Maialen Lujanbiok irakurri du Korrikaren mezu ezkutua; sistema eragilea 'klika' egitera animatu du

Mertxe Mugika AEKren Koordinatzaile Nagusia eta Lujanbio, Gasteizen/AEK
Mertxe Mugika AEKren Koordinatzaile Nagusia eta Lujanbio, Gasteizen / AEK

Azken pausoak eman ditu Korrikak. Lau orduz ibili da Arabako hiriburuan ekimena, azken metroetan. Kontseiluak AEK-ri eman dio lekukoa, eta mezua ezagutarazi dute han. Egun osorako jaia prestatu dute

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Jendetzak eraman du Korrikaren lekukoa herriz herri, auzoz auzo, Garestik Gasteizera. Goizeko zortzi eta erdietan sartu da arabar hiriburura Korrika. Lau orduz ibili da han ekimena, azken metroetan. Kontseiluko ordezkariek AEK-koei eman diete lekukoa, eta mezua argitu da: Maialen Lujanbiok idatzi du. Bi aldiz Euskal Herriko bertsolari txapeldun, aurtengo mezuaren egile ezkutua izan da.

Animo eta txalo artean hartu du hitza hernaniarrak. Bertso bat izan da, noski, bota duena, kanta moduko aldarria. «Gasteizaino korrika, ekarri dugunoi: biba, gora eutsi, goza, klika!», hasi da. Aurtengo Korrikaren leloarekin bat eginda, 'klika' egitera animatu ditu gizartea eta eragile, erakunde zein politikariak. Software batekin alderatu ditu euskara eta euskal gizartea: librea, eguneratua, edukitzekoa baino, erabiltzekoa dena.

«Euskarak behar du herri honen sistema eragilean, memoria handiko herri honen sistema eguneratua», gaineratu du, eta aldarrikatu, dena badu aurka, horrexegatik justu, dena duela sortzeko euskal gizarteak.

Galdegin du, baita ere, «erakundeek, alderdi politiko eta komunikabideek, hainbeste maite gaituzte korrika gabiltzala, zergatik gutxietxiko gaituzte hainbestetan, oinez gabiltzanean?», eta dei egin du konpromiso indibidual zein kolektiboak mantentzera, Korrika amaitu eta gero ere, 'klika' egiten jarraitzera, hain zuzen.

Azpimarratu du euskara ez dela euskararen gauzetarako aplikazioa, euskarak behar duela «herri honen Sistema Eragilean. Hori dela eta, Korrika egiten dugu, lehenetik eta gerorantz. Korrika. Egin, eragiteko. Eragin, eginarazteko. Norbanakoak egin. Herri-mugimenduek eragin. Erakundeek eginarazi. Egin, eragin, eginarazi», kantatu du bertsolariak.

AEK-ko Mertxe Mugikak eman dio lekukoa, eta Lujanbiok eraman du azken metroetan, mezuak gordetzen duena entzun aurretik. Lujanbiok mezua irakurrita, Mugikak hartu du hitza, AEKren izenean.

Iñaki Viñaspre Arabako bertsolari txapelduna ere igo da oholtzara, eta Josune Fernandez dantza-txapeldunak ere hartu du parte ekitaldian.

Festarako dena prest dagoela heldu dira eragile, erakunde-ordezkari eta euskaltzaleak helmugara. Ekin diote jaiari Gasteizen.

Temas

Euskera