Araitzeko kableen sekretuak erakutsiz
Larunbat honetan, Gaintza herrian, Araizko kablearen egunaren zortzigarren edizioa egingo da Malloko belarra garraiatzeko sistema zaharra oroitzeko
Larunbat honetan, irailak 20, Malloko belarra garraiatzeko sistema zaharra oroitzeko asmoa duen ekitaldi berezi egingo dute Araitz bailareko bizilagunek. Hitzordu berezi honen zortzigarren edizioa izango da Gaintzan egingo dena.
Urtero bezala, 10:30ean Gaintzako plazan emango zaio hasiera antolatu den egitarauari. Bertan, kableruntz abiatu aurretik, ongi etorria emanen da, Araizko kableei eta berreskuratzeari buruzko azalpen orokorrekin. Gero, taldean, ibilaldi polit bat eginez 1,5 kilometro igoko dira,150 metroko desnibelarekin, kablea berreskuratu den lekuraino (Zezelain).
Toki honetan, 11:30ean sega nola pikatu, belarra nola moztu eta buixiak nola prestatzen ziren erakutsiko dute, ondoren belar-fardo hauek kablean behera botatzeko. Aurreko mendeko 20 eta 70eko hamarkaden artean Malloan hain ohikoa zen lana erakutsiz. Ondoren, 13:00ak aldera bertako produktuekin egindako pintxoak eta edariak jarriko dituzte dastatzeko. Aperitiboaren ondoren Gaintzako Sonbelu Elkartean antolatu dute bazkaria 14:30ean (20 euro helduak eta 12 euro haurrak. Txartelak jada, salgai daude Arribeko Surtidorean).
Ondarea mantendu
Antolatzaileen esanetan, «egun honek helburu garrantzitsuak ditu, belaunaldi berriei transmititu nahi zaizkienak, batetik bailarako landa eta natura ondarea berreskuratzea eta sustatzea. Bestetik baserritarren kultura eta, horrekin batera, baserrietako nekazaritzako elikagai osasuntsuen ekoizpena ikustaraztea eta zabaltzea eta Araizko bailarako kultur eta turismo sustapena, bailarako eta zonalde osoko turismoa bultzatuz, landetxe, zerbitzu, jatetxe eta abarren bidez».
2017an, araiztarren ekimenez, eta Araitzeko Udalarekin eta Araizko Zaporeak elkartearekin lankidetzan, Araizko bailarak bere ondare-elementu berezienetako bat berreskuratu zuten: belarra Malloko zelaietatik bailarako baserrietara jaisteko kable-sistema.
Iaz erakusketa- eta dibulgazio-gune txiki bat eraiki zuten, begiratoki gisa, bisitariek Araizko kableen historia eta funtzionamendua zein Malloaren ingurune naturala eta kulturala modu autonomoan ezagutzeko eta interpretatzeko aukera izan dezaten. Behatoki hori Gaintzan dago, lehengo kableetako bat berreskuratu den toki berean.
Hori guztia proiektu handiago batean sartzen da, eta Araizko Udala eta Araizko Zaporeak elkartea lanean ari dira Malloko ondare historiko, kultural, etnografiko eta naturalari balioa emateko eta, aldi berean, ahalik eta ongien kudeatzeko. Gainera, iniazitiba horren barne, Udalerria Nafarroa Ezagutu Sarean sartu da.
Malloko kablearen behatokia
Malloko kablearen behatokia ere sortu da Araitzen. «Interpretazio eta erakusketa espazio txiki bat da, Zezelain izeneko inguruan kokatua, berreskuratutako kablearen ondoan», dela diote bere sortzaileek.
Bertan, material tradizionalez/naturalez egindako eraikuntza ekologikoa da, egurrezkoa eta, beraz, bisitariei babesa emateko prestatua dago. Espazioa bera irekia da, eta erakusketa-gune bat, biltegi txiki bat eta bainu-lehor konpostagarri bat ditu. Guztira, 50 m2.
Bost azalpen-panelek osatzen dute erakusketa, eta horietan askotariko informazioa ilustratua dago, testu laburrekin eta QR kodekin. Hauen bidez interneten dagoen informazio zabala eta interesgarria lortu daiteke. Edukiek Malloko ezaugarri nagusiak islatzen dituzte: biodibertsitatea, bizimodu eta aprobetxamendu tradizionalak (artzaintza, karobia, bideak, teileria, kableen sistema, etab.), inguruko fauna eta natura, ekosistemen hauskortasuna, etab.
Modu autonomoan bisitatzeko pentsatua dago, eta hainbat eduki bereziz landu dira, ikusmen-desgaitasuna duten pertsonentzako irakurketa erraztuz. Behatokiaren proiektua Nafarroako Gobernuak finantzatu du. Jarduera hau Araizko Udalak eta Araizko Zaporeak elkarteak antolatzen dute, eta Plazaola
Larunbatean, kabletara oinez igotzeko zailtasuna dutenentzat ibilgailuz igotzeko modua izango da. Horretarako deitu 717.708.828 (Asier). Gaztelera eta zeinu hizkuntzara ere itzukilo dira ekitaldiko azalpenak antolatzaileek aditzera eman dutenez.