Senpereko lakura itzuliko da Herri Urrats maiatzaren 8an
39. edizioaren xede zehatza lakuaren inguruan bertan eraikiko den kolegioa da, Seaskaren bosgarrena
nerea azurmendi
Kanbo
Asteartea, 25 urtarrila 2022, 12:20
Beste hainbat asmo eta ekimen bezala, bi urtez zapuztu du pandemiak Seaskako ikastolentzat horren garrantzitsua den Herri Urrats, baina 2020 eta 2021 urteetan pairatutako «frustrazioak» ilusioari eman dio bidea 2022an, astearte honetan iragarri duten moduan Senpereko lakura itzuliko baita jaia maiatzaren bigarren igandean; maiatzaren 8an, alegia.
Horixe nabarmentzen du Amaia Ampo ikasle gazteak sortu duen 'Itzulera' leloak. Berriro lakuaren inguruan ibiltzearen garrantzia gogorarazten duen oinetakoaren irudiak osatzen du Seaskako ikasleek aurkeztutako 235 proposamenen artean aukeratutako lana. Pandemiak ezarri dituen baldintza zailei aurre egin behar izan dieten ikasleak omendu nahirik, haiei luzatu zieten hain zuzen leloa eta logoa diseinatzeko gonbidapena, sekulako erantzuna lortuz. Egileak berak eta Ihintza Iriart Herri Urratseko koordinatzaileak, hain zuzen, ikasleen eta oro har ikastolen komunitatea osatzen duten guztien ilusioa nabarmendu dute, hurrenez hurren Herri Urratseko eta Seaskako lehendakari diren Beñat Bidegain eta Peio Jorajuriarekin partekatu duten agerraldian.
Aurten 39. aldira helduko den Herri Urratsek, aurrekoek bezala, bi helburu ditu, garrantzi berekoak biak: ekonomikoa eta soziala; Seaskako ikastolek hedatzen jarraitzeko behar duten sostengu materiala dakarrena bata, eta euskararen eta ikastolen festa Euskal Herri osoko euskaltzaleekin partekatzea ahalbidetzen duena bestea.
«Herri Urratsek ez du soilik helburu ekonomikoa. Ikastolen pesta ospatzeko beharra dugu, elkartzeko beharra dugu»
Nahiz eta azken bi edizioetan askoren ahaleginari esker lortu den helburu ekonomikoa -300.000 eurokoa iaz, edizio arruntetakoa baino apalagoa- betetzea, «ikastolen festa ospatzeko beharra dugu, elkartzeko beharra dugu», adierazi du Beñat Bidegainek. Iaz, Herri Urrats handi bakar baten ordez 30 Herri Urrats txiki egin zituzten beste horrenbeste ikastolaren inguruan, urtarriletik maiatzera bitartean Boga diru bilketa kanpaina bultzatuz. «Diru bilketak beharrak salbatu dizkigu, baina Herri Urratsek ez du soilik helburu ekonomikoa. Ikastolen pesta ospatzeko beharra dugu, elkartzeko beharra dugu», esan dute 1985an sortu zenez geroztik Herri Urrats elkarteko kide eta «militante sutsua» izandako Gillermo Etxeberria zena omentzeko ere baliatu duten prentsaurrekoan.
Herri Urrats «normala»
Aurtengo xede zehatzaren berri Perio Jorajuriak eman du. Izan ere, Ziburuko Piarres Larzabal kolegioa txiki geratu zaie, eta 11-15 urte bitarteko ikasleak hartu ahal izateko Seaskaren bosgarren kolegioa eraikiko dute Senperen bertan, «justu Herri Urrats egiten den lakuaren ondoan» herriko etxeak proposatu duen «lur eremu eder batean».
Premia handia izanik, 2023-2024 ikasturterako amaituta izan nahi dute hasiera batean 250 ikasle hartu ahal izango dituen ikastetxea, 300era heltzeko aukera emango duena. «Herri Urratsen sostengua ezinbestekoa izanen da eskualdeko ikasleak aterpetuko dituen kolegiorako», azaldu dute.
Maiatza urrun dagoenez, eta birusak ongi frogatu duenez hankaz gora jar ditzakeela aurreikuspen denak, aurtengo Herri Urratsi buruzko zehaztasunak emateko goizegi dela adierazi dute, aurreratuz nolanahi ere Herri Urrats «normal» bat antolatzea dela abiapuntutzat hartu duten hipotesia, nahiz eta egokituko diren unean uneko egoerari eta eguna iristean indarrean egon daitezkeen murrizketa eta neurriei.
