Borrar
Jaurlaritzako, Topaguneko eta saltokietako ordezkariek elkarrekin egin dute argazkia. irekia

Euskaraldiarekin bat egin dute bost saltoki handik

Uvesco, Eroski, Carrefour, Mercadona eta El Corte Inglések euskararen erabilera areagotzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute

Ostirala, 11 azaroa 2022, 12:25

Comenta

Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza azalera handiko bost saltokik bat egin dute Euskaraldiarekin ostiral honetan, ariketa sozialaren hirugarren edizioa hasteko astebete falta denean. Hain zuzen, Uvesco, Eroski, Carrefour, Mercadona eta El Corte Inglés saltokiek euskararen erabilera areagotzen jarraitzeko urratsak emateko konpromisoa berretsi dute Bilbon egin den agerraldian.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Kike Amonarrizek eta Euskaraldiko koordinatzaile Goiatz Urkijok parte hartu dute agerraldian merkataritza guneotako ordezkariekin batera.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta merkataritza entitate horien arteko lankidetza 2016. urtetik dator. Orduan, euskararen erabileraren normalizazioan aktiboki inplikatzeko konpromisoa hartu zuten aldeek. Orain, aurreko edizioetan bezala, Euskaraldiarekin bat egin dute eta beren langile, bazkide eta bezeroei ariketa sozialean parte hartzeko deia luzatu diete.

Zupiriak gogorarazi duenez, merkataritza gune horiek aurreko edizioetan ere Euskaraldiaren babesle eta «langileen aktibazioaren eragile» izan dira. «Eguneroko bizitzan gero eta toki handiagoa duten espazioak dira saltoki hauek, izan erosketak egiteko, izan aisialdiaz gozatzeko. Euskararen aldeko jarrera honekin zerbitzuaren kalitatea bermatzen dute: kontsumitzeko aukerak bertakoa den hizkuntzan ere eskaintzeak esan nahi du kontsumitzaileak hautatu duen hizkuntzan erantzutea, Zerbitzua ematea. Eta hori kalitatezko Zerbitzua ematea da», esan du.

Ariguneak sortu

Bestalde, Amonarrizek era guztietako entitateak ariguneak sortzeko hartzen ari diren konpromisoa nabarmendu du, «erakundeen funtzionamendua euskalduntzeko urratsak emango dituztela adierazten duelako eta herritarroi euskaraz aritzeko babesguneak eskaintzen dizkigutelako».

Euskaraldia abiatzeko astebete falta denean, herritarrak ahobizi edo belarriprest rola aukeratu eta Euskaraldian izena ematera deitu ditu Amonarrizek, «hizkuntza ohitura aldaketak egin eta ingurukoengan eragiteko garai egokia izango da eta».

Euskaraldiaren hirugarren edizioa azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitarte egingo da 'Hitzez ekiteko garaia' lelopean. Ahobizi edo belarriprest rolean izena eman nahi duten herritarrek izenematea.euskaraldia.eus webgunera jo behar dute. Aurreko edizioetan parte hartu dutenek ere parte hartzea berretsi behar dute. Entitateek ere Euskaraldiaren atarian eman dezakete izena eta beraien erakundeetan ariguneak sor ditzakete.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Euskaraldiarekin bat egin dute bost saltoki handik

Euskaraldiarekin bat egin dute bost saltoki handik