Ez dute bertso udalekurik egingo aurten
Koronabirusaren ondoriozko egoera ikusita, «lehentasuna osasuna dela argi izanda, arduraz jokatu eta aurtengo Bertso Udalekuak bertan behera uztea» erabaki du Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak
DV
Donostia
Igandea, 26 apirila 2020, 09:00
Maiatzean hezitzaileekin egin behar zituzten prestaketa lanak ezin dituzte behar bezala egin; eta udako egoera nekez aurreikus dezakete. «Baimenduta ere, hartu beharreko babes neurriak eta lurralde bakoitzean izango diren baldintzak ez dakizkigu oraindik, eta, zentzu horretan, ezin dugu aurreikusi horiek denak bermatzeko modua izango dugun». Horregatik, «lehentasuna osasuna dela argi izanda, arduraz jokatu eta aurtengo Bertso Udalekuak bertan behera uztea« erabaki du Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak.
Otsailean ireki zuten hezitzaileen izen-ematea eta martxoan, bi epetan, gazteena. Guztira, 45 hezitzaile eta 180 gazte zeuden Orioko, Uitziko, Sopelako, Zugarramurdiko eta Zuhatzako egonaldien zain.
Koronabirusa dela eta, ordea, ezin izango dute maiatzaren hasieran hezitzaileekin ekin behar zioten udalekuen prestaketa lanari. Ez daukate, ordea, dinamika hori behar bezala gauzatzeko baldintzarik.
«Erabaki zaila da«, nabarmendu dute, »parte hartzen duten gazteek, hezitzaileek, gurasoek eta Bertsozale Elkarteak ilusioz elikatzen duten egitasmoa baita. Bertsolaritzarekin jolastu, lagun berriak egin eta egonaldiotan sortzen den giroa paregabea da parte hartzaileentzat; horren erakusgarri 22 urteotan izan duen arrakasta«. Egoera dena izanda, baina, datorren urtean itzuliko dira bertso udalekuak.
Lehen udalekua Hazparnen egin zen, 1998an, Bertsularien Lagunak Elkarteak eta Uda Leku Elkarteak antolatuta. Euskal Herri osoko haur eta gazteek hartzen dute parte udalekuetan, euskalki aniztasuna izanik, hain zuzen, udalekuon ezaugarrietako bat.