Borrar
Fin eta adoretsu bete zuen bere zeregina Libanak Ordiziako topaketa ezinbestekoan. LOBO ALTUNA

Hiritarrak | Libana Taboada Morán

«47 kirol federazio daude. 2015ean batek soilik zuen emakumerik presidente»

Manuel Kortajarenarekin batera, Gipuzkoako boxeoa gidatzen du

Begoña del Teso

San Sebastián

Asteartea, 19 abuztua 2025, 06:11

Comenta

Nazioarteko txapelketa ari da jo ta su, jo ta ke prestatzen. Zerezkoa? OCRkoa (muturreko kirola, 'Obstacles Courses Racing', Oztopo Lasterketak, alegia). Irailean izango da (11-14) Edinburgon. Ez da Usurbilen kirol teknikari diharduen emakume honek maite eta praktikatzen duen kirol bakarra. Zumaiak, Zarautzek eta Oriok osatzen duten lur, mendi eta itsasoko hirukia bere bizi eremua izanik, arraunean da ibilia. Baita mendi lasterketetan ere. Kick boxingen ere bai. Egun, Gipuzkoako Boxeo Federazioaren presidente ordea da; lan itzela egin duen Manuel Kortajarenak erretiroa hartzen duenean berak erreleboa hartuko duela gutxik jartzen dute dudatan. Eta denok poz-pozean dira.

– Ez da harritzekoa kirolari eta kirolzale erabatekoa izatea, Bartzelonako Joko Olinpikoetako erdian jaio zinen, 1992eko uztailaren 27an. Auskalo zer domina zen lehian egun hartan...

– Bai, kasualitatea da. Edo beharbada ez hainbeste. Gogoko ditut kirol jarduera pila eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan naiz graduatua. Arraun egin dut eta Kontxan Zumaiako trainerua patroneatu. Izan naiz bigarren patroia Orion... Ibai nire bikotearen aita Paco Marin zena izanda, normala izan zen kontaktuzko edo borroka kiroletan hastea. Biok ekin genion Zarautzen kick boxingen, Asier Garayar entrenatzaile genuela, baina boxeoak fuerteago egiten zuen tira gugandik eta Box Training Clubean sartu ginen Donostian. Boxeoari darion elegantziak liluratzen nau, gaitu. River Box & Roll kluba sortu dugu Orion...

«Hamaika kirol praktikatu, ezagutu eta maite dut baina boxeoak duen edertasunak eta dotoreziak ez dute igualik»

– Zuena al da???!!! Pozten nau jakiteak. Izugarri gustatzen zait ezkutuan duzuen leloa...

– 'Nemo me impune lacessit'. Eskoziako entseina nazionala da: 'Inork ez nau zigorrik gabe zauritzen'. Probokatzen erasotzen...

– Ikaragarri ona. Baita instagramen dituzuen aholkuak: 'Gailendu zure erronkak'. 'Ahaldundu', 'Hautsi errutina'. Badakit ere lasterrean hasiko zaretela boxeo saioak antolatzen. Zain, espero eta desioan gaituzue.

– Gu ere gaude aukera itxaroten. Gogo handiz. Kontu-kontari jarraituz, esan behar dizut Getxon burutu nuela boxeo lizentzia ateratzeko ikastaro sendo eta serioa, 12 soka artean ere teknikaria izateko. Ikasi genuen gauza interesgarri pila. Historia. Higienea. Kolpeak. Teknikak. Delegatua, epailea izateko noraezezko den guztia. Araudi osoa...

– Eta dena gaurkotua, seguru. Etengabe ari baita modernizatzen antzina antzinako kirol gurea. Bai entrenatzeko tekniketan, bai kirol bera ulertu eta irakasteko moduetan. Gaurkotu dira entrenatzaileak. Zaletuak ere. Federazioak. Sorpresa ederra izan zen zuk zure burua aurkeztea Manuel presidente finaren laguntzaile izateko. Denok poztu ginen. Askoz gehiago boxeoa maite dugun emakumeok.

– Emakumeak badira ringean. Emakumeak betidanik izan dira boxeo ikusleak. Neskak ari dira Euskal Herriko gimnasio guztietan entrenatzen. Epaile emakumeak ere badira. Zergatik ez federazioan? Zergatik ez sartu bertan gure pasioa goiko mailetara eramaten saiatzeko?

– Logikoa dirudi bai. Oso logikoa baina orain arteko zenbakiek negargura eragiten dute.

– Aspaldikoak badira ere, tristeak dira datuak, bai. Aldatuko ditugu baina. Euskal Herriko 47 federazioen artean, batek bakarrik zuen emakume bat presidente 2015ean. Hemendik kanpo antzeko zerbait gertatzen da (zen). Bospasei emakume presidente zeuden pasa urteetan baina beti gimnasia erritmiko edo aerobic bezalako diziplinetan.... Zuzendaritza-batzordeetan ere ez geunden presente eta goi mailako teknikarien artean, %16,6 izatera doi doi ailegatzen ginen.

– Ez dugu nahi ordea negar egin. Ordiziako saioan, emakume bat epaile ringean eta zu delegatua. Zein izan zen zure eginbeharra?

– Arauak betearaztea. Esateko, Israel Echeverriaren borrokaldia beranduxeago hasi zen nik ez nituelako bere gurasoen baimen-paperak. Eta Israel adingabekoa da oraindik. Eta adin txikiko inork ezin du borroka egin aitaren, amaren edo tutorearen baimenik gabe. Ardura ere hartu behar izan nuen borroka bakoitzaren aktak jasotzen eta egiaztatzen...

– Eta zaletu bezala gozatzeko aukerarik izan al zenuen?

– Bai! Mendozaren borrokaldia izugarri gustatu zitzaidan eta kontent hartu nuen Erlantz Tejada profesionalen mailara pasa izana.

– Zeintzuk dira zure (eta Manuelen) helburu eta ametsak federazioan...?

– Bizkaikoak lortu duena lortzea Gipuzkoan. Txapeldun onak agertu dira bertan, jendez gainezka izan dira bertako saioak (gurean ere, Ordiziakoa mundiala izan zen...), zaletasuna zabaldu da... Harreman ezin hobeagoetan gaude Bizkaiko eta Gasteizko Federazioekin. Hirurok nahi dugu boxeo olinpikoa bultzatu kostatu izan baitzen gure kirola Joko Olinpikoetan onartzea. Nahi dugu harrobia sustatu, txikiak erakarri...

– Saiakera politak dira 'School Boys & Girls' direlako horiek...

– Bai, oso, eta baditugu txapeldunak Gipuzkoan. Gaztetxoak, borroka egin gabe lehiatzen dira guanteekin, sokekin... Ederra oso.

– Mirandan, Zierbanan, Lezaman boxeo saioak izango direla badakigu baina ba al da borrokarik Donostia aldean?

– Nola ez? Irailaren 11ean.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «47 kirol federazio daude. 2015ean batek soilik zuen emakumerik presidente»

«47 kirol federazio daude. 2015ean batek soilik zuen emakumerik presidente»