Ahoak bizi baino hobe belarriak prest
Rolak ·
Hizkuntza baten biziraupenean ahobizi nahiz belarripresten rolak ezinbestekoak direla argi utzi digu Euskaraldiak; bizitzak erakusten digu onuragarriagoa dela besteak entzuteko prest izatea, gehiegi hitz egitea baino-
Euskaraldia
Txaparik gabe ahobizi edo belarriprest izaten jarraitzeko erronka
Euskaraldiak agur esango dio gaur bere laugarren edizioari. Hamaika egunez paparrean eraman dugun txapa eranzteko garaia iritsi da, baina horrekin batera baita egiazko ariketa hasteko unea ere. Izan ere, horixe da ekimen kolektibo honen benetako erronka, egunotan hautatu ditugun hizkuntza ohiturak egunerokoan finkatzea; ahobizi edo belarriprest jarrerari txapa erantzi ostean ere eustea. Ez da erraza, noski, baina aurrerapauso oro ongietorria izango da, bide luzea baitugu aurretik. Berriki Donostiatik Irunera zihoan trenean ikusi eta entzundakoa horren adibide: larunbat goiza, trena jende gaztez lepo, gehientsuenak Ficobara bidean, euskara-mailak egiaztatzeko HABEk deitutako azterketaren bat egitera. Euren arteko solasaldietan, baina, hizkuntza bakarra nagusi. «¿Qué vais a elegir: la gutuna o la iritzi artikulua?».
-
Reala
Bizilagunari begira ibili beharrik gabe legatu ederra utzi du Imanolek
Hamaika egun hauek ez dira izan Imanolek Realean bizi izan dituen samurrenak; 'ahobiziegi' ibili dela dirudi. Ez da erraza izaten etapak ixtea, baina oriotarrak espero baino ur nahasiagoetan egin behar izan du arraun azken txanpan. Kirol emaitzek ez diote asko lagundu, baina hautsak gehien harrotu dituenak inork espero ez zituen adierazpenak izan dira. Pena, Anoetan zale eta jokalariekin bizi izandako azken une goxoak itzalpean geratu baitira harrobiari eta Athletici egindako erreferentzia desegoki horiekin. Jakina da konparaketek ez dutela inoiz gauza onik ekartzen, eta are gutxiago okerreko datuetan oinarritzen badira. Orban honek ez dezala Imanolen legatua zikindu, politegia izan baita. Eta bizilagunari begira ibili beharrik gabe lortua, noski.
-
Alderaketak
Bikain gutxien ateratzen duten ikasleak eta lanera joaten ez diren langileak
Beste hainbat albiste ere utzi dizkigute alderaketek aste honetan, hainbat esparrutan. Hala nola, biztanleko mediku eta erizain gehien dituzten erkidegoen artean dagoela EAE (gehiago beharko liratekeela pentsa lezakete askok, edo hobe antolatuta, bederen); EAEko ikasleak selektibitatean bikain gutxien ateratzen dituztenen artean daudela ere jakin dugu (Hezkuntza Sailak bikaintasunarekin duen jarrera aztertu beharko litzateke hor. Nahikoa saritu edo sustatzen al da? Gaitasun handiko ikasleekin nola jardun badaki, esaterako?); eta Espainiako Bankuak Euskadin absentismoa inon baino altuagoa dela ere berretsi digu (Realeko fitxaketak kontuan izango zituen?). Hainbat arrazoi omen daude azken datu honen atzean, baina EAEko langile gehienek eskubide hori bermatuta dutela ondorioztatu daiteke. Eta hori, noski, positiboa da.
-
EAJ-PSE
Katarroak gaixotasun larriak eragin ditzake ondo sendatzen ez bada
Eusko Jaurlaritzan dauden bi alderdien artean ere bizi-bizi ibili dira ahoak azken egunotan, oraingoan immigrazioaren kontura. Eta biek ere larritasuna kendu nahi izan badiote ere, ezin ukatu azkenaldian ugaritzen ari direla EAJ eta PSEren arteko ika-mikak, Abiadura Handiko Trenaren ibilbidea dela unibertsitateen dekretua dela. «Gobernua ondo dago, zarata egiten duen katarro bat baino ez da izan, parazetamolarekin eta atsedenarekin sendatzen da», esan du lehendakariak. Gogoratu dezala aitona-amonek esan izan digutena: katarro soil batek ondorio larriak izan ditzake ondo sendatu ezean. Ez ote da pneumonia bihurtuko...
-
Palestina
Kritika eta gaitzespenak entzuteko prest ez dago Netanyahuren belarria
Ezin esan hamaika egunotan Gazako egoerak aldaketa handirik izan duenik (egunetik egunera larriagoa izanik, noski), bonbardaketek, giza eskubideen urraketek... bere horretan jarraitzen baitute. Israelen jarreraren aurkako ahotsak (batzuk beste batzuk baino sendo eta ozenagoak, hori bai) ugaritzen direla dirudi ordea eta horrek itxaropenerako izpi ñimiñoren bat ere uzten digu, Netanyahuren gobernuak hori ere bere probetxurako erabiltzeko abilezia erakutsi duen arren. Ezin etsi, ordea, bide horretan.
- Temas
- Zabalik
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.