50 langiletik gorako enpresetan euskara-planak negoziatzeko proposamena
Euskalgintzaren Kontseiluak eta ELA eta LAB sindikatuek «gizarte erantzukizunez jokatzeko garaia» dela azpimarratu dute
Euskalgintzaren Kontseiluak eta ELA eta LAB sindikatuek kaleratu duten 'Orain da unea, batuz aurrera egiteko' komunikatuan euskara politikak berrikustea eta lehentasunak birdefinitzea aldarrikatu dute. Izan ere, hiru sinatzaileen esanetan pandemia-egoerak beste hainbat esparrutan aurrerapausoak ekarri baditu ere, «tamalez hizkuntzari begira orain ez da euskararen unea» entzun dela salatu dute.
Idatzian «gizarte erantzukizunez jokatzeko garaia» izan beharko lukeela adierazten dute, datozen bi hamarkadetan langileriaren erdia erretiroa hartzeko adinean egongo baita. «Belaunaldi aldaketa horrek abagune paregabea eskain dezake eremu sozioekonomikoaren euskalduntzean jauzia egiteko», uste dute sinatzaileek.
Ildo horretan kokatzen dute hiru eragileek eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko aurkeztu zuten proposamena: 50 langiletik gorako enpresetan euskara-planak negoziatu behar izatea lanbide-arteko akordioan jasotzea. Euren esanetan, honela, «bi aldeetako batek (langileek edo enpresa arduradunak) hala eskatuta, euskara-plana ezartzeko aukera negoziatu» beharko litzateke. Pausuak, beti Euskalgintzaren Kontseiluaren eta ELA eta LAB sindikatuen datuen arabera, «langileriaren erdiari eragingo lioke».
Egun bizitako «garai konplexu eta zailetan ertzetan kokatutako gai batzuk erdigunera» ekartzeko beharra azpimarratu dute eta horren alde egiteko «konpromisoa» eskatu die eragileei. «Atzera edo aurrera egiteko, orain baita unea». Izan ere, aukera gisa ikusten dutena «arrisku ere bilaka» daitekeela nabarmendu dute neurri egokirik hartu ezean. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko abian jarria duen lehenengo plan estrategikoaren harira eta urriaren 4an gai honi lotuta Eusko Legebiltzarrean egingo den eztabaida buruan, ordezkariei «adostasun zabal horren lehen argazkia eskaintzea» eskatu die.