Ingurune digitalean euskararen erabilera areagotzeko elkarlana
Eusko Jaurlaritzak eta PuntuEUS Fundazioak ingurune digitalean euskararen erabilera areagotzeko elkarlana aurkeztu dute
J. Agirre
Astelehena, 21 otsaila 2022, 14:36
Gizartean eta eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera ingurune digitalean sustatzeko eta .EUS domeinuaren presentzia areagotzeko elkarlana sinatu dute Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta PuntuEUS Fundazioak. Honela, 2022-2023 epealdirako 50.000 euroko ekarpena eta laguntza teknikoa eskainiko du gobernuak.
Ekimenen artean bi dira helburu nagusiak. Batetik, eremu sozioekonomikoan, enpresetan .EUS domeinuaren eta euskararen erabilera sustatzea. Horretarako lau esparruren arabera antolatu dira lehentasunak. Batetik Hizkuntza Politika Sailburuordetzarekin harreman zuzena duten erakunde pribatu askotarikoak daude, bestetik enpresa elkargoak eta beraien bazkideak, hirugarrenez merkataritza eta ostalaritza finkatu dira eta azkenik enpresa txiki eta ertainak.
Bestetik, arlo pertsonalean, erabiltzaileen gailu elektronikoak euskaratzea. Ildo honetan azterketa bat egingo da egungo errealitatea sakonago ezagutzeko eta, ostean, hainbat komunikazio ekintza garatuko dira.
Euskara eremu digitalean
Gaurko aurkezpenean Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi duenez «hizkuntzaren bizitasun digitalari erreparatu behar diogu ezinbestean gaur egun, horrek erakutsiko baitigu neurri batean hizkuntzaren osasuna zein den. Eta bizitasun digitala eskaintzarekin lotuta dago batetik, komeni delako euskarazko eduki digitalak handitzea, ahalik eta gehienak izatea sarean. Baina bestetik, ezinbestekoa da euskarazko eduki digital horiek kontsumitzeko ohiturak indartzea».
Iñaki Goirizelaia PuntuEUS fundazioko lehendakariak bestalde PUNTUESek gaur egun euskal gizarteak bizi duen egoerari erantzuteko ardura duela azpimarratu du: «gizartearen transformazio digitala bizitzen ari gara eta azken bi urteetan, premiak bultzatuta, prozesu hori asko azkartu da. Guk, bide horretan dauden pertsonak eta enpresak laguntzen ditugu: domeinuarekin batera tresnak, trebakuntza, laguntza eta zibersegurtasuna eskainiz eta euskaratik egiten dugu. Transformazio digitalari euskaratik erantzuten laguntzen dion proiektua da PUNTUEUS. 2017ko neurketaren arabera, Euskal Herriko webguneen % 16k zeukan edukiren bat euskaraz, eta % 1,3 zegoen euskara hutsez. .EUS erabiltzen duten webguneen artean, berriz, % 84 dago euskaraz. Izan ere, .EUSen erabilerak laguntzen du gure gizartearen digitalizazioa euskaraz, tokitik eta segurtasunez garatzen».