Andereñoen Erresidentzia, ikastolen historia osatzeko falta zen katebegia
1964tik 1973ra 235 andereñoren prestakuntzaz arduratu zen Joanes Etxeberri Andereñoen Erresidentziako zuzendari izandako Pakita Arregi Goenagak liburu batean eman du esperientzia haren berri
n. azurmendi
Ostirala, 28 urria 2022, 18:12
Azken bi hamarkadetan, erakunde askok hartu dituzte aintzat, omenaldi, domina eta ohorezko izendapen ugariren bidez, 1935ean Areson jaiotako Pakita Arregi Goenagak egindako ekarpenak. Soziologia eta Politika Zientzietan Doktore, Euskal Herriko Unibertsitatean katedraduna izan zen erretiroa hartu arte, Euskal Hizkuntza eta Hezkuntzaren Soziologia irakasle. Bada ordea bere eta beste hainbaten ibilbidean UPV/EHUko garaien aurreko etapa bat, maiz aipatua baina orain arte apenas landua: Arregi zuzendari zela, 1964-65 ikasturtetik 1972-73 ikasturtera Donostian jardunean egon zen Joanes Etxeberri Andereñoen Erresidentzia, ikastolen eta euskal hezkuntzaren historia osatzeko falta zen katebegia, 235 andereñok jaso baitzuten bertan diktaduraren esanetara zeuden Magisteritza eskoletan maisu-maistrek nekez aurkituko zuten berariazko prestakuntza.
«Euskaran, euskal kulturan eta pedagogia berritzailean» oinarritutako prestakuntza egokia ahalbidetu zuen ekimenaren nondik norakoak jasotzen dituen liburua Pakita Arregik berak idatzi du. Berak aurkeztu du, halaber, ostiral honetan Foru Aldundian, argitalpena babestu duen Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari Garbiñe Mendizabalekin eta liburua argitaratu duen Txertoako editore Martin Ansorekin batera. Garai hartako oroitzapen, lekukotasun eta dokumentuz osatutako 'Joanes Etxeberri Andereñoen Erresidentzia', 176 orrialdeko liburua, «lan xume»-tzat jo duen Pakita Arregik aspaldiko lagunak ere izan ditu inguruan, Erresidentziako ikasle izandako andereño ohi talde zabalarekin partekatu baitu aurkezpena.
«Aitzindariak izan zineten»
Garbiñe Mendizabalen hitzetan, baliteke Joanes Etxeberri Sarakoaren izena jarri zioten ekimenaren historia xumea izatea, baina, bertaratuei esan dienez, «aitzindariak izan zineten, zuek hasitako bideak ekarri gaitu honaino». Frankismo betean eskola hitza erabiltzea arazo iturri izan zitekeenez erresidentzia izendatu bazuten ere, Donostian hainbat egoitza izan zituen barnetegia erabateko prestakuntza-zentroa izan zen.
Bertan, andereño eta andereñogaiek -ordurako tituludunak zirenak, zein Escuela Normal de Magisterio ofizial eta bakarrean ikasketak egiten ari zirenak- herriz herri hedatzen hasiak ziren ikastoletako hezkuntza eredu berri eta euskaldunari egokitutako prestakuntza osagarria jasotzen zuten, astelehenetik ostiralera. Elkarbizitza ere aberasgarria zen, antolatzen zituzten jarduerak eta garaiko idazle, musikari eta kultur eragileek egiten zizkieten bisitak bezalaxe.
Ikasgaiei dagokienez, magisteritza eskola frankistetan existitzen ez ziren euskara, euskal literatura edo Euskal Herriko historia hartzen ziren batik bat aintzat, baita 'kultura unibertsala eta gizakiari buruzko teoriak' eta ikastolen planteamendu pedagogiko berritzaileak ere. Aparteko garrantzia eskaintzen zioten euskarari, «garai hartan euskaldun gehienak bere hizkuntzan analfabetoak» baitziren.
Magisteritzan ematen ez zitzaiena
Hezitzaileak ez ziren nolanahikoak. Beste hainbaten artean, Xalbador Garmendia; aitzindarien aitzindari izandako Elbiria Zipitriarekin trebatutako Karmele Esnal; Joan Mari Lekuona; Federiko Zabala; Pako Garmendia; Feli Etxeberria edota Karlos Santamaria ziren talde horretako kide. Beste arlo askotan ere ekarpen handiak egin zituen Karlos Santamaria, hain zuzen, ekimenaren sustatzaile nagusietakoa izan zen, Joxe Migel Zumalabe, Eujenio Agirretxe eta Joxe Muruarekin batera.
Santamariak berak idatzi zuen, alegia, esperientziaren oinarri eta gida izan zen 'Andereñoen prestaeraren planteamendu jenerala', eta azpiegitura kontuak ere haiek konpondu zituzten. San Sebastian hoteleko areto batean egin zuten aurreneko bilera ez dauka ahaztuta Pakita Arregik, ezta bertan elkartu ziren gizonezko ugarien irudia ere. Han abiatu zen, hain zuzen, «Magisteritzan ematen ez zitzaiena ikasteko eta ikastolaren alderdi berezi batzuetan trebatzeko» ekimena.
Orain arte ia oharkabean joan den esperientzia hura euskararen, gizartearen eta politikaren ikuspegitik oso konplikatuak izan ziren garaietan sortu eta garatu zen; euskara batuaren inguruko eztabaida sutsuak, gizartearen sekularizarioa, sentsibilitate politiko desberdinen arteko urruntzea... Proiektuari bete-betean eragin zioten liskar haiek, eta izan zuten zerikusirik 1972-1973 ikasturtearen amaieran bertan behera utzi izanarekin.
Hala ere, Martin Ansoren hitzetan «naturaltasunez, haserrerik gabe eta kontu-garbiketarik gabe» eman du Pakita Arregik urte haietan gertatutakoaren berri, Xehetasun handiz eta urrats bakoitza bere testuinguruan kokatuz ere bai, eta abentura hartan parte hartu zuten guztiei merezi duten tokia eskainiz. Hamabi lekukoren, Erresidentziaren esperientzia bertatik bertara bizi izan zuten hamabi emakumeren hitzek ixten dute liburua.
Egileak esan duen bezala, «lan xumea da, baina guretzat garrantzi handia duena, gure bizitzaren zati garrantzitsuenetako bat han dagoelako». Ikastolen lehen urteetako historiaren zati garrantzitsua ere izan zen Andereñoen Erresidentzia, nahiz eta orain arte kontakizuna erabat osatu gabe egon, «ikastolen historiako kate luzean izan zen eta funtzionatu zuen kate puska bat falta zelako, ttikia bazen ere».