«Askok sentitzen dugu ez garela estatu batean bizi, hizkuntza batean baizik»
Urtzi Urkizu Adrian. Midas Saria jaso du mintzaira gutxituekiko azaldu duen konpromisogatik
Euskaldunon Egunkaria'-n proban jarri zuen lehenbizikoz Leioako Kazetaritza fakultatean ikasitako guztia. Orain 26 urte. Hortxe jarraitzen du, euskarazko berripaperetan. Komunikabideetako programazioari buruz, serieei buruz eta, oro har, ikus-entzunekoei buruz idazten du egunero. Baita munduan zehar, estatuetan barna sakabanaturik diren hizkuntza gutxituen inguruan ere. Horrexegatik jaso berri du Midas erakundeak (Europako hizkuntza edo hiztun gutxituen nahiz eremu urrikoen egunkarietako eta hedabideetako egoera, osasuna, beharrak eta ametsak ikertzen, azaltzen eta sostengatzen dituena, alegia) eskaini dion aurtengo saria. Ekainaren 13an jaso zuen. Ostirala zen. Zeremonia, Esloveniaren eta Italiaren artean sakabanaturik den Vilpožen ospatu zen. Hain zuzen ere, 2025eko Europako Kultura hiriburua (Alemaniako Chemnitzekin batera) den Nova Grica/Goiriziatik ez hain urrun dagoen herrian.
– Jakob Volgger ikerlariak proposatu zintuen sarirako.
– Alemaniako goisorbiolera, ladinoa eta euskararen inguruko azterketetan jardun izan du Jakobek. Gurean izan da gure hizkuntzaren gaineko datuak jasotzen eta gure hedabideetako egoera ikasten. Ikusi zuen berak ni hainbat eta hainbat artikulutan munduko hizkuntza gutxituez aritu naizela. Hori dela-eta, proposatu ninduen eta Midasekoek onartu. Harro jaso nuen saria. Amerikana eta guzti erosi nuen zeremoniarako. Pena eman zidan Fermin Muguruzaren Donostiako kontzertua galdu behar izana, han nintzen eta. Baina ziur naiz Arrasatekora edo Irungora joango naizela.
«Herri indigenen irrati komunitarioek egiten duten lana miresten dut biziki eta bereziki. Emakumeak dira, gehien bat, ardura hori hartu dutenak. Jendearengandik oso hurbil dauden irratiak dira. Informazio oso praktikoa emateaz gain, bertakoen arazoez mintzatzen dira argi»
– Pozik ere ostiral batean eman zizutelako. Zendu berri zaizun aitaren ikerketa baten arabera, ostirala da dagokizun eguna.
– Patri nuen (dut) aita eta udazkenean UNEDeko 'Revista de lenguas y literaturas catalana, gallega y vasca' delakoan egingo dioten omenaldi berezian, aste egunen inguruan burutu zuen ikerketa baten artikulua aterako da. Argi geratzen da bertan 'ostirala' hitza 'ortzilargi/ ortzilare/ortzirale'-tik datorrela. 'Urtzi'-k 'Unibertsoa' esan nahi zuela banekien. Ez nekiena, berriz, zera zen, ostirala nire eguna zenik...
– Hitz egiguzu Midas erakundeaz eta hizkuntza gutxituetan argitaratzen diren hedabideez.
– 28 kide dituen elkartea da. Badira Europan 50 milioi lagun beren estatuetako ofizialaz gaindi, beste hizkuntza batean aritzen direnak. Latinoamerikako mintzo indigenak kontatu gabe. Afrikako guztiak. Asiakoak. Kontuan harturik kasu askotan, hizkuntzek artifizio hutsak diren estatuen mugak gainditzen dituztela.
– Hain serio hartu dugu errealitate hori ezen gure solasaldiaren lerroburura eraman dugun.
– Nik horrela sentitzen dut. Begira, Vipolžen ingelesa genuen 'lingua franca' eta Galeuscatik gentozen euskaldun, galiziar eta katalanak, gaztelania, baina norbera bere pasaporteak aipatzen zuen estatutik at bizi zen. Hizkuntza batean bizi zen. Gara.
– Poetek esanda. Askok haurtzaroa dute aberria. Beste makina batek, berriz, hizkuntza.
– Horrela da, bai. Horretarako desira baduzu, jakina. Nik badut. Ni Frantziako estatuan euskaraz aritzen diren Kanaldudekoengandik oso hurbil sentitzen naiz Nafarroa Behereko Aldude herrian sortu zen herri telebista (eta askoz gehiago) euskalduna baita. Horren inguruan luze mintza gintezke. Nik uste, hizkuntz gutxitu eta askok maitatu horietan jarduten duten hedabideak izugarrizko baliabide ederrak dira komunitatea trinkotzeko. Hala ere, ez pentsa hedabide horiek guztiak egoera berean daudenik.
– Kontatu, arren.
– Horrenbeste milioik hitz egiten dute katalanez ezen hedabide pribatu nagusiek baitituzte katalanezko edizioak, gaztelaniazkoarekin batera. Eta irratsaioak. Gailegoz ere asko dira hiztunak baina 'Nos Diario'-k ez du ez dirulaguntzarik ez publizitate ofizialik.
– Finlandiako uharte batzuetan den hedabide txiki batek teknologiaren bitartez lortu omen du futbol partidak transmititzea. Esan nahi ote du horrek Adimen Artifiziala hizkuntza gutxituen mesedean erabil dezakegunik?
– Ahobiko tresna dela badakigu ere, tentuz erabiliz gero, bai. Irudimena dugu ezinbesteko arma teknologia gure alde gobernatzeko.
–Otto von Habsburg saria jaso zenuen zeremonia hartan goi mailako agintarien presentziak poztu zintuen.
– Bai. Seinale ona neritzon. Europa mapetan agertzen diren estatuak baino askoz gehiago dela onartzeko beste pauso bat. Pozgarria ere iruditzen zait aurtengo Europako Kultura hiriburuetako bat bi estatu artean banaturik dagoen herri bat izatea eta elkarren artean ekintzak antolatu izana. Bisitan geundela etengabe ginen muga horren bi aldeetan.
– Liburu bat ari zara idazten...
– Streaming-en fenomenoaz ari naiz. Aldatu dizkigu edukiak kontsumitzeko ohiturak. Eta Netflix da bataila komertzial eta ekonomiko horren garaile nagusia.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.