-
1
Superstiziosoentzat mezua: grisarekin ere ez
Braisen itzulerarekin batera, bigarren elastikoa izan zen atzo albiste Cartujan –partida hasi aurretik bederen–, lehen aldiz jantzi baitzuten txuri-urdinek. Norbaitek horrek taldearen irudia aldatuko zuela uste bazuen laster ohartuko zen ezetz. Realaren arazoa ez dela arropa edo kolore kontua. Larriagoa da.
-
2
Markagailuan atzetik ez joateko sendotasuna behar da
«Ea ez dugun markagailua iraultzeko beharrik», zioen Sergiok prentsaurrekoan, Realak ez baitaki denboraldi honetan zer den aurretik joatea. Horretarako, baina, golak ez jasotzea ezinbestekoa da eta defentsa lanetan sendo ibili ezean hori ez da posible. 1,92 metroko atzelari kroaziar bat biguna izan al daiteke?
-
3
Jon Martin osasuntsu itzul dadila
Defentsa hori sendotzeko lanetan pieza bat faltako zaio entrenatzaileari datozen asteetan, Jon Martin 20 urtez azpikoen Munduko txapelketara baitoa. Halakoak ez dira inoiz ongi etortzen, baina egungo egoeran are gutxiago. Pieza guztiak behar dira.
-
4
Betikoekin eskas; fitxaketekin ere bai
Hasierako hamaikakoan fitxaketa bakarra jarri zuen Sergiok; bigarren zatian beste bi atera zituen eta ezin esan ezer hobetu zutenik. Alderantziz, partida are gehiago desorekatu zen. Piezak izatea garrantzitsua da, bai, horiek muntatzen eta ahokatzen asmatzea are gehiago.
-
5
Mallorcaren gabeziei etekina atera behar
Behin zuloan sartuta, aurrera begiratzea baino ez da geratzen eta hurrengo erronka berehala etorriko zaie txuri-urdinei. Mallorcaren denboraldi hasiera ere zaila izaten ari da eta hori probestea nahitaezkoa da.