Geza Toth EHUko ikertzaileak Friedrich Wilhelm Bessel saria jaso du

Geza Toth ikertzailea/EHU
Geza Toth ikertzailea / EHU

Optika kuantikoaren, informazio kuantikoaren zientziaren eta gurutzatze kuantikoaren teoriaren arloetan gauzatutako lanagatik eskuratu du saria

DVDonostia

Geza Toth Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Fisika Teorikoa eta Zientziaren Historiaren irakasleak Alexander von Humboldt Fundazioak ematen duen Friedrich Wilhelm Bessel ikerketa saria jaso du. Nabarmentzekoa da bere lorpena, estatuan beste hiru lagunek soilik lortu baitute sari hori, EHUk jakinarazi duenez.

Alemaniako Hezkuntza eta Ikerketa Ministerioak sortutako saria Alemaniatik kanpo bizi diren eta nazioartean ospea duten ikertzaileei ematen diete, beren abangoardiako ikerketa lorpenen errekonozimendu moduan, dagokien diziplinan funtsezko eragina izateagatik eta ikerketen etorkizunean potentzial handia izateagatik.

Kasu honetan, Gezak optika kuantikoaren, informazio kuantikoaren zientziaren eta gurutzatze kuantikoaren teoriaren arloetan gauzatutako lanagatik eskuratu du saria.

«Irabazleak ikerketa erregistro bikainengatik ohoratzen dituzte, eta Alemanian urtebeteraino pasatzera gonbidatzen dituzte adituekin lankidetzan ikerketa proiektuak gauzatzeko», azaldu du Tothek. Sari honi esker, sei hilabete emango ditu Alemaniako hainbat zentrotan bere ikerketa alorreko proiektuetan lanean.

Zientzialari saritua

Toth-ek hainbat sari jaso ditu bere lan zientifikoari esker. Hain zuzen ere, 2011an bere ikerketak finantzatzeko 1,3 milioi euro jaso zituen Europar Batasuneko Ikerketa Kontseiluaren (ERC ingelesezko siglen arabera) ERC Starting Grant programaren bidez.

Budapesteko Unibertsitate Teknikoan Maisutzan lizentziatu zen (1994) ikertzaile hungariarra Ikerbasqueko kidea da 2008tik eta UPV/EHUko Fisika Teorikoa eta Zientziaren Historiaren irakaslea da. Ondoren, 2000. urtean Notre Dameko Unibertsitatean (AEB) doktoregoa eskuratu zuen.

Orduz geroztik, hainbat erakundetan aritu da ikertzen, besteak beste, Oxfordeko Unibertsitatean (Erresuma Batua), Bartzelonako ICFOn (Instituto de Ciencias Fotónicas), Budapesteko Fisikako Ikerketaren Wigner Zentroan eta Hungariako Zientzia Akademian eta Municheko Optika Kuantikoaren Max Planck Institutuan (Alemania).

Temas

Euskera