«Zertarako? Herriaren beharrari erantzuteko, ekoizlei betarik emateko»
Igor Unanue Urdapilleta | Behar baitzuen Igeldok denda bat, behar baitzuen topalekurik. Litxarreriak ere
Cristobal Balenciaga pasealekuaren 93an, arteari eta sorkuntzari eskainitako Undermount eremutik ez hain urrun, 16 autobusaren igotzeko zein jaisteko geraleku biren justu ondo-ondoan; hor da Iko denda eta topalekua, 105 bazkide inguru dituen kooperatibak bultzatua, kudeatua, maitatua eta mundu guztiari irekia. Igeldoko herriari, jakina, baina baita Santiagora doazen erromesei ere. Edo mendi bueltan dabiltzanei. Bizikletaz igotzen direnei. Laburbilduz, denei. Lasarteko Berasategitarren txigorlekuan prestaturiko kafe on batekin hizketan jardun genuen, itsasora zein mendira begira jarrita.
– 1911 urtetik!
– Ba bai, bizitza luze eta gorabeheratsua izan du Igeldoko nekazarien kooperatibak. Denboraren poderioz, historiaren gertaera latz eta ankerren poderioz, animo galera eta sasoia berreskuratzearen poderioz, agertu eta gogor ekin, desagertu eta utzia izan zen. Baina, Igeldoko herriak nola, etxeak zutik ziraun. Beraz, 2005ean, auzolanaren bitartez eta 25 bat bazkideren bultzadaz, berreskuratu zen ekimena. Ekimen eta ametsa. Igeldok ez zuen dendarik. Igeldok ez zuen ia herri guztietan izan ohi den leku horietako bat, non jatekoa, edatekoa, platerak garbitzekoa, erratzak zein uretako botak aurkitzen dituzun. Erosketak egitera Donostiara jaitsi behar. Erosketak eta, bertako ekoizleek ere, beren produktuak saltzeko aldapa behera jo behar zuten, Donostiako merkatuetara, Donostiako delicatessen horietara. Hori guztia zela eta, 25 lagun horiek bildu ziren eta Igeldo Nekazarien Kooperatiba birsortu.
«Hemen bizi garen denok ez gara hemen sortuak. Badira Egiakoak, Antiguakoak, Lasartekoak, Tolosakoak, Galiziakoak, Alemaniakoak, Herbehereetakoak...»
– Interneten zuen berri ingelesez ere ematen dute, duzue, 'Basque Eco Food & Beverage Shop'.
– Hasieran herriak zituen beharrei erantzuteko sortua bazen ere, pixkanaka beste lekutako edo sorterriko jendea gu ezagutzera iritsi da. Kanpina ostatu dutenak, pelegrinak, zikloturistak, mendizaleak, turistak, bidaiariak. Badira behean bizitzearren, erosketak egitera hona datozenak...
– Egokia deritzot. Donostiako hainbat lekutan harro saltzen duten 'Igeldoko tomate' hori erosi nahi baduzu, non hobe Igeldon baino? Aldapa gorako paseo bat, hona etorri, zerbeza pare bat atera, oliba batzuk... goiz pasa. Edo aperitifa gozatu. Hala ere, badira oraindik tabernak, sagardotegiak, ostatuak herrian eta inguruotan, ezta?
– Jakina. Eta denak mitiko samarrak. Baten bat ahaztuko dut agian baina boteprontoan, Txapela, Ekaitz, Etxe-nagusi, Kalonge, Nikolas, gehi jolas parkean daudenak edo Akelarreko terrazan, kokteletarako lekua.
– Ez da makala aukera baina gozo baino gozoago ematen du sartu eta eskuinean osatu duzuen txoko horrek. Erosketak egin aurretik edo gero...
– ...Hortxe esertzen da jendea. Kontu kontari, eskuan kafe edo txokolate kikara duela. Iko herriko jendearentzako topagunea bilakatu da. Gazteak hemen elkartzen dira ostiraletan, gero nahi duten lekuetara joateko kuadrillan. Salgai edo eskura ditugun liburuak hemen orriztatu ohi ditu jendeak. Agortu zitzaigun mila bat argazki dituen Jabier Iraolaren 'Igeldoko Historia eta istorioak'. Mostradorean orain duguna Jakoba Rekondoren 'Bizi baratza' da. Eta Igeldoko Orri Informatiboa, martxokoa.
– Agortzear hori ere, leitzen ari naizen alea azkena da. Interesgarria oso, Arkaitz Etxebeste aizkolari gaztea dugu azalean.
– Merezimendu osoz. Otsailaren 25ean Azpeitian jokatu zen Urrezko Binakako Txapelketa eskuratu zuen Iker Vicente bikotearekin batera.
– Bestelako berriak ere ekartzen ditu orriak. Gabonetako zozketan ateratako diruarekin, aparkalekua txukunduko duzuela dio, esaterako; Errigorako produktoak (errigora.eus) eskatzeko epea bukatzear (bihar) da... Portzierto, ez ditugu aipatu apaletan, hozkailutan, kaxetan eta lurrean dituzuen produktuak.
– Gehienbat bertako ekoizleenak. Edo inguruetakoenak. Esaterako, Agerre Txiki baserriko zerbak, gehien bat ekologikoak. Zamorakoak dira garbanzoak. Gaztelakoak dilistak ('castellana' barietatekoak). Arabakoak hazitarako patatak ('Spunta agria'). Alta, bestelako produktuak saltzen ditugu ere, askotan jendeak ezin edo ez du pagatu nahi ekologikoak. Bale, ohikoak ditugu eskura. Onak baina ez ekologikoak, ez hain bertakoak... Romaneskua bai hemengoa da. Kipulinak ere.
– Eta litxarrerien kontu hori?
– Lehen ez genuen txutxe askorik. Hasi ginen, ordea, eskuz idatzitako mezuak jasotzen iradokizun kutxan:'Ez al dituzue gusanitoak? Noiz ekarriko dituzue chupachupsak?'. Eta jakina, ekarri genituen...
– Etorkizunari begira, zer?
– Bueno... Alde batetik, bazkide egiteko aukera beti da zabalik. Bestalde, orain arte lortutakoa aztertu eta finkatu behar dugu. Pandemia garaiko gorabeherak (onerako zein txarrerako) ez ziren errealak. Oraingoak bai, ondo goaz salmentaz. Gainera, hemengo jendeak hemen nahi du geratu eta ez jaitsi zentrora. Ez poteatzera ez erosketak egiteko. Etxeak badu bigarren solairu bat. Txukundu nahi dugu kultura, aisaldi edo enkontruetarako. Dirua behar, hori bai.