«Athleticek zazpi bizitza izan ditu aurtengo Kopan»
Egañak talde zuri-gorria katua izan dela dio eta euskaldunen arteko final baten atarian «lehoiei baino beldur handiagoa diet katuei» aitortu du
Kopako finala bi euskal taldeen artean jokatzea nahiko lukete Andoni Egañak zein Jon Maiak. Baina gaurko derbia ez badute oso argi ikusten, Sevillan jokatuko litzatekeen partida handi horretarako ez dira batere fio. Zintzotasunez dio Maiak aspaldi aurreratu zuela zer gertatuko den. «Lehiaketa bera hasi baino lehen, formatua ikusita, kuadrillan esan nuen aurten Realak Kopa irabazteko aukera handia zuela». Orain, bere Athletic finalera iristeak ere ez luke iragarpena aldatuko. «Uste dut tokatu ahal zitzaigun arerio gogorrena tokatu zaigula», dio Realari buruz.
Baina ez pentsa Andonik askoz hobeto ikusten duenik panorama. «Athleticek Kopa honetan zazpi bizitza dituela azaldu du. Katua izan da, ez lehoia, eta nik lehoiei baino beldur handiagoa diet katuei».
Hala ere, gustura joango lirateke biak Sevillara apirilaren 18an. Jon Maiak argi dauka. «Historikoa izango litzateke bi klubentzat eta ez genuke inoiz ahaztuko». Andoni Egañak kaleetako giroa du buruan. «Zenbat eskertuko luketen Sevillako ostalariek! '16 apellidos vascos' biziko genuke han».
Eta baten batek uste badu bi intelektuak jokoz kanpo dabiltzala futbol gaietan, Andonik eta Jonek erantzuna badute. Hauxe lehenengoaren gogoeta. «Nire partzelarik irrazionalena futbolean atera nahi dudalako onartzen dut nire futbol zaletasuna. Erlijioan, politikan edo ekonomian ateratzea okerragoa litzake. Barkatzen diot nire buruari irrazionaltasun partzela hori». Jonek badaki «intelektualitatearen aurkakotasun batean bezala kokatzen dela futbola, baina bizi beharra daukagu mundu honetan. Netflix edo Repsolen atzean ere multimillonarioak daude eta ez gara autoari gasoila bota gabe biziko. Nire kontraesanak baditudala onartzen dut, eta naturaltasunez sentitzen ditut».