Hiritarrak | Enrique, Gabriel, Sebastian eta beste jende franko
«Lehen erreminta zen. Bihurtu da egun atleta, ondo gidatu beharrekoa»Idiyazaleak gara gu
Pasa larunbatean eta atzo izan dira Oiartzunen Kintopeko IV. Sariaren idi-probak, argazkian ateratzen den jende animosoak aurrera ateratakoak, eta beste jende fin ugarik babestuak. Izan ere, Illunbe zezen plazan ere jarritako afixetan, negozio anitz iragartzen ziren sponsor, hala nola nekazarien txoko primerakoa den Erretxiki Olasagasti enpresa Hernanikoa. Edo Agrícola Bidasoa. Edo Olaizola, Frantxilla, Egi-luze, Izeta jatetxe-sagardotegiak, auto konponketa asko eta herri kasik osoa. Afizionatu kategorixekoak diren Gabriel Odriozola, Sebastian Galardi eta Enrique Artolarekin bildu ginen plazan, Miren taberna izen eta ospe handikoan eta idiez aritu ginen. Baita antzerkiaz ere. Zezenez ere bai.
–Herramienta-erreminta, lanabesa, tresna zen animalia bihurtu da egun atleta baina antzinatik, egiptoarren aroa baino lehenagotik izan da jainkoei eskainitako aberea. Eta ez bakarrik hori, San Sebastian Eguneko musika artean bada kanta bat 'Idiarena' izena duena...
– Egia. Sakrifizioetan adarrak urrez estaltzen zizkieten. Hemen, gurean, Oiartzun aldean traktoreak baino ugariagoak izan ziren luzez. Denbora askoan erabiltzen ziren soroetan tresna moduan. Eta aldi berean, jokorako, apusturako, erronkarako. Egun, hori ez da inolaz ere gertatzen, lanabes zen hori bihurtu da atleta. Zezena Andaluziako, Gaztelako, Extremadurako edo Nafarroako larreetan nola. Ondo zaindutako aberea, desafioetarako, erakustaldietarako, baino bizi ez dena; horretarako entrenatua, prestatua. Ondo elikatua...
– Atleta eta gourmet mokofina, beraz gure idia.
– Bai horixe. Hor daukat nik (Enrique) kotxea pentsuz kargatua. Orekatu behar du izan jaten duten pentsuak. Lastua ere jango dute. Artua. Olua. Zahia...
– Zein arrazakoa da azienda?
– Alistana-Sanabresa. Leongoa. Gaztelakoa. Galtzeko bidean, arriskuan, da. Ministerioak duen katalogoan horrela aipatzen dute arraza honen egoera. Gero eta zailagoa da aleak aurkitzea, baina hain da egokia eta ederra ezen, askotan, Ourenseraino egiten baitugu bidaia bila. Lehen zeharo ezberdina zen. Gasteizera iristen ziren trenak alistana-sanabresa arrazako aziendaz gainezka. Oso politak dira. Sataia dute oso harmonikoa. Nobleak dira. Eskutan erabiltzeko modukoak. Limousinak, Charolesak astunagoak dira. Beraz, sekula ez dira atletak izango.
– Nondik datorkizue, zergatik duzue afizioa?
– Familian, herrian, mendian ikusitako animaliak izan direlako guretzat. Badaukagu batzuk zezenetarako zaletasuna. Zaldietarako ere, baina idiak dira animalia gureak. Nik (Gabriel) bi idi ditut. Gazteak oraindik. Bi urte t'erdikoak. Gazteegiak probetarako. 6-7 urtekoak izan behar, Federazioaren araudiak hala esanda. Enriquek baditu edade horretakoak...
– Barkaidazue baina ez dakit 'Kintopeko'-k zer esan nahi duen...
– Kintopeko-probak dira urte barruan (urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra) lehiaketa-proba edo proba ofizial batean lehenengo aldiz aurkezten diren animaliak.
– Non egiten dira idi demak?
– Aurten Deban hasi ziren, urtarrilaren 17an. Parte hartu zuten Arroako Etxetxok. Errexilgo Bixkiek, Marauri-Jatabetik etorritako Mendipe elkartekoek eta Oiartzungo Artolak (Enriquek, hain zuzen ere). Kintopekoak Aian, Elgoibarren, Errezilen. Aizarnazabalen eta hemen dira.
– Nondik etorri ziren zaletuak larunbatean eta atzo?
– Inguruko herrietan bada afizio handia: Lezon, Astigarragan, Irunen. Hondarribian. Anoetatik ere. Urnietatik. Errenteriatik. Han ere izan ditugu babesleak; begiratu afixetan eta konprobatu nongoak diren Susperregui Containers, Manterola Anaiak edo Gurdi.
– Gipuzkoatik kanpo, non ibiltzen da jendea probalekutan?
– Araban ere. Nafarroan, jakina baina Bizkaian dagoen afizioa kristona da. Abere guztiekikoa, zaldiak direla, astoak direla. Animalia denak probalekutan. Abadiñon, Astrabuduan, Kortezubin...
– Euskal Herritik kanpo, inon?
– Kantabrian. Samanon, Guriezon... Ezberdin jokatzen dute han. 'Narria' izena duen zurezko plataforma bat kargatzen dute harriz eta arrastaka dihardute idiek.
– Hobeek hartu izan dute parte Oiartzunen, Errezilgoek, Billetako Lopategik, Mendipeko gehi Etxetxok, Aiako Arzadunak, Urretxuko Ipiñarrietak eta Azkoitian den Isidro Erretegikoek. Esaiguzue baina, zer behar du idi pareja batek hobekien aritzeko?
– Elkar konprenetatu, elkar entenditu. Batak besteari egokitu behar dio. 'Cargador' deitzen dugunak erritmoa markatzen du eta besteak aklopatu behar.
– Nolakoa erritmoa?
– Polita. Orekatua. Arina. 'Harmonikoa'. Pausarik gabea
– Zer garrantzia du gizakiak idi demetan?
– Handia. 'Carretero'-ak,('itzain' euskaraz) pilotu ona behar du izan. Batez ere, buelta ematerakoan. Moto GPko zirkuituetako kurbetan bezala.
– Gaur deskantsuan dira animaliak, ez da?
– Derrigor. Eta eliteko kirolariek bezala, proba baino lehen ere ez zuten gogor entrenatu. Hiru eguneko deskantsua hartu zuten.