San Simon eta San Juda
Bai horixe ·
Lehengo euskaldunek bi urte-sasoi bereizten omen zituzten: uda eta negua, urriko azken egunak muga zirelaSan Simon eta San Juda, joan zen uda eta negua heldu da. Honezkero, Joxe Ramon adiskideak kantatuko zuen gaur kanta, urtero gaurko egunez ohi duen bezala. Hain ditu gogokoak bai esaera zaharra –Gabriel Arestik hori abiapuntu hartuta egin zuen poema– eta bai Xabier Leteren kanta! Eta bati baino gehiagori azalduko zion beraren muina.
Lehengo euskaldunek bi urte-sasoi bereizten omen zituzten: uda eta negua. Eta urriko azken egunek markatzen omen zuten bien arteko muga. Horregatik omen dio esaera zaharrak 'joan zen uda eta negua heldu da (badator)'.
Baina gehiago ere esango dizu adiskideak. Berehala aipatuko dizu Halloween delakoa. Eta sutan hasiko zaizu horren gain-azpiak jorratzen. Beti amerikanoen mende, noiz eta jai hori berez europarra denean, zelta jatorriz eta europar bihurtua! Gurea! Hain zuzen, uda agurtzeko eta neguari ongi-etorria egiteko gure aurrekoek egiten zuten jaia.
Ez omen dakigu zenbat egun iraungo zuen jaiak, baina azaroaren lehen egunak ere hartuko zituen, noski. Gero, kristautasunak bere egutegia egin zuenean, gaurko egunez Simon eta Juda santuen jaia jarri; eta azaroaren lehen egunean, santu guztiena; eta bigarrenean, arimen eguna. Eta geroago europarrek, Ameriketara joan zirenean, berekin eraman jaia ere. Eta orain, azken urteotan, handik hona etorri, amerikar kutsuz desitxuratuta. Eta gu, txoro-txoro, haien doinuan dantzan, janzkera arrotzak soinean.
Joxe Ramon adiskidea sutsua da, baina aldi berean zuhurra. Eta, esan beharrekoak esanda gero, geure eskuetan utziko digu gaia jorratzea. Ez da zaila, eskueran daukagun informazio pilarekin. Ori bai, azken aholkua emango digu adiskideak: argi urrutiko intxaurrekin.
Kontuak kontu, zein distiratsu jaikitzen den gure esaera zaharra, testuinguru zabal horretan. Ekaitzak zutik utzitako azken zutabea dirudi, itsasargia oraindik keinuka. Zein sotila den bere soiltasunean. Zein gurea, denona izanik.
Orain, geure esku dago erabakitzea dantza, dantza-jantzia eta dantza-laguna. Ni, mozorrorik gabe joango naiz dantza eske. Ez ahal didate kalabazarik emango; ez Halloween markakorik, behintzat. Izan ere, otar txikitan ikusiak ditut salgai hipermerkatu batean, 3,75 eurotan, instrukzio eta guzti: nola hustu, nola egin begiak, sudurra eta ahoa, nola piztu kandela barruan. Joxe Ramonek arrazoi: hobe, aukeran, etxeko intxaurrak.