Aiton-amonak, helduak eta gazteak; aurpegi ezagunak eta ezezagunak… guztiak euskaraz
Belaunaldien arteko mintzodromoa eta Ika-Mizkaren azken saioa Donostian, Euskararen Nazioarteko Egunean
Joseba Zubialde
Miércoles, 3 de diciembre 2014, 13:17
Ekitaldi ugarirekin ospatu da Donostian Euskararen Nazioarteko Eguna. Hala, Erizaintza Fakultateko liburutegian Ika-Mizka ekimenaren azken saioa gauzatu da. Ekitaldi honen bitartez telebistako, bertsolaritzako edota musikako hainbat pertsona ezagunek bertako ikasleekin solasaldia izan dute euskarak gaur egun dituen aferen eta arazoen inguruan. Besteak beste, Ander Iruretagoiena 'Goenkale'ko aktorea, Leire Martinez eta Joseba Campano 'Gu eta Gutarrak' saioko kolaboratzaileak eta Agurne Anasagasti 'Zuek hor' saioko aurkezlea egon dira.
Gazteek eta famatuek jorratu behar izan dituzten gaiak Fakultateko ikasleek ekoitzitako bi bideoen bitartez aurkeztu zaizkie parte-hartzaileei. Alde batetik, euskaldunek besteekiko dituzten aurriritzietaz jardutea eskatu zaie, hots, kanpotar bati galdera bat egiterakoan gaztelera jotzea euskaraz hitz egiteko gai izango ez delakoan, adibidez.
Beste aldetik, erizaintza eta medikuntza bezalako lanbideetan euskarazko terminologia teknikoak aurkezten dituen oztopoak izan dira aztergai, hitz teknikoen erabilera okerrak eta gaizki ulertuek ekar ditzaketen ondorio larriak kontutan izanda.
300 lagunetik gora San Telmon
Era berean, Donostiako Udalak antolatuta, belaunaldien arteko mintzodromo berezia egin da San Telmo museoan. Izan ere, mintzodromoak duela bost urte sortu ziren hirian eta asteazken honetan belaunaldien arteko bat egin da, urtemuga berezia ospatuz. "Euskara, etenik ez duen haria" da aurtengo leloa, eta mezu hori izan dute ardatz hirian antolatutako ekitaldi nagusiek.
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak euskaran ahozko transmisioak izan duen garrantzia nabarmendu du. "Euskal Herri osora hedatu diren mintzodromoak gure hirian sortu ziren duela bost urte eta gaur belaunaldien arteko mintzodromo batekin ospatu dugu urteurrena; gure aitona-amonak euskaraz aritu zirelako dakigu guk euskara, eta gu ere euskaraz bizi garelako, izango du etorkizuna euskarak, belaunaldi gazteen esku uzten baitugu orain lekukoa, ondare honen transmisioa bermatuz", esan du. 'Euskara, etenik ez duen haria' leloa osatuz taldeko argazki bat atera da, mintzodromoan parte hartu duten lagun guztiekin, hauek soka eskuetan hartuta zutela. "Belaunaldi ezberdineko donostiarrak elkartu gara gaur hemen, egun benetan berezia, euskararen transmisioaz solastatzeko, euskararen inguruko bizipenak elkarri kontatzeko, eta etorkizuneko erronketaz hitz egiteko; eta ideia bat argi geratu da, euskaraz bizi nahi dugula, eta euskarak 365 egun dituela", adierazi du Izagirrek
San Telmon 300 lagunetik gora elkartu dira, hiru txandatan, aitona-amonak, helduak eta gazteak. Udaleko talde politiko guztietako ordezkariak ere izan dira bertan, bai eta sindikatuetakoak ere. Dabid Doblas, Nekane Arzallus, Nekane Soria, Nagore Arizaga eta Unai Elizasu kirolariak, Iñaki Beraetxe aktorea, Peter Ansorena musikaria eta Beñat Gaztelumendi bertsolaria ere bertan izan dira. Donostia Hiri Lagunkoia programan parte hartzen duten adinekoak ere bertaratu dira. Programa honek zahartzaro aktiboa bilatzen du eta adineko pertsonek hiriari ekarpen asko egiteko daukatela aldarrikatzen du.
Euskararen Nazioarteko Egunaren harira 150 ekintzatik gora egin dira egunotan Donostian. Hiriko 15 auzo eta herrietan hizkuntza transmisioarekin lotura duten ekintzak ere antolatu direla gogoratu du Nerea Txapartegi Udal Gobernuko Euskara arduradunak.
Haurrentzako jolas tradizionalak eta kantu jirak antolatu dira, besteak beste, hiriko 70 eragilerekin elkarlanean. "Donostia Euskararen Hiria dela diogu, Donostiak izaera hori berreskuratzeko, egunero nonahi eta noiznahi, erabili behar dugu euskara, belaunaldiz belaunaldi", esan du.