Hizkuntza harrera egokiaren alde lan egiteko jardunaldiak, Gasteizen
Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak lankidetzan urtero antolatzen dituzte eta auren urriaren 10ean eta 11n ospatuko dira
DV
Martes, 1 de octubre 2024, 14:11
Gasteizko Europa jauregian izango dira urriaren 10ean eta 11n Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak lankidetzan urtero antolatzen dituzten jardunaldiak. 'Ongi etorri euskararen mundura. Harrera jardunaldiak' lelopean, bere arduradunek adierazi dute hizkuntza harrera protokolo egokiak diseinatzeko «zumeak» jartzea izango dela helburua, euskal herritar berriak euskararen normalizazio eta biziberritzean aliatu izan daitezen.
Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak eta Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak asteazken honetan aurkeztu dituzte aipatutako jardunaldiak, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Parte hartzea doakoa izango da, baina beharrezkoa da izena ematea hemen, urriaren 9ra arte. Halaber, «bertan daude jasota jardunaldiei buruzko informazio guztia eta egitaraua», esan dute.
Euren hitzetan, jardunaldiek euskararen eta migrazioaren arteko «elkarlanerako guneak» sortzeko eta euskalduntze prozesuari buruzko ikuspegi berriak eskaintzeko «parada ezin hobea» eskainiko dute. Halaber, bi erakundeen arteko lankidetzan sakontzen jarraitzeko asmoa adierazi dute.
«Jardunaldien funtsa izango da hizkuntza harrera egokira heltzeko orain arteko azterketa, hausnarketa eta indarrean jarritako praktikak elkarbanatzea. Horretarako, euskal herritar berriek euskararekiko izan duten esperientziaren berri jasotzeaz gain, haiek euskarara hurbiltzeko hainbat lekutan martxan diren lanketak ezagutuko dira, erakunde eta elkarte desberdinek abian jarritakoak».
Bestalde, iraganeko immigrazio esperientziek euskararen biziberritzeari egindako ekarpena aztertuko da, egungorako ekarpen baliagarriak daudela sinetsita. Era berean, soziolinguistikatik, antropologiatik, psikologia sozialetik eta beste hainbat diziplinatatik migrazioaren eta hizkuntza gutxituen berreskuratzeko prozesuen gurutzaketa ikertu duten adituen ahotsa jasoko da. «Guztia, hizkuntza harrera egokirako protokolo eta politika publikoak diseinatzeko zumeak jartzeko», adierazi dute.
Esan bezala, jardunaldiak urriaren 10ean hasiko dira, 09.30ean, eta urriaren 11n amaitu, 14.00etan.