Lasterketarako prest dituzte 10.000 ahate
Lagunduck lasterketa egingo dute Mundaiz zubitik Maria Cristinako zubira arte, larunbatean, ekainak 1. Aurten, Brasilgo elkarte bati emango diote bildutako dirua
Lagunduck Accion Marianistak antolatzen duen lasterketa solidarioa da. Urtero milaka gomazko ahatetxo jaurtitzen dituzte Urumeara -gero jaso egiten dituztenak-, Mundaiz zubitik Maria Cristinako zubira arte, eta ahatetxoak norgehiagoka egiten dute nor lehen iritsiko. Ahateak adoptatu egiten dira, irabazitakoa kanpaina solidario bati emateko. Aurten, Brasilgo Ferradura Mirim fabelan burutzen duten Proyecto Caná delakoa lagunduko dute, bertako haurrekin lan egiteko. Larunbatean egingo dute, ekaineko lehenengo egunean.
Ez da, beraz, ahateen lasterketa soila. Halaber, lasterketaz gain, hainbat jarduera antolatu dituzte, familian, aire zabalean eta elkarlanean gozatzeko bertaratutakoek, puzgarriak, aurpegi-margotzaileak eta zozketak, besteak beste.