Borrar
Bedian hartutakoa izan ziteken argazkia hor bizi baita Julen. Edo Intxaurrondoko kultur etxean, baina Gasteizen jarri zen kamera aurrean. J. ANDRADE

«Barre egiten dugu orain nahikoa negar egin dugulako pasa garaietan»

Julen Gabiria Lara | Irratia piztuta, garagardoa eskuan, zine gomendio bi eta Pulitzerra irabazi zuen komikia

Begoña del Teso

San Sebastián

Asteartea, 14 otsaila 2023, 07:53

Comenta

Otsailaren 10a, ostirala. Gasteizetik bueltan (bertan egiten du lan) zen Julen. Idazlea. Itzultzailea. Ziklista. Bizkaiko Bedian bizi da. Larunbatean Gernikara eraman behar zuen alaba boleibol partida batera. Aurkitu genuen, alta parada, garagardo bat eskuan, luze, patxadaz eta gustura martxoaren 14an Intxaurrondoko kultur etxean aurkeztuko duen Art Spiegelmanen 'Maus'-en euskarazko bertsio bereaz hitz-aspertu bat egiteko. Ziklismoaz ere. Bizitzaz. Herioaz. Irratiaren faszinazioaz. Alkategaien hanka-sartze batez...

– Ingelesez: 'If you lock them together in a room with no food for a week (...)' Gaztelaniaz: 'Si os encerrarían una semana en una sala sin comida (...)' Euskaraz...

– 'Astebetez sartzen badiezu gela batean, jatekorik gabe(...).

«'Maus' euskarara ekartzeko modua aurkitu nuen autoreak berak 'MetaMaus'eko elkarrizketan bere aitaren hizkeraz dion horretan»

– Orduantxe hasi ziren komeriak. Astiberri argitaletxe apartak irakurle euskaldun hainbaten kartak jaso zituen. Haserre gorrian. Euskara traketsa omen zurea. Akatsez beterikoa...

– Ohar bat idatzi behar izan nuen, «Astiberritik abisatu didate zenbait irakurle kexatzen ari direla, 'Maus' okerrez josita dagoelako euskaraz. Lasaitasun zibil eta zabalerako deia egin nahi dut hemendik. Jatorrizko bertsioan ere horrela da: 'Maus' okerrez josita dago, nahita».

– Ondo hezitako galdakarra zarenez, ez zinen urrutiago joan izkribu hartan. Nik, ordea, ezertaz ez zirela enteratu, 'Maus'-eko zentzu sakona ez zutela harrapatu eta kontzentrazio esparruetatik libre (edo) ateratako etorkin baten hizkera trakets horren zioa antzeman ez zutela idatziko dut. 'Garbikeriaren esklaboak' deituko nieke ere...

– Zer pentsatua eman zidan kalapita hark. Ingelesezko, espainolezko, frantsesezko irakurleak ez ziren kexu. Estatu Batuetan finkatu behar izan duen Poloniako judu baten ingelesa landugabea, zakarra izatea normala zela onartu zuten. Gainera, pertsonaiak, Art Spiegelmanen aitak, hots, bere burua ondo azaltzeko ezin du beste hizkuntzarik makulu erabili. Guk, ordea, gaztelaniara edo frantsesara pasa gaitezke esaldi batean. Semeak, ingelesa baino ez daki, beraz, polonieraz ezin mintzo. Yiddisha ere ez du jakingo... Bai, zer pentsatua eman zidan ika-mika hark

–Zertaz?

– Soziologoa naizenez, soziologia linguistikotik ere. Gure hizkuntzarekiko harreman gureaz. Gure hizkuntza horrekiko gure konplexu anitzez. Baita itzulpengintzaz ere. Nik uste, itzulpenak jabetu dira euskaraz.

–???!!!

– Bai, euskarazko sorkuntza literarioa existitzen da baina leitzen ditugun testu asko eta asko itzulpenak dira. Bai literaturaren klasikoak, bai legezkoak bai administraziokoak bai publizitatekoak. Eta nik uste, horrek guztiak itzulpengintzarekiko eta itzultzaile jarduten dugunekiko mesfidantza sorrarazi du.

– Izan daiteke, baina gauza jakina da euskaldun bakoitzaren erraietan filologo antzeko bat dagoela. Areago, nik uste, AK-40 batez armaturiko mertzenarioa.

– Txispaz armaturik izate balizko hori kasik ulergarria da kontuan hartzen baduzu Urduñakoa...

– Zertaz ari zara?

– Ez dakizu? Mondiala izan zen. Itzela. Negar egiteko modukoa ere baina, horrenbeste aldiz egin dugu negar ze, azkenean barrez lehertzen zara eta kito. Eta hobe.

– Kontatu, zer gertatu zen Araba eta Burgosean artean den herri hartan?

– Alkategai batek honako hau zion bere propagandan: 'Larrua joko dut herriko guztiekin'.

– Zelako orgia! Promesa politiko bezala, ez dago batere gaizki. Alkatetzarako baino, hobe hazitarako hautagai!

– Bai horixe baina, klaro, pentsaten hasita, nondik dator aldrebeskeria barregarri/penagarri hori? Ba, ba, ba... gaztelaniatik itzulpen makal eta zuzen batetik: 'Me jugaré la piel por todos los habitantes de este pueblo'.

– Txalo! Buelta gaitezen gurera. Nolako abiapuntua eskaini zizun Spielgelmanek bere lanaren hausnarketa den 'MetaMaus'en?

– Artek dio justu bere aitaren hizkeran datzala lan osoaren mamia, muina. Bere kasa ikasitako ingeles horrek definitzen baitu Vlad aitaren izana. Hori irakurtzerakoan libre sentitu nintzen. Ez pentsa, bizitzan zehar zuzen idazten saiatu ondoren, zaila, oso zaila, suertatzen zaizu nahita gaizki egitea. Beste kontu bat, akats horiek zentzuzkoak behar zuten izan. Fundamentuzkoak. Kohesio bat lortu behar nuen. Eredu edo, Euskal Herriko herri txiki txikira, non euskaraz baino ez den mintzatzen, iritsitako etorkin bat hartu nuen. Eta esandakoa, beste hizkuntzarik makulu hartu ezingo ez zuen bat.

– 'Maus' besapean etorriko zara gurera martxoan baina kontaiguzu orain unibertsitate garaietan zer egiten zenuen hor, zure etxebizitzaren eskaileretan gora.

– Desira bakarra nuen, idaztea eta plazera hartzen nuen irratia entzuten. Gurasoek ez zuten inoiz jakin baina ez nindoan unibertsitatera. Ganbara hartan geratzen nintzen. Idazten, irratia piztuta.

– Gurasoak ez ziren bide enteratu. Zuk, berriz, badakizu zuen alaba biak kirolean ari direla.

– Josune eta Amaiur. Boleibol eta atletismoa. Ezin imajinatu nola moldatzen dien kirolak izaera.

– Pasa bi zine gomendio.

– 'Regreso a Reims' eta 'Tres minutos, una exploración'.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Barre egiten dugu orain nahikoa negar egin dugulako pasa garaietan»

«Barre egiten dugu orain nahikoa negar egin dugulako pasa garaietan»