Elisa Loncónek asteazkenean jasoko du René Cassin giza eskubideen saria
Bere bizitza eta lanbide ibilbidea giza eskubideen defentsaren eta horiekiko konpromisoaren inguruan antolatu dira
DV
Astelehena, 17 urtarrila 2022, 13:16
Elisa Loncón Antileo ekintzaile eta politikari txiletarrak 2021eko René Cassin giza eskubide saria jasoko du asteazkenean, urtarrilaren 19an. Loncón akademiko maputxea, hizkuntzalaria, ekintzailea eta politikaria da eta egun Convención Constitucional de Chile erakundeko presidentea da.
Aktibista Traiguén komunan jaio zen, Araucanía eskualdean, Txile hegoaldean, 1963an, eta haurtzaroa eta nerabezaroa Lefweluan maputxeen komunitatean egin zituen. Bere bizitza eta lanbide ibilbidea giza eskubideen defentsaren eta horiekiko konpromisoaren inguruan antolatu dira. Horixe izan zen pasa den abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren ospakizunean Jose Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak nabarmendutakoa saritua iragarri zuenean: bizitza osoan zehar «balio batzuk defendatzeko orduan izandako iraunkortasuna eta dedikazioa» eta «eremu akademikoan ez ezik, Txileko komunitate indigenekiko gizarte lanean ere» nabarmendu dela.
Horren erakusle da 'Financial Times' egunkariak munduko itzal handieneko 25 emakumeen artean kokatu duela orain gutxi.
Giza eskubideen defendatzaile gisa egiten duen lanean, maputxe herriaren eta Txileko jatorrizko herrien hizkuntza eta kultur desberdintasunak eta haien politika eta lurralde autonomia defendatzeko eta aitortzeko lan egin du. Kulturen arteko hezkuntza elebidunetik lan egin du zenbait espazio sozial, akademiko eta politikotan, eta Txileko plurinazionalitatea defendatu eta Txileko rstatuaren aurretik zeuden nazioak aitortzeko borrokatu da.
Ekitaldia Gasteizen izango da arratsaldeko 16.00etan eta saria Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren eskutik jasoko du.