Borrar

Xabier Lete, udaberriz

Bai horixe ·

Bere bizitzako azken urte latzetan jo zuen gailurra Xabier Leteren ibilbide poetikoak eta mistikoak

Osteguna, 31 martxoa 2022, 07:28

Comenta

Joan den astean, udaberriaren hasieran, 'Sinesten eta/zeren? lagunak' liburua oparitu zidaten. Berez, 'Hemen' aldizkaria –erlijio-gogoetarako aldizkaria– zen hura artikulu soltetan argitaratzekoa, 2020an, Xabier Leteren heriotzaren hamargarren urteurrenean. Baina aldizkaria itxita, 148 orrialdeko liburu bihurtu dute.

Guztira, zortzi lanek osatzen dute liburua. Sarrera gisa dator lehena: Jose Maria Setien gotzainak Xabier Leteren hileta-elizkizunetan egindako homilia. Zazpigarrena da luzeena eta, agian, irakurtzen zailena: Sebastian Gartzia Trujilloren 'Xabier Lete, euskal (lehen) erlijio-profeta (post)modernoa'.

Lan horrek ondo adierazten du, izenburutik hasita, zer-nolako erronka jarri zieten beren buruei 'Hemen' aldizkarikoek. Ahalik eta egokien azaldu nahi zuten zer izan zen Xabier eta zer ekarpen egin zigun gaurko gizakioi, erlijioaren ikuspegitik. Aukeran, izenburu soilagoa jarriko niokeen lan horri: «Xabier Lete, XXI. mendeko mistikoa». Eta, agian, izenburu berak balioko zukeen liburu osoarentzat ere.

Baina beldur naiz, 'mistiko' hitza erabilita, ez ote ditudan gauzak zaildu. Kontu ergelagorik!, esango du bostek. Ergeletik gutxi zuen Xabierrek, ordea. Eta are gutxiago, bere bizitzako azken hamar urteetan. Felix Zubiak –Xabierren medikua ere izan zenak– argi dio «Xabier Leteren obra eta sinesmena, gaixotasunaren ikuspegitik» lan finean. Xabierrek «ezin zuen ezer jan, saldaren bat edo arrain pixka bat ez bazen, eta egunean 16 orduz makina bati loturik egon beharra zuen».

Are gehiago laztu zitzaion Xabierri egoera, Lourdes emaztea hil zitzaionean, 2005eko abenduan. Ba, hain zuzen, orduan, azken urte haietan jo zuen gailurra Xabierren ibilbide poetikoak eta mistikoak. Orduan ondu zuen, Lourdesen presentzia «hain urruti eta hain hurbil» zuela, 'Egunsentiaren esku izoztuak' poema-bilduma paregabea.

Merezi du ibilbide horren jarraipena egitea, Alex Gurrutxagaren eskutik. Aurretik, ezaguna genuen honen 'Xabier Lete, aberriaren poeta kantaria' saiakera –2020ko Saiakera Euskadi saria–, doktore-tesiaren bertsio trinkoa. Orain, horien harira, «Jarrera erlijiosoa eta esperientzia estetikoa Xabier Leteren poesian» lan joria eskaini digu, aipagai dugun liburuan.

Bai, baina..., esango du hamaikak. Mugatua da, ordea, zutabe honen hitz-aforoa ere. Datorren ostegunean segitu beharko dugu.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Xabier Lete, udaberriz