Zaurgarriak gara, eta eskerrak
Garaiezinak bagina bezala bizi ohi gara, etorkizuna gure esku soilik egongo balitz bezala. Naturak, gaixotasunak, krisiek, makurkeriak... geure txikitasunaren aurrean jartzen gaituzten arte.
-
Ekaitzak
Gure ametsak zapuzteko gai den Naturaren aurrean elkartasuna
Lantzean behin bere indarraren aurrean zein zaurgarriak garen erakustea atsegin du Naturak, minutu gutxiren buruan gure ametsak, oroitzapenak eta urtetako lana aurretik eramateko gai dela agerian utziz, pasa den asteburuan Tolosaldean eta Goierrin egiaztatu zuten moduan. Eta jakina da halakoak gehiagotan pairatuko ditugula. Asteon jakin dugu, esaterako, 1970. urteaz geroztik, EAEko tenperatura 0,3 gradu igo dela hamarkada bakoitzeko. Hala, arazoa prebenitzeko gai izan ez garenez, ondorioak gutxitzeko neurriak hartzea baino ez zaigu geratzen. Eta, hori bai, beste erremediorik ez denean, elkartu eta Naturaren enbata jaso duenari laguntza eskaintzea, elkarrekin lan egitea, Tolosaldean eta Goierrin gertatu den moduan, herritarrek ziztu bizian erantzun baitzieten laguntza deiei, euren indarra erakutsiz. Erakundeen txanda da orain.
-
ELA-aea
Emozioak sentitzeko gaitasuna garrantzitsua da, laguntzak ere bai
Aste honetan Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren (AEA-ELA) nazioarteko eguna ospatu dugu eta horri esker Eider Goenaga 49 urteko lazkaotarraren istorioa ezagutu dugu. Gaixotasuna da, dudarik gabe, gure zaurgarritasuna beste ezerk baino hobeto azaleratzen duena, are gehiago gaitz hori AEA bezain krudela denean. Egun 40 pertsona ingururi eragiten die Gipuzkoan eta hari aurre egiteko beste horrenbeste modu izango dira ziur. Eiderrek dio gaitzak jartzen dizkion oztopo guztien gainetik bizitzak merezi duela, emozioak sentitzeak merezi duela. Ezin hitzik esan horren aurrean, baina bai emozioak sentitzen jarraitzeko jaso beharko lituzkeen laguntzen inguruan. 7 hilabete igaro dira Kongresuak AEAren legea onartu zuenetik. Argazkia, txaloak, hitz polit ugari... baina dirua? Gaixoak eta familiak oraindik laguntzen zain daude. Sinestezina.
-
Nerabeak
Teknologia berriak bai, haiek ongi maneiatzeko erremintekin batera
Gure bizitza errazteko garatu ditugun teknologia berriek zaurgarri ere bihurtu gaituztela begi-bistakoa da. Eta ez gara 16.000 milioi pasahitz agerian utzi dituen segurtasun arrakala erraldoiari buruz ari. EHUren ikerketa baten arabera, EAEko hamar nerabetik seik bikotekidea mugikorraren eta sare sozialen bidez kontrolatzen dute. Offline errefusatuko lituzketen jarrerak online ontzat ematen omen dituzte, antza. 12 eta 17 urte arteko 409 neraberen parte-hartzearekin egindako ikerketak jarrera sexistak, maitasun erromantikoaren mitoak, emozioak erregulatzeko zailtasunak, antsietatea... antzeman ditu, gainera. Tresnak helarazi dizkiegu, baina ez haiek ongi maneiatzeko behar dituzte erremintak.
-
Ábalos auzia
Aldarrikapen feministen atzean ezkutatzen den egiturazko matxismoa
Koldo, Ábalos eta abarren ustelkeria kasuak alderdi ugari ditu -oraindik ere ezagutu ez ditugunak ziurrenik- eta horietako bat, nola ez, matxismoa da. Aipatuen arteko solasaldietan irakurri eta entzun ditugunak nahiko esanguratsuak dira alde horretatik. Matxismoak, bistan, ezkutuan, lausotuta... hor dirau. Bere politiken oinarrian feminismoa eramateaz harro agertzen den alderdi batean halakoak gertatzea bereziki deitoragarri eta etsigarria da, baina tamalez ez da aldarrikapen feministen atzean indarkeria matxista ezkutatzen den lehen aldia. Eta ez da azkena izango.
-
Ternua
Gure kontsumo ohituren aldaketek ondorioak dituzte
Ternua Group hartzekodunen konkurtsoan sartu dela jakin berri dugu. Hainbat faktorek eraman omen dute euskal jantzi industriako ikurretako bat egoera horretara, baina horien artean pisu handia izan du pandemiaren ostean kontsumo ohiturek izan duten aldaketak; Internet bidezko erosketak handitu dira, eta Txinako enpresa erraldoiak eta haien produktu merkeak merkatuan gero eta leku gehiago hartzen ari dira, eta horrek osasuntsuena zirudien enpresa ere ahul bihurtzen du. Eta horrekin batera, noski, bertan lan egiten duten herritarrak.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.