Osasun mentala: zer da eta nola lantzen da?
Osasun Mentalaren Nazioarteko Eguna da urriaren 10ean, buruko gaitzen inguruan kontzientzia sortzekoa; depresioa da egun zabalduen dagoena
Urriaren 10a Osasun Mentalaren Nazioarteko Eguna da, buruko gaitzen inguruan kontzientzia sortzekoa. Imanol Querejeta Donostiako psikiatria zerbitzuko buruordeak azaldu du depresioa dela egun zabalduen dagoena. Kirola egitea, bizitza emozional osasuntsua, elikadura aproposa... Zenbait jarraibide jarraituta egunerokotasun arrunta bizi daitekeela uste du.
Ez dago definizio ofizialik, baina Agifes Buru Osasun Arazoa duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkarteak ematen duen definizioaren arabera, esan genezake buruko osasuna dela emozionalki, kognitiboki eta jokabide aldetik orekatua egotea; horrela, familian, gizartean eta lanean modu arduratsuan jardun eta ongizate eta bizi kalitate jakin batez gozatu ahal izateko.
Buruko gaixotasunen jatorrian faktore anitz egon daitezke. Burmuineko kimika, predisposizio genetikoak, ingurumen, kultur eta gizarte faktoreek, garunean gertatutako kalteek edota substantzia toxikoen kontsumoak eragin dezakete gaixotasuna sortzea eta garatzea, besteak beste.