Borrar
Urgente Un joven de 24 años fallece ahogado en la presa de Usako, en Oñati
Euria ari zuen larunbatean Gaskuña plazan, baina merkatura hurbildu zen jendea. Alazneren (eta Jonen) barazkiak eta kremak erostera. BORJA LUNA
«Nor bere osasunaz arduratzeaz harago jo behar dugu; denonaz aritu»

Hiritarrak

«Nor bere osasunaz arduratzeaz harago jo behar dugu; denonaz aritu»

Alazne Intxauspe Elola | Porru, azelga edo tomateekin eredu jakin baterantzako trantsizio prozesuan

Begoña del Teso

San Sebastián

Miércoles, 30 de abril 2025, 07:56

Gizarte Zientziak eta Enpresa ikasiak, Alazne Intxauspe eta Jon Bereziartua Mañarin bizi dira. Ortua, ostera, Iurretako Orozketa auzoan daukate eta Andoainen kontserbera txikia. Bertan, salmentatik sobratzen diren berdurekin kremak egin eta botilaratzen dituzte. Tipula gorriarena masterchef batek ez luke gaindituko. Donostian egiten diren larunbateroko merkatuetan dabiltza bai Jon bai Alazne. Bizkaiko EHNEko sindikatukoak dira eta Etxalde mugimenduan hartzen dute parte.

– Etxalde?

– Baserritarrek osatutako mugimendua, nekazaritzari loturiko pertsonei irekita dagoena. Webean esaten den bezala, Euskal Herrian nekazaritzaren bidez elikadura burujabetza eraikitzea da bere helburu nagusia. Alta, nik pixka bat zehaztuko, ñabartuko nuke: bagabiltza eredu jakin baterantzako trantsizio prozesu abesgarri batean. Nahi dugu bi eredu aurrez aurrean jarri, industriala eta bertakoa, txikia (edo ertaina), familiarena(k) dena. Nahi dugu jendeak izatea ez bakarrik ondo elikatzeko eskubidea baizik eta bi eredu horien artean aukeratzekoa ere. Egun, hautu hori oso mugatua da. Izan ere, industrialak kontzeptuak ere kendu dizkigu.

– Kontzeptuak kendu?

– Bai. Konturatu dira enpresa eta konpainia handiak, ohartu dira inbertitzaile-funtsak jendea hasi dela elikagai sanoak erreklamatzen eta saltoki handi guztietan agertu dira, dagoeneko, esparru batzuk non (ustezko) produktu bio/eko/0 Kilometrokoak saltzen diren. Merkatua ari baita aldatzen. Osasuntsu kontzeptua, ekologiko kontzeptua, bertako kontzeptua, libre bizi diren oilasko/behien kontzeptua kendu digute guri eta guk ez dugu ezer eskuratzen bueltan. Are gehiago, jendearengan nahasmendua eragin dute. Gu saiatzen gara merkatuetan, ekintzetan, jendeari azaltzen kontua ez dela askotan ekologiko/bio/0 izatea baizik eta jasangarria. Kontua ez dela soilik nor bere osasunaz arduratzea.

– A ez?

– Nik 'jasangarria' nahiago dut erabili. Ez Naturak ez nekazariak ez azienda estentsiboan aritzen direnak kaltetuko ez dituen produktua. Produzitzeko, saltzeko eta erosteko erak inori min emango ez dion bide bat. Sarri ez gara konturatzen guk denboraldiz kanpoko marrubiak edo tomateak izan ditzagun diharduen horiek zeinen baldintza txarretan egiten duten lan. Eta bai, nik uste, geure osasunaz harago jo behar dugu.

– Nola? Azaldu...

– Ez naiz inor inori lezioak emateko. Horrexegatik aldarrikatzen dut bakoitzak nahi duen bezala elikatzeko edo jateko aukera izatea. Aukera izan bi ereduren artean. Baina izan daitezela biak kondizio beretan. Beste aldetik, berriro diotsuet, trantsizio prozesuan gaude eta nik uste, herria osatu nahi badugu planeta hobe batean, denon osasuna, denon ongizatea jomugan behar dugu izan. Ez erosi sano sano izateari eutsi nahi diozulako baizik eta onartu duzulako egunean hiru aukera politiko hartzen dituzula.

– Hiru?

– Gosarian. Bazkarian. Afarian. Zer gosaldu, non erosi bazkalduko duzun hori. Ba al dakizu nondik etorri den afaltzeko duzun arraina? Politika eguneroko ekintza da. Eta elikadura burujabetza ez zaie batere gustatzen bai Europako parlamentuetan bai inon jarduten duten lobby horiei. Badira hamarkadak elikadura sartu zela merkataritza libreko ordenantzetan, Etxekalte izan zen hori denon burujabetzarako. Eta 'denona' esaten dudanean, 'denona' esan nahi dut. Enpresa erraldoiak jabetu ziren, kasurako, Afrikako lurretan ziren haziez. Orain, bertakoek zerbait erein nahi badute, beraienak ziren hazi horiek erosi behar dizkiete multinazionalei... Pentsatzen dugu platerean dugun guztia magiaz iritsi dela gurera. Ba ez. Boterea eta dirua dutenak ari dira lurrak erosten. Inon. Badakite eta lurraren edo abereen kopuruaren arabera jasoko dituztela dirulaguntzak.

«Ez da gizalegea abere edo lur gehiago duenak gutxi duten horiek baino askoz subentzio handiagoak jasotzea. Harritzekoa baina egia, nekazaritza/abelzaintzari eskainitako dirulaguntza ederrenak eskuratzen diztuenek Bilboko Gran Vian dute egoitza soziala»

– Hori burugabekeria, hori!

– Ba bai. Eta ez pentsa lege asko nola, egun indarrean den PAC (Política Agraria Comunitaria) horrek hasiera oso egokia izan zuen. Erabat suntsitua zen Europako lurra II. Mundu Gerra ostean. Berreskuratu behar zen nekazaritza. Berreskuratu animaliak. Eta jendea elikatu. Helburu itzel hori babesteko sortu zuten PAC legea, orain hain usteldua dagoena. Betikoek usteldua, Bilboko Gran Vian beren egoitza sozialak dituzten sasi nekazari-ganaderu horiek.

– Denon burujabetzaren aldeko ekimena al da Astigarragako herri-baratzetan ematen dituzun klaseak?

– Baietz sinisten dut. Gure solasaldian aipatu eredu jakin honentzako iragatean, mugimendu guztiek dute kabida. Feminismoak ere. Lantzen ari garen lur eremua Astigarragako Emakumeen Etxeari egokitu zion udalak eta hor gabiltza, lurra lantzen eta zaintzen, gure burua ahalduntzen. Batzuk etortzen dira baratzea dutelako gogoko. Besteek nahi dutelako beraiek ereitakoa kozinatu eta jan. Lan kolektiboa ere da eta horrek komunitatea sortzen du. Bestalde, gure amek eta amonek zekiten guztiaren apur bat ari gara gu ikasten.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Nor bere osasunaz arduratzeaz harago jo behar dugu; denonaz aritu»