Atarikoak
-
Go!azen. Otsailaren 3an, ETB1eko telesailaren 8. denboraldiko azken atalaren aurre estreinaldia Donibane Lohizunen (Le Sélect, 18:30).
-
Hitzetik Urratsera. Bertso saioa, martxoaren 13an. Miren Artetxe, Odei Barroso, Saioa Alkaiza, Eneko Lazkoz, Nerea Ibarzanal eta Jone Uria. Senpere. (Larreko gela, 16:00)
-
Bestelakoak. Txartelen salmenta abian da, eta zozketa maiatzaren 19an egingo da. Jantzi kolekzioa ere salgai dago abenduaz geroztik.
-
Kanta. Pello Reparaz buru duen Zetak taldearena da. Udaberrian aurkeztuko da.
-
Azterketak Euskaraz. Jende katea Baionan, otsailaren 4an.
Giroa berotzeko, baina, egitarau jorria dute prest. Urtero bezala, abian dira zozketa eta jantzien salmenta, eta bi ekitaldi handi ere prestatu dituzte Herri Urratsen atariko gisa. Batetik, otsailaren 3an, biharamunean amaituko den Go!azen telesailaren 8. denboraldiko azken atalaren aurre difusioa egingo dute Donibane Lohizunen. Bestetik, martxoaren 13an, igandearekin, 'Hitzetik Urratsera' bertso emanaldi guztiz berezia izango da Senpereko Larreko gelan. Txapelketa Nagusiaren urtea denez, saioaren formatua aldatu egingo da. Azken urteetan Txapelketako finalistak kantatzen zuten saioan. Aurten, ordea, lurraldeka jokatu diren txapelketetako bina finalista elkartuko dira, seikoa osatu arte. Herri Urratsen kanta, berriz, arrakasta lagun duen Pello Reparazen Zetak taldeak sortuko du, eta udaberrian aurkeztuko da.
Azterketak Euskaraz
Agendan badago beste data garrantzitsu bat, otsailaren 4a, festarekin baino zerikusi zuzenagoa duena Seaskaren kezkekin eta aldarrikapenekin. Jakina denez, aspaldikoa da ikastoletako ikasleek Baxoa eta Brebeta azterketak osoki euskaraz egiteko aukeraren inguruko eskaera. Azken urteetan egin izan dira urratsen batzuk, baina azken berriak ez omen dira batere lasaigarriak. Horren aurrean, Baionan burutuko den jende kate baterako deia egin dute otsailaren 4rako, «azterketak euskaraz izan daitezen ozen aldarrikatzeko».
Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak azaldu duenez, «Parisetik kontrakorik ez dioten bitartean, gure ikasleek Baxoko Berezitasuneko frogak pasako dituzte aste batzuen buruan, martxoaren 14ean». Ikasleek, baina «oraindik ez dakite zein hizkuntzetan egiten ahalko dituzten Berezitasuneko bi frogak». Frantziako Hezkuntza Ministerioak abenduaren 14an igorritako zirkularrak dio «froga batzuk euskaraz aurkezten ahalko direla«, zehaztu gabe. Joan den astean Bordeleko Errektorearen izandako bilkurak ez zuen ezer argitu baina, Jorajuriaren hitzetan, »berarekin izandako solasaldiak zinez kezkatu gaitu. Zirkularra aitzinatze bat izan ordez, gibelatze bat izateko arriskuan da«.
Baxoaren probetako bat den 'ahozko handia' euskaraz pasatu ahal izatea ere ez dago bermatutan, nahiz eta badagoen 2019az geroztik EEPrekiko hitzarmen bat. Ekainean egitekoa den Brebetari buruz zalantza asko daude, halaber. Errektoreak agindu zien otsailaren 4rako emango ziela erantzun bat. Horregatik, iragarri dute, «erabakia otsailaren 4a aitzin helduko denez, otsailaren 4ean Jende Katea baterako deia egiten dugu Baionan, borrokarako prestatuko gara, baldin eta Errektoreak gure haurren oinarrizko eskubideen kontrako erabakia hartuko balu». Arratsaldeko 4.30tan Baionako geltokitik Baionako Suprefeturaraino luzatuko den katea antolatuko dute, Aturri bazterrean, «Azterketak Euskaraz izan daitezen ozen aldarrikatzeko».