Agurne Barruso izango da Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusi berria
Armentia ikastolako zuzendariak Jose Luis Sukia ordezkatuko du
J. A.
Asteartea, 16 urtarrila 2024, 12:27
Agurne Barruso Lazkano (Bergara, 1969), azken zazpi urteetan Armentia ikastolako zuzendaria, izango da aurrerantzean Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusi berria taldeko karguan Jose Luis Sukia ordezkatu ostean. Erantzukizun handia ere dela aitortu arren, erronkek motibatu egiten dutela esan du eta «ilusioz» heltzen diola lemari, are gehiago inguruan lan talde eta zuzendaritza nahiz artezkaritza talde sendoak edukita: «Uneotan mugimendu bizia da ikastolena, aktiboa, eragilea… Ongi kokatuta gaude hezkuntza sisteman eta gizartean, eta etorkizun handiko proiektua gara».
Ikastolen Elkarteak jakinarazi duenez Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluak iragan irailean izendatu zuen Barruso zuzendari nagusi, baina udazkenean zehar Barruso eta Sukiaren arteko «trantsizio aldi bat» egin dute eta urte berria heldu arte ez da gidaritzan aldaketa eman. Hala, ikasturte honen amaieran hartuko du erretiroa Sukiak eta bitartean zuzendari nagusi berriaren eta zuzendaritza taldearen alboan arituko da lanean.
Kargua hartzeko uneaz galdetuta, «interesgarri» dela iritzi du pedagogia alorrean aurkeztu berri den Ikastolen Hezkuntza Marko Orokor berriaren hedapena egiten hasi direlako, eta, bestetik, maila instituzionalean Ikastolen VII. Batzarra egingo delako ikasturte honen amaieran. Izan ere, Barruso berau antolatzen ari den lantaldeko kide da eta bertan bozkatuko diren dokumentuekin dabil buru-belarri. «Otsailaren amaieran hasiko dugu eztabaida prozesua ikastolekin, haiei aurkeztuko diegu egindako lana eta guztion ekarpen eta zuzenketekin landuko dugu VII. Batzarrera eramango dugun behin betiko proposamena. Batzarra izango da ikastolen ildo estrategikoak markatuko dituen abiapuntua. Azken batean, hurrengo hamarraldirako gure proposamena landu behar dugu».
2016ko irailean hartu zuen zuzendari nagusi kargua Jose Luis Sukiak, Imanol Igeregiren ordez. Ordura arte Egonkortasun arduraduna izan zen 2010ean sortutako Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartean. Sukiaren eta ikastolen mugimenduaren arteko lotura, ordea, atzeragotik dator, izan ere, 1993tik ari da ikastolen mugimenduan buru belarri lanean.