Borrar
Ahobizi

«Euskarari zor diogu esfortzu hau»

Martes, 13 de mayo 2025, 00:17

Azpeitiko hamaikakoan dago Eider Bereziartua triatleta. Morquecho

Eider Bereziartua Triatleta, Azpeitia

«Euskarari zor diogu esfortzu hau»

Euskaraldiaren edizio berri honetan Ahobizi rola hartuko du Eider Bereziartua triatletak. Hamaikakoan parte hartzeko deitu zioten eta ez zuen zalantzarik izan azpeitiarrak, izan ere, «nire egunerokotasuna da euskara , ohikoa eta azken finean, nire etxea», dio. Asko eta askorentzat euskararekiko harremana bestelakoa da eta horren kontziente da Bereziartua . «Jende gutxi dago egunerokotasunean euskaraz bizi dena eta erabilera hori bultzatzea nahi dut. Horrelako ekimenak garrantzitsuak dira eta nire aletxoa jarri nahi dut» .

Azpeitia arnasgunea da baina gero eta erdera edo atzerriko hizkuntza gehiago entzuten dira kalean, horren aurrean, «gero eta ohikoagoa bihurtzen ari da euskaraz ez egin beharra, inguruan norbait ezjakituna delako edo ez duelako hitz egiten, jakin arren, eta moldatu egin behar izaten dugu». Joera horiek «aldatzeko» ere balioko du Euskaraldiak Bereziartuaren ustez.

Euskaraz bizi arren badu protagonistak arantzatxo bat: hitanoa. «Ez dut behin ere hika hitz egiten eta norbaitek hala egiten badit, zuka erantzuten diot», azaldu du. Generazio kontua izango dela uste du, «bi ahizpa ditut eta zaharrenak, bai, hika egiten du. Erdikoak ez eta nik ere ez». Bere ustez, ez da ez dakielako, «saiatuz gero, egingo nuke baina pentsatu egin behar dut». Beraz, pendiente dauka atal hori eta badaki, «ez dut izena eman hitanoan baina bai, lotsak kendu beharko ditut».

Euskaraldian izena eman ez dutenak animatu nahi ditu parte hartzera. «Guretzat ez da esfortzua, ohituta gaudelako euskaraz egiten baina izanda ere, zor diogu hainbeste euskarari. Gure partetik horrelako ekimenetan parte hartzea egin dezakegun gutxienekoa da».

Euskaraldiaren lehen ediziotik bat egin du ariketarekin Igor Zurutuzak. Lobo Altuna

Igor Zurutuza Gizarte Hezitzailea

«Txaparik gabe ere ahobizi naiz egunerokoan»

Igor Zurutza donostiarra da jaiotzez, baina 2003az geroztik Beasainen bizi da. Gizarte-hezitzailea da, eta gazte justizian lan egiten du. Nahiz eta laneko egunerokoan euskara gutxi erabili ahal duen, ingurune pertsonalean eta herrian euskaraz bizi da. «Familia euskaldun batera etorri nintzen bizitzera eta ingurua oso euskalduna dut; lanean, berriz, ez dago aukera handirik euskaraz jarduteko», dio.

Euskaraldiaren lehen ediziotik parte hartu du eta ahobizi rola bere egin du, urte osorako konpromiso gisa. «Ahobizi izatea urte guztian eta egunero rol hori izatea da, txaparekin edo txaparik gabe. Nire egunerokotasunean ahobizi naiz, txaparik gabe. Nire ustez, Euskaraldia egiten ez den urteko aste guztiak garrantzitsuagoak dira, hor dago bakoitzaren euskararekiko grina». Bere ustez, Euskaraldiak jendeari lehen hitza euskaraz egiteko pausoa ematen lagun diezaioke. «Askotan ez da txaparik behar; pausoa ematea da garrantzitsuena». Beasainen hartu zuen euskaldun kontzientzia eta horrek bultzatu zuen hainbat elkarte eta egitasmotan parte hartzera.

Hizkuntza eskubideen alde aktiboki ari ohi da, eta argi du: «Ez dugu inor behartu nahi euskaraz hitz egitera, baina gure eskubideak errespetatuak izan behar dira». Bere ustez, zerbitzu publikoetan lehen hitzak euskaraz egitea izan beharko litzateke ohikoa.

Zalantzan daudenentzat, gomendio garbia du: «Belarriprest modura hasteko esango nieke. Horrek euskaldunei aukera ematen die euskaraz egiteko, eta norberak ere nahi duenean emango du pausoa». Zurutuzak argi dauka: «Euskaraldia ez da aste bateko kontua, euskaraz bizitzeko hautua da urte osoan zehar».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Euskarari zor diogu esfortzu hau»