Janaria alferrik ez galtzeko era asko daude
Etxetik hasi behar da, zentzuz erosten eta taxuz gordetzen, baina zenbait taberna, jatetxe eta dendak egiten duten ahaleginari etekina ateratzea ere badago, soberan dituzten produktuak 'erreskatatzeko' aukera ematen duten aplikazioen bitartez
m. imaz
Asteartea, 7 iraila 2021, 12:23
Oporretatik bueltan, eskertzen da berriro etxean gaudela gogoratzen digun usaina hartzea... harik eta hozkailua ireki eta ahaztuta utzi genituen jakien kiratsa iristen den arte. Etxetik kanpo egun batzuk igaro behar baditugu, alegia, oso komenigarria da jakitea zein diren errazen alferrik galtzen diren janariak, baina eguneroko bizitzan ere lagungarria da argi edukitzea haragia, hestebeteak, arraina eta esnekiren batzuk direla hozkailuan egoera onean gutxien iruten duten produktuak. Produktu bakoitza baldintza egokienetan gordetzeko modurik aproposena zein den jakiteak ere hanka-sartze asko eragotzi ditzake.
Izan ere, munduan ekoizten den janariaren heren bat alferrik galtzeak eta inork aprobetxatu gabe botatzeak suposatzen duen arazo larria ezin zaie bakarrik egotzi saltoki, enpresa eta ostalaritza-kate handiei. Eskala txikiagoan ere galtzen da alferrik janaria; baita eskala txikienean ere; gure sukaldeenetakoan, alegia.
Hori eragozteko, lehenik eta behin, arazoaren kontzientzia izan behar dugu, eta ondotik, nola jokatu behar dugun jakin. Behin zentzuz jardutea erabakita, lehen urratsa elikagai freskoak edo iraupen motzekoak -errazen alferrik galtzen direnak, alegia- zentzuz erostea da, bai kopuruari, baita momentuari dagokionean ere. Ergelkeria ematen du, baina pentsatu azken asteetan zaborretara bota duzun janarian, eta akaso oharra ez zaizu horren ergela irudituko...
Lehen urratsa, zentzuz jokatzea
Kontsumituko duguna erostea denez zentzuzkoa, oso ondo dator planifikazio bikoitza egitea, erosketarena eta kontsumoarena, ez dadin arrakala handirik egon bien artean. Horretarako argi eduki behar da zenbat denbora eduki ditzakegun janari freskoak hozkailuan, normaltzat jotzen den 5-8 gradu arteko tenperaturan. Hortik gora baliteke hozkailuaren kontsumoa zertxobait murriztea, baina patogenoak alderantzizko proportzioan ugaltzen direnez, baliteke aurrezpena garesti ateratzea.
Hala, badira hozkailu arrunt batean eta tenperatura tarte horretan gehienez ere pare egun irauten duten janariak. Batez ere haragi (bereziki delikatuak dira hegazti-haragi zuria, haragi birrinduak, erraiak eta kontserbazio-prozesu berezirik izan ez duten hestebeteak) eta arrain freskoak sartzen dira multzo horretan, eta esnekiren batzuk ere bai.
Barazkiekin aldakorragoak dira epeak, alde handia baitago erositakoan zeuden heltze-puntuaren arabera. Adibide bat jartzeko, tomate oso heldu bat segituan jan beharko genuke (edo saltsatarako erabili), baina heltzeko egun batzuen faltan erosi dugun batek lasai asko igaro ditzake etxean bizpahiru egun, edo gehiago puntu egokira iritsi arte; betiere hobe hozkailutik kanpo.
Beroa oso handia ez bada, frutak ere hobeto helduko dira, eta hobeto gordeko dute beraien zaporea, hozkailuan sartu gabe. Barazkien kontserbazioak, dena den, lotura zuzena du gordetzeko moduarekin. Hezetasunik ez badute, paperean bilduta eta poltsa edo ontzi batean astebete irautera hel daitezke. Badaude, gainera, erosi eta berehala kontsumitzea komeni den janari horiek gordetzeko oso egokiak diren tiradera bereziak dituzten hozkailuak. Tenperatura baxuagoan dauden tiradera horietan hirukoiztu egin daiteke arazorik gabeko erabilgarritasuna.
