'Euskaraz lan egitea, eskubide kontua', lan mundua euskalduntzeko dinamika bateratua
Enpresaz enpresa euskaraz lan egiteko eskubidea aldarrikatuko dute ELAk, LABek eta Kontseiluak
Osteguna, 13 urria 2022, 13:07
ELAk, LABek eta Euskalgintzaren Kontseiluak 160 delegatu sindikal batu dituzte ostegun honetan Bilbon, eremu sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiteko antolatuko duten dinamikaren aurkezpenean. Langileen euskaraz lan egiteko eskubidea erdigunean jarri eta hori bermatzeko urratsak egiteko borondatea adierazi dute hiru eragileek, eta horretarako, sindikatuek batera joko dute enpresaz enpresa Euskaraldiarekin bat egin eta arigune gisa parte hartu dezaten bultzatzeko, bai eta lantokiak euskalduntzeko konpromiso zehatzak hartu ditzaten ere.
2020ko azaroan, ELA eta LAB sindikatuek eta Euskalgintzaren Kontseiluak lan mundua euskalduntzeko eta langileen hizkuntza-eskubideak bermatzeko beste dinamika bat aurkeztu zuten, 50 langiletik gorako enpresetan euskara planak bultzatzeko gutxieneko neurriak proposatuz.
Eragileon iritziz, ordea, euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzeak «egiturazko neurriak hartzea» eskatzen du, hala administrazioaren aldetik, nola enpresen aldetik, eta, bide horretan, 2021ean zehar, bilerak izan zituzten Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiekin lan mundua euskalduntzeko proposamen zehatza aurkezteko: 50 langiletik gorako enpresatan langileek edo enpresaburuek eskatuz gero, euskara plana negoziatu behar izatea lanbidearteko akordioan jasotzea. Confebask eta CEN patronalekin biltzeko saiaketa ere egin zuten, baina lantokietan euskara planak adosteari uko egin zioten.
«Geroz eta aditu eta aritu gehiagok aldarrikatzen du euskararen normalizazio prozesuak beharrezko duela lan munduaren euskalduntzean jauzia egitea»
Akordiorik lortu ez bazen ere, ekintza sindikalaren bidez bide horretan «jauzi bat bultzatzeko ekimen berri bat» antolatzen aritu dira hiru eragileak azken hilabeteetan, eta ostegun honetan ELAk eta LABek 50 langiletik gorako enpresetako delegatuak bildu dituzte Bilbon, Kontseiluarekin batera, 'Euskaraz lan egitea, eskubide kontua' lelopean lan mundua euskalduntzeko dinamika bateratua aurkezteko.
Ekimena abian jartzearen bi arrazoi nagusiak azaldu dituzte hiru eragileek. Alde batetik, langileen ikuspegitik, lan eta bizitza duinaren eta dagozkien eskubideen aldeko borrokan oinarritzen delako ekintza sindikala, eta hirurek borroka horretan ulertzen dute hizkuntza eskubideen aldeko borroka ere.
«Hain zuzen, langileek Euskal Herriko berezko hizkuntza ezagutzeko, lan jarduera eta lanbidea euskaraz garatzeko eta lan harremanak euskaraz burutzeko eskubideen aldeko borroka gisa. Finean, langileek ere hizkuntza eskubideak dituztelako», adierazi dute.
Bestalde, euskararen normalizazioaren ikuspegitik, eguneroko bizitzan eremu sozioekonomikoaren eragina eta izaera egituratzailea agerikoa dela iritzi diote ELAk, LABek erta Kontseiluak, «bai langile gisa, baina bai eta produktu eta zerbitzuen erabiltzaile edo kontsumitzaile gisa ere».
Azaldu dutenez, «geroz eta aditu eta aritu gehiagok aldarrikatzen du euskararen normalizazio prozesuak beharrezko duela lan munduaren euskalduntzean jauzia egitea. Baina, tamalez, gaur-gaurkoz %1era ere ez da iristen euskara planak dituzten entitateen ehunekoa, eta enpresen botere harremanek langile euskaldunak erdaraz lan egin behar izatera behartzen dute. Ondorioz, behin eta berriro urratzen da langileek euskaraz lan egiteko duten eskubidea».
Euskaraldiarekin batera
Arrazoi horiek medio, ELAk, LABek eta Kontseiluak erabaki dute azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo den hirugarren Euskaraldiaren testuinguruan garatzea kanpaina, «euskararen aldeko herri gogo eta herri bultzada sendoa agertuko diren garaian, hain zuzen ere».
Izan ere, Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handitzea izanik, Ariguneen bidez enpresek Euskaraldian parte hartzea bilatuko da. Ondorioz, dinamikak «testuinguru aproposa eskaintzen du eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko beharra eta hartu beharreko konpromisoak mahaigaineratzeko».
Horregatik, ELAk eta LABek 50 langiletik gorako enpresetan dituzten delegatuen bidez, langileen artean konpromiso-proposamenak adostu eta enpresako zuzendaritzei aurkeztuko dizkiete, euren inplikazioa eskatuz. Halaber, sindikatuek konpromiso horiek langileen zein zuzendaritzen artean adostasunez garatu daitezen lan egingo dute.
Horri begira, hiru eragileen artean ondorengo konpromisoak proposatuko dira: enpresan euskara batzordeak eratzeko baliabideak eskaintzea, diagnostikoa egin eta langileekin partekatzea, Bai Euskarari Ziurtagiria hartzea, euskara planak abiatzea, edota aldeen artean adostu litezkeen bestelako neurriak. Azkenik, dinamika amaitutzat emateko, lankidetzan jardundako hiru eragileen arteko balorazio bateratuta aurkeztuko da.