Code.org, %100 euskaraz

Haur eta gazteei programatzen irakasteko web gunea osorik euskarara ekartzeko deitu duten maratoiak lortu du helburua betetzea

DVdonostia

Euskara ez da oraindik azaltzen code.org web guneak duen hizkuntza eskaintza zabalean, baina egon badago. Hain zuzen ere, bikaina izan da UEUk, UPV/EHUko Informatika Fakultateak eta Ikasle Kontseiluak egindako auzolanerako deialdiak jaso duen erantzuna, eta larunbat honetan Donostiako Informatika Fakultatean egin den itzulpen maratoiean parte hartu dutenek burutu dute egiteke zegoena. Horrenbestez, zuzentzea eta argitaratzea baino ez da gelditzen milioika erabiltzaile dituen tresna hori euskaraz baliatu ahal izateko. Esan zuten Durangorako prest egongo zela eta, azken bultzada honi esker, egongo da.

Edukiaren erdia baino zertxobait gehiago euskaratuta zegoela ekin diote itzulpen-saioari goizeko 10:15ean. Aurrera egin ahala, haietako asko Twitter bidez joan dira egiten ari ziren urratsen berri ematen. Aurreikusitako ordua baino lehenxeago, eguerdiko ordu biak jo gabe zeudela, zabaldu dute berria. UPV/EHUko Informatika Fakultateko kontuan honela kontatu dute.

Zuzenketak falta dira euskarazko bertsioa sarean jartzeko, baina iristen den unean osatuenetakoa izango da, badira eta hizkuntza handi-handiak, gaztelania, frantsera eta alemana, esate baterako, %100eko itzulpenera iritsi ez direnak. Lan-saioa horrenbesteko probetxuz amaituta, elkarrekin bazkaldu dute itzultzaileek, eta gehien itzuli duenarentzako saria Xabi Linazasorok (@trikuxabi) eskuratu du.

Tresna garrantzitsua

Haur eta gazteengan programatzen ikasteak dituen onuren inguruko adostasuna ia erabatekoa izanik, horretarako baliabide eta ekimen ugari joan dira garatzen azken urteetan, jolasaren bidez-eta gazteenek ikas eta ikus dezaten ez dutela zertan izan teknologia berrien erabiltzaile pasibo.

Aukera sorta zabal horretan bada bat, code.org plataforma, 2013an sortu zenez geroztik hedapen izugarria izan duena. Ali eta Hadi Partovi iraniar jatorriko anaia biki estatubatuarrek YouTubera igo zuten bideo batekin abiatu zen proiektua (eguneko bideo ikusiena izatea lortu zuen), eta orduz geroztiz, anaiek teknologia berrien eremuan ibilbide arrakastatsua egin duten bitartean, irabazi asmorik gabeko egitasmo erraldoi bilakatu da, milioika erabiltzaile dituena. Teknologia berrien alorreko izen handi guztien babesa duen ekimenak arreta berezia jartzen dio integrazioari, bestela prestakuntza ona izatea ezinezko izango luketen neska eta mutikoei aukera hori emateari.

Web gunean sartu-irtena egitea nahikoa da ikusteko zer nolako tamaina duen ekimenak, eta zein atsegina egiten zaien erabiltzaileei konputagailuak programatzen ikastea. Izan ere, ezagunak diren film eta marrazki bizidunen bitartez programazioaren oinarrizko kontzeptuak ikasi eta haiekin jolastu egiten dute, beraien joko eta artelanak sortzen dituzten bitartean. Beste aukera batzuk ez bezala, tresna hau doakoa da erabat, irakasleek ikasleekin batera baliatzeko oso egokia, etxean ere erabilgarria. Laster, hori guztia euskaraz egin ahal izango da.

 

Fotos

Vídeos