehiago sortzen da, eta hestearen hantura areagotzen. Bestalde, XPO1 genean dagoen aldaera genetiko batek RNAren aldaketa horretan eragiten du, eta arrisku-aldagaia duten pertsonei hesteko hantura garatzeko arriskua emendatzen die».
Gastroenterologia eta hepatologiako nazioarteko aldizkari garrantzitsuenetako bat den eta goi-mailako ikerketa klinikoen berri ematen duen 'Gut' aldizkarian eman dute ikerketaren berri. Artikuluan azaldu dutenez, ikerketa honek eritasun zeliakoa eta hesteetako beste hantura-gaixotasun batzuk tratatzeko aukera berriak proposatzen ditu: «Gure ikerketak itu terapeutiko berriak deskribatu ditu (esate baterako, XPO1 eta RNAren aldaketan parte hartzen duten proteinak), eta eritasun zeliakoa tratatzeko ikuspegi terapeutiko berriak garatzeko aukera zabaldu du. Gaur egun, proteina horietara bideratutako molekulak ebaluatzen ari gara, eta batzuk jadanik erabiltzen ari dira, hesteetako beste gaitz batzuk tratatu ahal izateko», azaldu du Castellanos-Rubiok.
Bestalde, eta zientzia oinarrizkoagoari begira, glutenak RNAn aldaketak eragin ditzakeela deskribatu izanak «ate berriak irekitzen dizkio ikerketari; izan ere, ikusi dugu kanpo-agenteek (dietako glutenak, kasu honetan) gure RNA aldatu dezaketela, eta, ondorioz, hantura-erantzun bat sortu», dio. Horrekin lotuta, etorkizun luzeago bati begira, ikertzaileak hau ondorioztatu du: «Gure dieta moldatuz edo agente dietetikoak erabiliz RNA era batean edo bestean aldatzeko gai izan gintezke, hala gaixotasun jakinen garapena moteldu edo ekiditeko».
UPV/EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko Ikerbasque ikertzaile Ainara Castellanos-Rubio izan da ikerketaren ikertzaile nagusia eta Ane Olazagoitia-Garmendiak (zeina tesia egiten ari baita UPV/EHUn) lehenengo autore gisa hartu du parte. Lana nazioarteko zenbait ikerketa-talderen arteko harremanaren emaitza izan da; hain zuzen ere, AEBko Columbia Unibertsitateko eta Chicagoko Unibertsitateko, Kanadako Mc Master Unibertsitateko, Bartzelonako Unibertsitateko, Galdakao eta Gurutzetako ospitaleetako, Biocruceseko eta UPV/EHUko ikertzaileek hartu dute parte.