Borrar
Idurre Eskisabel, Kontseiluko lehendakaria, txostena eskuetan duela.

«Hezkuntzak euskara gehiago» behar du Kontseiluarentzat

Hezkuntza arloan «eman beharreko jauziari» buruzko gogoeta plazaratu du eta ezagutaztik erabilerara ematen ez den erreflexuan jarri du fokua

Jon Agirre

Donostia

Asteazkena, 6 iraila 2023, 15:37

Comenta

Hezkuntza Lege berriaren Legebiltzarreko eztabaida pil-pilean denean eta ikasturtea berria hasten ari den honetan, Euskalgintzaren Kontseiluak hezkuntza arloan «eman beharreko jauziari» buruzko gogoeta plazaratu du 'Hezkuntzaren egoera Euskal Herrian: azterketa eta premiazko proposamenak' txostenean. Azkenaldian «euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan» hizkuntza politiketan beharrezkoa den bultzadak ekarri du txostena, zenbait gertakari eta joerekin batera.

Txostenaren ondorio argi eta nagusiena euskarak eman beharrekoa «jauzia» da, hau da, «hezkuntzak euskara gehiago» behar duela. Izan ere, Kontseiluaren esanetan hezkuntza sistema «funtsezko» elementua da gutxitutako hizkuntza baten berreskuratzen normalizazio eta biziberritze prozesuan eta «transmisioa bermatzeko» bidea da, azken 40 urteetan euskararen normalizazio eta biziberritzean egin duen bezala. «Hezkuntza sistema berme handienetakoa izan da», dio txostenak.

Hala ere, datu soziolinguistikoek eta azken ikerketek erakutsi duten bezala, ez da nahikoa. Derrigorrezko hezkuntzako 2022-23 ikasturtearen matrikulazio datuak ekarri ditu gogora Kontseilua, besteak beste, ikasleen ia hiru laurdenak D ereduan ikasi zuela -%80 haur hezkuntzaren kasuan- eta A ereduko kopurua %5 inguru dela -%3tik behera haur hezkuntzan-. «Eskolaturiko ikasle ia denek dute euskararekin harremana, gutxienekoa bada ere», ondorioztatu du eragileak.

Aldiz, zifra horiek datu soziolinguistikoetan erreflexurik ez dutela ohartarazi du Kontseiluak eta «euskararen ezagutzan aurreratutako horrek ez duela zuzenki eragiten erabileran». Kezka horri «berrikusi eta zuzendu beharreko hainbat egitate eta gertakari» gehitu dizkio, esaterako derrigorrezko ikasketa ibilbidea D ereduan egin duten hainbat ikaslek «ez dutela bizimoduko arlo guztietan euskaraz eroso aritzeko adinako gaitasuna», 2021eko ISEIren Ebaluazio Diagnostikoaren arabera. Are gehiago, ikerketa honek LH4ko ikasleen % 37,8k eta DBH2koen %54,4k «ez du elebitasuna lortzen».

Zaurgarritasun ekonomikoa

«Zaurgarritasun soziolinguistiko» horri sozioekonomikoa gehitu dio Kontseiluak, «ikasle askoren euskaraz jabetzeko aukera nabarmenki apaltzen» duena eta are larriagoa dena Euskal Herrira iritsi berri direnen kasuan. «Harrera egokirik ez dagoenez A eredura bideratzen dira eta B edo D ereduetara bideratzen direnean ez zaizkie euskaraz jabetzeko» baliabide nahikorik eskaintzen.

Azterketa, Euskalgintzaren Kontseiluak egiten dituenetan ohikoa den bezala, Euskal Herriko hiru eremu administratiboak hartzen ditu kontuan. Hizkuntza auziari eta euskararen normalizazioari dagokionean hiru errealitateak ezberdinak direla nabarmentzen badu ere, instituzioaren aburuz «hiruetan ezinbestekoa da jauzia ematea» bai gaur egun zein etorkizunari begira identifikatutako «erronka handiei aurre egiteko».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Hezkuntzak euskara gehiago» behar du Kontseiluarentzat

«Hezkuntzak euskara gehiago» behar du Kontseiluarentzat