Nerabezarotik heldutasunera, emakumeek zientzian duten lekua aldarrikatzeko agenda

Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazioarteko Eguna ospatzeko programazio bateratua aurkeztu dute Donostia International Physics Center-ek, Materialen Fisika Zentroak , CIC nanoGUNEk eta CIC biomaGUNEk/
Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazioarteko Eguna ospatzeko programazio bateratua aurkeztu dute Donostia International Physics Center-ek, Materialen Fisika Zentroak , CIC nanoGUNEk eta CIC biomaGUNEk

Donostian, otsailaren 15era arte, hitzaldi publikoak, tailerrak, bisitak eta mintegiak egingo dituzte

Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazioarteko Eguna ospatzeko programazio bateratua aurkeztu dute Donostia International Physics Center-ek (DIPC), Materialen Fisika Zentroak (CFM CSIC-UPV/EHU), CIC nanoGUNEk eta CIC biomaGUNEk. Donostian, otsailaren 15era arte, ostirala, luzatuko da programazioa; hitzaldi publikoak, tailerrak, bisitak eta mintegiak egingo dira. Ekimenak mezu garbi bat zabaldu nahi dute: «Zientzia BADA nesken kontua».

Otsailaren 11n, gaur bertan, jarriko da martxan programazioa. Arratsaldeko 19:00etan, Koldo Mitxelena Kulturgunean, 'Eskuz esku' hitzaldi laburrak antolatu dituzte. Bertan, emakume eta gizonen arteko elkarlan zientifikoari esker egiten den ikerketa jarduera ezagutaraziko dute. Parte hartuko dute Reyes Calvo (CIC nanoGUNE) eta Miguel Moreno (DIPC-CFM); Celia Rogero (CFM) eta Sebastian Bergeret (DIPC-CFM); eta Aitziber López Cortajarena (CIC biomaGUNE) eta Fernándo López-Gallego (Zaragozako Unibertsitatea/CIC biomaGUNE) zientzialariek.

Programazioan badira hezkuntza-jarduerak ere, zientziaren mundua gazteenengana hurbiltzera eta emakume zientzialarien eginkizuna agertzera bideratuak. «Ezagutzen al duzu emakume zientzialaririk?» tailerra CIC biomaGUNEn eta CIC nanoGUNEn egingo dute, 9 eta 10 urteko haurrak nanozientzian eta bioteknologian murgilarazteko. Gainera, DIPC eta CFM zentroek batxilergoko ikasleen bisita jasoko dute; etorkizuneko lanbidea aukeratu behar duten gazteek ikertzaileen egunerokoa gertutik ezagutzeko.

Nerabezarotik heldutasunera

Neska nerabeentzat berariaz prestatu dute 'Zientzia bada nesken kontua' tailerra. Parte-hartzaileak zientzialari bilakatuko dira egun batez, eta askotariko esperimentu nanozientifikoak egin ahal izango dituzte. Hitzordua CIC nanoGUNEn izango da otsailaren 15ean.

Horretaz gain, 'Amona's Power' jarduera ere antolatu da, emakume helduaren figura nabarmentzeko. Otsailaren 14an izango da tailerra CFMn.

Azkenik, 'Zientzia irekia'-ri buruzko mintegia antolatu daute komunitate zientifikoari bideratuta. Eva Méndez izango da hizlaria, Carlos III.a Unibertsitateko Politika Zientifikoko errektoreordea eta Europar Batasuneko Politika Zientifiko Irekiaren Europako Plataformako presidentea.

2020an, Europar Batasunak argitalpen zientifikoak modu irekian denen eskura jarri nahi ditu, ordainpeko aldizkarien eta argitaletxe zientifiko handien dinamikarekin aldatzeko asmoz. Araudi berri horrek zalantzak sortu ditu komunitate zientifikoan. Carlos Santamaria Zentroan (UPV/EHU) izango da hitzordua, otsailaren 13an, 12:00etan, eta campus osoari dago irekia.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos