Tipula
Tipularen antza dute gure istorioek: zenbat eta gehiago zuritu, hainbat eta gehiago aurkituko duzu
Atzo ospatu genuen Emakumearen Nazioarteko Eguna. Datorren urtetik aurrera, beste egunen batean izan omen daiteke. Oraindik ikusteko dago noiz. Ez dago erraza asmatzen. Beti izango ... da konforme ez dagoenik. Iritziak iritzi, izango ahal gara datorren urtean ere Emakumearen Egun bakarra ospatzeko gauza.
Emakumearen gaia entzuten dudan bakoitzean, tabernako pasadizo hura etorri ohi zait gogora. Duela hogeita hamarren bat urte, zerbait hartuz berriketan ari ginela, emakumeen gaia atera, eta tipularen adibidea baliatu zuen gutako zaharrenak. Tipula bezalakoak dituk emakumeak: azala kendu eta azala kendu, eta azkenean ezer ez.
Ez dut gogoan nola erreakzionatu genuen. Barrez, seguruen. Baina ez zion grazia zipitzik egingo, noski, taldeko emakumezko bakarrari. Nahiz eta inolako garrantzirik eman ez ateraldi hari, uste baino eragin handiagoa izan du nigan. Askotan etorri ohi zait gogora, hogeita hamar hauetan. Harik eta...
Harik eta iaz, ekainaren 18ko 'Mujer hoy' astekarian, tipularen irudia zerabilen esaldi batekin topo egin nuen arte. Victoria Alonsoren hitzak ziren, kazetariak egindako galdera bati erantzunez. Argentinan, La Platan, jaioa da Victoria 1965ean, eta ia berrogei urte daramatza Estatu Batuetan, Hollywooden lanean, Marvel Estudioen buru, arrakasta handiko filmak atera eta atera.
Aldizkarian, Victoriaren bi esaldi bereizi zituzten. «Denbora askoan, gehiegian, neu izan nintzen hemengo emakumezko bakarra eta ez dut inolako gogorik hala izaten jarraitzeko. Emakumezko guztiok egon behar dugu hemen». Eta «ez dut eskatzen toleratu eta normaliza nazatela. Ez naiz anormala, gay izateagatik. Lehen lotsatu eta min ematen zidana, gaur agerian jartzen da».
Hala ere, tipularen esaldia jaso nuen niretzat. Zegoen-zegoenean emango dut, itzuli gabe, argentinarren erdaran: «Vivir es perder y también ganar, que es lo que está siempre en nuestras películas. Cada historia nuestra es como una cebolla: cuanto más la 'pelás', más 'encontrás'».
Geroztik, sarritan etorri ohi zaizkit gogora hitz horiek. Bai istorio eder bat irakurri edo ikusten dudanean, bai emakumearen gaia hizketara etorri ohi denean. Zenbat eta gehiago zuritu, hainbat eta gehiago aurkituko duzu.
Zalantzak zalantza, bagoaz aurrera, eztabaida eta baitabaida guztien gainetik. Datorren urtean ere ospatuko ahal dugu Emakumearen Nazioarteko Eguna. Eta bakarra izango ahal da!
¿Tienes una suscripción? Inicia sesión