«Adostasunean sakontzeko» asmoarekin hartu du Idurre Eskisabelek Kontseiluaren lema
Kontseiluko 30 bazkideen ordezkarien eta gonbidatu ugariren aurrean jaso du Paul Bilbaok luzatu dion lekukoa, eta etapa berriko ildo nagusiak aurreratu ditu
m. imaz
Asteartea, 6 abendua 2022
Euskalgintzaren Kontseiluko 30 bazkideen, erakundeen eta gizartearen arlo askotako eragileen ordezkariak lekuko zirela gauzatu da astearte honetan, abenduak 6, Durangon, Kontseiluaren 25. urteurreneko ekitaldi esanguratsuena: «12 urtez ontzia gidatu ondoren», Paul Bilbao Sarriak Idurre Eskisabel Larrañaga idazkari nagusi izendatu berriari «pasatu dio lema» Kontseiluak «itsaso berriak esploratu» nahi dituen honetan irakasle eta kazetari beasaindarra izan dadin lemazain.
1997ko abenduaren 6an Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua –egungo deitura orain dela bi urtekoa da– aurkeztu zen toki berean egin zen ekitaldia. Besteak beste, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua, Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako Sailburuordea, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaria, UEMAko koordinatzailea eta Ima Garrastatxu Durangoko alkatea batu dira ekitaldira. ELA, LAB eta STEILAS sindikatuetako arduradunak ere ekitaldian izan dira, bai eta EAJ, EH Bildu, EH Bai eta Sortu alderdi politikoetako ordezkariak ere.
Adostasunean sakondu
Idurre Eskisabelek eskerrak eman nahi izan dizkio «genealogia euskaltzaleari, euskara ur putzu sakon eta ilun bat besterik ez zen garaietan ere ez ziolako etsi, baita egun euskara itsaso zabal bat izan dadin arloz arlo lan egiten duten pertsona guztiei ere». Itsasoaren metafora izan da nagusi Eskisabelen hitzartzean.
«Euskalgintzako kideak aspalditik gabiltza aro berri baten iragarpenean. Jabetuta munduaren aldaketa abiadura inoiz ez bezala azeleratu dela azken bi hamarkadetan, orain arteko tresna, apareju eta nabigazio kartak jada ez zaizkigu baliagarri«, adierazi du. Izan ere, «hizkuntza nagusiak gero eta nagusiago dira, eta mundua eta gu gero eta homogeneoagoak. Horrenbestez, hizkuntza txikiagoetan, gutxiagotuetan, aritzeko bulkada bat ere behar da. Eta bulkada horiek ez dira kasualitatez sortzen, eratu eratu eta sustatu egiten dira. Bide horretan, itsaso berriak esploratzera irtengo da Kontseilua».
Kideen artean, besteak beste, Elkar, Topagunea, AEK, Ikastolen Elkartea, Elhuyar eta Eusko Ikaskuntza dituen Kontseiluak iaz bultzatu zuen Batuz Aldatu adostasun soziala ere izan du gogoan. Bertan, euskalgintzako eta euskalgintzatik kanpoko ehundik gora gizarte eragilek bat egin zuten etorkizuneko hizkuntza-politikaren bide orriarekin.
Egungo politikek behar duten jauzia bultzatzeko, Eskisabelek adierazi du «adostasunean sakontzea» izango duela helburu: «Adostasuna euskalgintzako eragile eta norbanakoekin, adostasuna instituzioekin, eta adostasuna beren burua euskalgintzatik eta euskaratik urruti ikusten duten arren, bizikidetza, justizia eta kohesio soziala helburu dituztenekin ere. Euskararen biziberritzea justizia eta kohesio sozialari muin-muinean lotzen zaio kuestioa baita». Azkenik, idazkari nagusi berriak azpimarratu du «euskaraz zerbait behar badu, hori politika da, letra larriz idatzitako politika. Diferentzien gainetik interes orokorrean, euskararen biziberritzean begirada jartzeko gai izango dena. Adostasun politiko horiek lortzea izango da nire ahalegina».
Kontseiluak izan dituen beste bi idazkari nagusiek ere hartu dute hitza. Hastapenak ekarri ditu gogora Xabier Mendiguren Bereziartuk, eta Paul Bilbaok erakundeetako ordezkariei eskatu due Kontseilua eragileekin jorratzen ari den askotariko adostasunen edukiari errepara diezaiotela, «adostasun handiko proposamenak» izanik, horiek abian jarriz gero «gehiengo zabala izango dutelako haien alde».