Gehiago irauten duten elikagaiei dagokienez, haragi erre edo egosiak, kontserbazio-prozesuren batetik igarotako hestebeteak, irekitako esnea, aurreko egunetako soberakinak eta, oro har, gordinik ez dauden janariekin nahikoa lasai egon daiteke bost bat egun igaro arte. Arrautzek, gazta helduek edota gurinak, berriz, bizpahiru aste egin ditzakete hozkailuan, ondo gordetzen badira betiere. Eta, jakina, elikagaik beraiek esaten dute, usainaren, itxuraren, zaporearen eta testuraren bitartez, noiz dauden platererako eta noiz zaborretarako. Askotan ontzietan agertzen diren datak baino fidagarriagoak dira alegia zentzumenak.
Bigarren urratsa, dena aprobetxatzea
Nork bere etxean asko egin dezake, baina maila zabalagoan jarduteko aukerak ere gero eta ugariagoak dira. Saltoki handi askok, esate baterako, elikagaien bankuen eta antzeko erakundeen esku jartzen dituzte alferrik galtzera doazen janariak, helburu hirukoitzarekin: aprobetxatu egiten dira, onuradunak behartsuenak dira, eta janari horiek hondakin bilakatzeak dituen gastuak saihesten dituzte. Jatetxe, ostatu, obradore eta janari-denda askok ere badituzte beren sareak eguna amaitzean saldu gabe gelditu zaien soberakin horrek aprobetxamendu solidarioa izan dezan.
Erdibideko soluziotzat jo daitezke gero eta jende gehiagok erabiltzen dituen 'aprobetxamendurako' aplikazioak, elikagaiak soberan dauzkan establezimenduaren eta bezeroaren arteko zubi-lana egiten dutenak. iOS eta Android-erako egoten dira eskuragai, eta funtzionamendu oso sinplea dute. Aplikazioa instalatuta daukanak eta izena emanda dagoenak begiratzen du ea zer dagoen bere inguruan prezio onean jasotzeko moduan, eta erreserbatzea eta hartzea besterik ez du.
Ehundik establezimendu daude To Good to Go aplikaziora atxikita Gipuzkoan. Phenix, oraingoz, Bilbora baino ez da heldu
Ez dira bakarrak, baina aplikazio beterano eta zabalduenetakoak Phenixeta To Good to Go dira. Aurrenekoa Frantzian sortu zen 2014an eta bigarrena, berriz, Danimarkan 2015ean. Phenix 2019. urteko abenduan heldu zen Espainiara, eta zazpi hiritara hedatu da. EAEri dagokionez, Bilbon baino ez dago momentuz. Erabiltzaileak mota askotako 'saskiak' aurki ditzake aplikazioan, 2,99 eurotik gora. Establezimenduak esandako orduan jaso arte, baina, ez du zehatz-mehatz jakingo zer aurkituko duen saskiaren barruan, gelditzen zaienaren arabera osatzen baitituzte establezimenduek. Sortzaileek diotenez, 2,5 milioi saski 'erreskatatu' dituzte jardunean daramatzaten urteetan.
To Good to Go-k hiru urte daramatza jardunean eta, sustatzaileen datuen arabera, 9,5 milioi erabiltzaile dituzte, 10.000.000 saski 'erreskatatu' dituztelarik. Funtzionamendua aurrekoaren oso antzekoa da, baina hori ez bezala oso hedatuta dago Gipuzkoan, ehundik gora establezimendu aurkitu baitaitezke aplikazioan. Donostian 50 batek eskaintzen dituzte sorpresaz beteriko 'pack'-ak. Tolosan, Zarautzen, Pasaian, Errenterian, Oiartzunen, Irunen, Hondarribian, Eibarren, Hernanin, Oñatin, Beasainen, Legazpin, Zumarragan... Herri askotan daude aplikazioari atxikitako taberna, jatetxe eta era askotako komertzioak. Funtzionamendua, esan bezala, oso sinplea da kasu bietan: aukeratu, erreserba egin eta, esandako orduan, jaso. Kalitatezko produktuak eskuratuz, janaria alferrik galtzea galaraziko dugu eta, bide batez, sos batzuk aurreztu.